Mundua

700 etorkin galdu dira Mediterraneoan, Italiako kostatik gertu

Bart urperatu da etorkinen itsasontzia, Libiatik Italiara zihoazela; 28 lagun erreskatatu dituzte bizirik. Orain arte, 24 hilotz atera dituzte itsasotik. Aste honetan 10.000 lagunetik gora erreskatatu dituzte Italiako kostazainek. Urtearen hasieratik, ia 1.000 lagun baino gehiago bidean hil direla uste da.

Italiako kostazainek etorkinak erreskatatzeko lanetan ateratako argazkia. GUARDIA DI FINANZA / HANDOUT
Ainhoa Oiartzabal Azketa.
2015eko apirilaren 19a
20:46
Entzun

Afrikatik irten eta Europako kostara iritsi nahian gertatu den ezbehar larrienetakoa da. Aspaldiko migratzaile uholde handienari aurre egin behar izan dio Italiak aste honetan. Bost egunean, iragan larunbatetik asteazkenera, 10.000 lagunetik gora erreskatatu dituzte Italiako kostazainek. Urtea hasi denez gerotzik, ia 1.000 lagun baino gehiago bidean hil direla uste da, Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren datuen arabera.

Italiako Lampedusako kostatik 200 kilometrora izan da ezbeharra. Matteo Renzi Italiako lehen ministroak esan du ezin dela zehaztu zenbat hildako izan diren, eta etorkinekin "dirua egiten duten mafiei" egotzi die ezbehararren ardura. Europako Batasunari erreferentzia eginez, afera honen aurrean Italia "bakarrik" uzten dutela deitoratu du. Horregatik eskatu du Europako goi bilera migranteen uholdeaz jarduteko. Bihar bertan Luxenburgon bilduko dira Europako atzerri ministroak.

Europako diplomazia arduradun Federica Mogherinik ere hitz egin du gaurko ezbeharraz: "Bada garaia EBk tragedia hauei hel diezaien behingoz".

Etenik gabeko tragedia

Joan den astelehenean, Libiatik irten ziren 550 etorkinetatik 400 galdu ziren itsasoan itsasontzia urperatu eta gero. Italiako kostazainek 114 lagun erreskatatu zituzten bizirik. Save The Children erakundeak esan zuen adingabeko asko zeudela desagertuen artean.

Iaz, 3.000 lagun baino gehiago galdu ziren Mediterraneoko uretan. Beste ia 200.000 lagunek erdietsi zuten Europara bizirik iristea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.