IMMIGRAZIOA

'Triton operazioa' indartuko du Europako Batasunak

Batzarra egin dute Europako Batasuneko estatuetako ordezkariek. Baliabide ekonomikoak hirukoiztuko dituzte, baina Europako Batzordeak hartu beharko ditu immigrazio politikari buruzko neurri zehatzak. Igandean Mediterraneoan ia mila lagun hil ondoren egin dute bilkura.

Matteo Renzi, Angela Merkel, Francois Hollande eta David Cameron. MMANUEL DUNAND / EFE
2015eko apirilaren 23a
17:46
Entzun

Minutuko isilunearekin ekin diote goi bilerari Europako Batasuneko estatuetako ordezkariek. Bertan erabaki dute Triton operazioa indartzea, aurrekontua hiru bider handituta; hiru milioi euroko aurrekontua du egun operazioak, eta bederatzira igoko dute; hain zuzen, Mare Nostrum operazioak zuen berera. Mare Nostrum Italiak egindako operazio bat izan zen, 2013ko urritik iazko urrira artekoa, eta ondoren jarri zuten indarrean Triton.

Hala ere, estatuetako ordezkariek Europako Batzordearen esku utzi dute immigrazio politikari buruz neurriak hartzeko ardura. Epe bat jarri diote horretarako: maiatzaren 13a. Gainera, Federica Mogherini EBko Atzerri Politikako ordezkariari eskatu diote azter ditzala mafiek erabilitako ontziak atzeman eta deuseztea helburu lukeen misio bat abiatzeko aukerak.

Halaber, proiektu pilotu bat abiatuko dute babes eskubidea duten immigranteak birkokatzeko, Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak jakinarazi duenez. Gehienera 5.000 immigranteri eman nahi zieten babesa, baina behin betiko dokumentuan muga hori ez dute jarri: "Ez zuen zentzurik".

Hasi aurretik, Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak hartu du hitza: "Europako Batasuna ez da arduraduna, baina badagokio rol bat  egoera egonkortzen eta jende gehiago hil dadin saihesten".

Tusken esanetan, immigrazioarena "Europako arazoa" da, "ez soilik Europa hegoaldeko herrialdeena". Ardura "komuna" dutelakoan, goi bilerako partaideei eskatu die "ahalegin guztiak" mobiliza ditzatela. Mogherinik, berriz, espero du EBk erantzun "zehatza" ematea immigrazioari: "Jendea, giza eskubideak eta segurtasuna babestea da kontua".

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak erantzun "bateratua" bilatzearen garrantzia azpimarratu du, eta Francois Hollande Frantziako presidenteak nabarmendu du "baliabideak" indartu behar direla itsasoan.

Immigrazio politikak berrikusteko presioa handitu zaio EB Europako Batasunari, asteburuan Mediterraneoan gertatutako azken tragedia handiaren ondoren. Igandean, 700 eta 950 lagun artean zeramatzan ontzi bat hondoratu zen Libiako kostatik 130 kilometrora, eta astebetean milatik gora dira Mediterraneoa zeharkatu nahian hildakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.