KOMUNIKAZIOA
Legebiltzarrak batzorde berezi bat sortuko du, EITBren erreformaren oinarriak erabakitzeko
PSE-EE eta EH Bilduren aldeko botoekin atera da proposamena; PP eta UPD abstenitu egin dira, eta EAJk kontra bozkatu du.

Eusko Legebiltzarrak onartu du Euskal Herriko Unibertsitatearekin hitzarmen bat sinatzea, irrati-telebista publikoaren ereduaren definizioan lan egingo duen prozesu parte hartzaile bat diseina dezan. Halaber, batzorde berezi bat sortuko dute —EHUren metodologiari jarraituz—, EITBren erreformaren oinarriak erabakitzeko. 2016ko martxorako ondorioak aurkeztu beharko ditu batzorde horrek, ondoren erreformari aurre egin ahal izateko. Batzorde horretan ikus-entzunezko sektoreko adituek parte hartuko dute.
PSE-EEren proposamena da batzorde berezia sortzea. EH Bilduk EHUren hitzarmena sartu zuen zuzenketan, eta azkenean erdibideko zuzenketa adostu zuten atzo bi taldeek. Mikel Unzalu PSE-EEko legebiltzarkideak gogorarazi du 32 urte direla EITB sortu zela, eta urteotan ez dela ereduaren inguruko erreforma integralik izan.
EAJk proposatu zuen EITBko zuzendaritzak aurre egitea etorkizuneko erronkei, "egungo plan estrategikoaren barne"; PP ados azaldu zen batzorde berezia sortzeko proposamenarekin, baina abstenitu egin zen, ez duelako uste metodologia EHUk finkatu behar duenik.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.