Politika

Jaurlaritzak ez du aurkeztu administrazio publikoaren lege proposamena

Josu Erkorekak salatu du oposizioak "hauteskunde interesengatik" betoa jarri diola proposamenari. Oposizioko alderdiek, berriz, akordioak lortzeko borondaterik ez izatea leporatu diote Jaurlaritzari. 

Josu Erkoreka eta Iñigo Urkullu lehendakaria Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ, ARGAZKI PRESS
Ainhoa Oiartzabal Azketa.
2015eko apirilaren 23a
14:09
Entzun

Eusko Jaurlaritzak ez du Eusko Legebiltzarrera eraman administrazio publikoaren lege egitasmoa. Osoko zuzenketak aurkeztu behar zizkioten gaur lege proposamenari EH Bildu, PSE-EE eta UPD alderdiek; PPk soilik ez zuen egingo kontra. Ondorioz, Jaurlaritzak ez zukeen nahikoa babes lortuko.

Josu Erkoreka Jaurlaritzaren bozeramaileak EH Bildu, PSE-EE eta UPD alderdiei proposamenari "betoa jartzea" egotzi die: "Jaurlaritza ahultzeko beste ahalegin bat da, hauteskunde interesei begira".

Erkorekak nabarmendu du 300 zuzenketa partzialetako asko onartzeko prest zegoela Jaurlaritza. Ez du alderdiaren izenik aipatu, baina zehaztu du oposizioko alderdi batek aurkezturiko zuzenketa partzial guztiak onartzeko prest zeudela.

Akordiorako borondaterik ez

Eusko Legebiltzarreko eztabaidan, Joseba Egibarrek zehaztu du EH Bilduri eskaini ziotela haren zuzenketa partzial guztiak onartzea; koalizioak ukatu egin du, eta EAJk akordiorako borondaterik ez zuela azpimarratu du. Unai Urruzuno legebiltzarkidearen arabera, "zentzugabea" da oposizioari eztabaida saihestea leporatzea, "Jaurlaritza bera izan denean lege proiektua erretiratu duena, osoko zuzenketei buruzko eztabaida galarazteko”. Haren esanetan, “Urkulluk eta Erkorekak desadostasuna eta betoa nahasten dituzte".

PSE-EEk ere akordiorako borondate falta kritikatu du. Jose Antonio Pastorrek gogorarazi dio EAJri Jaurlaritzan gutxiengoan gobernatzen duela, eta, beraz, akordioak lortu behar dituela.  "Proposamen txarra zen, ordea". Arduragabe eta prepotentziaz jokatzea egotzi dio Jaularitzari. 

PPk eta UPDk ere Jaurlaritzaren jarrera itxia kritikatu dute.

Beste proposamen bat, aurten

Erkorekak azaldu du urte honetan bertan beste lege egitasmo bat egingo duela Jaurlaritzak, egun administrazio publikoan dagoen "gabezia" betetzeko asmoz. Horrela, erakundeen funtzionamendua "modernizatzea" lortu nahi dutela azpimarratu du.

Lege egitasmo hori oposizioaren zuzenketak aintzat hartuta idatziko dutela ere esan du. Besteak beste, terminologia aldatzea edota legea atalka ez baizik eta testu bakarrean idaztea onartzeko prest  dago Jaurlaritza. 

Atzera bota duten egitasmoak, besteak beste, Gardentasunaren Euskal Agentzia sortzea proposatzen zuen.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.