Gomazko pilotak

Eusko Legebiltzarrak ez du nahi pilotakadarik

Aldeko 53 botorekin aurrera atera da PSE-EEk eta UPDk Jaurlaritzari gomazko pilotak ez erabiltzea eskatzeko adostu duten erdibideko zuzenketa. Material horren erabilera debekatzeko EH Bilduk aurkezturiko legez besteko proposamenak ez du nahiko botorik jaso. 

Manu Cabacas eta Fina Liceranzu, Iñigo Cabacasen gurasoak; Xabier Irazusta, Rosa Zarraren alarguna; Mikel Quintela; eta Joseba Nafarrate, Xuban Nafarrateren aita. Gomazko piloten biktimak edo biktimen senideak dira guztiak. LUIS JAUREGIALTZO, ARGAZKI PRESS
Ainhoa Oiartzabal Azketa.
2015eko apirilaren 16a
07:37
Entzun

PSE-EEk eta UPDk bat egin eta erdibideko zuzenketa aurkeztu dute gomazko pilotak ez erabiltzea eskatzeko. PPk eta EAJk aldeko botoa eman diote proposamen horri, eta hala, aldeko 53 botorekin eta kontrako 19rekin, aurrera atera da proposamena. Horrenbestez,  Eusko Jaurlaritzari eskatu dio Legebiltzarrak ez ditzala gomazko pilotak erabili.

Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak kritikatu egin du PSE-EEren zuzenketa, ez baitu debeku hitza jasotzen, eta beraz, zuzenketa aurrera ateratzen bada ere, gomazko pilotak erabiltzen jarraituko dela uste du. "Gaur ez da ezer aldatu".

EH Bilduren legez besteko proposamenaren harira eztabaidatu dute gomazko piloten erabileraz Eusko Legebiltzarrean. Material hori debekatzea eskatzen zuen EH Bilduk; aldeko 19 boto eta kontrako 53 jaso ditu proposamenak. Hain zuzen, gomazko pilotek kaltetutako hainbat herritarrek "betiko debekatzea eskatzeko" galdegin zieten atzo legebiltzarkideei.

2012ko eskaera bera

Zuzenketaren proposamenean "debeku" hitza ez jaso arren, Miren Gallastegi PSE-EEko legebiltzarkidak EH Bilduri erantzun dio gomazko pilotak "baztertzea, murriztea eta ordezkatzea" eskatzen dutela, "finean, desagertzea". 2012ean Eusko Legebiltzarrak harturiko erabakiari egin dio erreferentzia Gallastegik, eta orduan gomazko pilotak "pixkanaka" erabiltzen uztea adostu zutela. 

EAJko legebiltzarkide Joseba Zorrillak ere duela hiru urteko proposamena izan du hizpide beren zuzenketa atzera bota eta PSE-EE eta UPDrena babestuko dutela argudiatzeko. 

2012ko ekainean gomazko piloten erabilera "mugatzeko" eskatu zion Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari. EAk aurkeztutako proposamena atzera bota zuten PSE-EEk eta PPk, eta sozialistek aurrera atera zuten eurena. EAk eskatu zuen gomazko pilotak berehala debekatzeko. Proposamen horrek EAJko legebiltzarkideen botoak jaso bazituen ere, ez zuen nahikoa babes lortu aurrera egiteko. Mikel Martinez EAJko legebiltzarkideak azaldu zuen debekuaren alde zeudela, aurreko urteetan ez bezala "une horretan" materialaren aldaketa egin zitekeelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.