Erresuma Batuko hauteskundeak

Kontserbadoreek gehiengo osoa eskuratu dute, eta SNPk Eskoziako ia ordezkari guztiak

Alderdi Kontserbadoreak gehiengo osoa izango du Westminsterren. David Cameron lehen ministroaren alderdiak 331 ordezkari izango ditu (+24). Ed Millibandek gidatzen duen Alderdi Laboristak, berriz, 232 lortu ditu (-26). SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak oso emaitza onak lortu ditu; Eskoziari dagozkion 59 eserlekuetatik 56 lortu ditu, lehen baino 50 gehiago. 

David Cameron, gaur, garaipen keinua egiten. FACUNDO ARRIZABALAGA, EFE
Ainhoa Oiartzabal Azketa.
2015eko maiatzaren 8a
11:27
Entzun

David Cameron lehen ministroaren Alderdi Kontserbadoreak iragarpen guztiak hautsi eta gehiengo osoa eskuratu du Erresuma Batuko hauteskundeetan. 650 ordezkariko parlamentuan 331 eserleku izango dituzte tory-ek. Haren lehiakide nagusi Ed Millibanden Alderdi Laboristak, berriz, 232. Cameron eroso gobernatzeko moduan da datozen bost urteetan, azkenekoa izango duen agintaldian. Erresuma Batuko erreginarekin bildu ostean, 2017an Europako Batasunari buruzko erreferenduma egin egingo duela agindu du Cameronek, eta bere gobernuko lau ministro karguan berretsi ditu: George Osborne (Ekonomia), Theresa May (Barne Saila), Michael Fallon (Defentsa) eta Philip Hammond (Atzerria).

Bereziki nabarmentzekoa da SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak oso emaitza onak lortu dituela, Eskoziari dagozkion 59 eserlekuetatik 56 lortu baititu: lehen zituenak baino 50 gehiago. Bere garaipena laboristen porrota bilakatu da. Izan ere, Ed Millibanden alderdiak han boto dezente eskuratu izan ditu aurreko hauteskundeetan. 

Bestalde, Alderdi Liberal-dekomokrata izan da galtzaile nagusia; 46 eserleku galdu eta 8 diputaturekin gelditu baita.

Dimisioak

Emaitza hauek ez direla eurek esperotakoak aitortu du Ed Millibandek: "Gau luze eta etsigarria izan da". Alderdiko buruzagitzan dimisioa eman du lider laboristak, eta Eskozian izaniko emaitza txarrak nabarmendu ditu batik bat. Liberal-demokraten buru Nick Cleggek eta UKIP eskuin muturreko alderdiko lider Nigel Faragek ere dimititu egin dute.

David Cameronek jada hitz egin du, eta esan du "guztientzat" gobernatuko duela datozen bost urteetan. Halaber, "erantzunkizuna berreskuratu" eta Erresuma Batuaren "nazioa" defendatzeko deia egin du. Halaber, Gales eta Eskoziarako transferentziak iragarri ditu. Europako Batasunari buruzko erreferendumari eutsi egingo diola ere esan du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.