Albistea entzun

Haustura hidraulikoa

'Fracking' egitasmoak bost urtez atzeratzeko prest agertu da EAJ

Haustura hidraulikoa debekatzeko lehen pausotzat hartu du erabakia Fracking Ez taldeak.

Fracking Ez plataformak herri ekinbide legegilea aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarrean, frackingari buruz; 100.000 sinadurak eman zituen Legebiltzarrera./
Fracking Ez plataformak herri ekinbide legegilea aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarrean, frackingari buruz; 100.000 sinadurak eman zituen Legebiltzarrera./ Raul Bogajo/Argazki Press

Asier Garcia Uribarri -

2015eko maiatzak 18

Bost urteko atzerapena. Erabaki hori hartu du EAJk haustura hidraulikoaren inguruan. Atzo bukatu zen fracking-a debekatzeko Eusko Legebiltzarrean eztabaidagai dagoen herri ekinbide legegileari zuzenketak jartzeko epea. EH Bilduk, PSE-EEk eta UPDk ostiralean aurkeztu zituzten eurenak, eta EAJk igandean eman zuen bere asmoen berri.

Berez, fracking-a debekatzearen aurka daude jeltzaleak, baina proposatu dute halako teknikarik ez erabiltzea Araba, Bizkai eta Gipuzkoan datozen bost urteetan. Bi puntu dituzte EAJren zuzenketek: legezkotasunaren eta arduraren printzipioak. Lehenaren arabera, jeltzaleek uste dute saihestu egin behar dela Espainiako Gobernuak helegitea jartzea legebiltzarrak onartutako legeari —hala jardun du Nafarroako arauarekin—. Horretarako, EAJk uste du luzapena jar dakiekeela gasa ikertzeko eta ustiatzeko egitasmoei, Eusko Jaurlaritzak dituen ingurumen eskumenak erabiliz.

Arduraren printzipioari dagokionez, berriz, jeltzaleek aitortu dute «susmo arrazoituak» daudela pentsatzeko fracking-a arriskutsua izan daitekeela osasunarentzat eta ingurumenarentzat. Halere, erantsi dute ez dagoela arrisku horren inguruko «froga zientifiko irmorik».

Mikel Otero Fracking Ez taldeko kideak atzo adierazi zuenez, horrek erakusten du haustura hidraulikoaren inguruko erabakia EAEn har daitekeela, «legebiltzarrak hala agintzen badu». Teknika hori debekatzeko «lehen pauso gisa» hartu ditu EAJren zuzenketak. Hala ere, hemendik aurrera beste hainbat urrats egitera deitu ditu alderdi politikoak, EAJ bereziki.

Alde horretatik, auzi batzuk argitzea galdegin du. Zehazki, zer gertatuko den SHESA EAEko hidrokarburoen sozietateak fracking-a erabiltzeko jasotzen duen diru publikoarekin, baita Gasteizko Enara I eta II putzuekin ere. Izan ere, Araban egin beharreko bi putzu horiek ikertzeko lege baimenak jasotzeko epeak ez ditu bete Jaurlaritzak. Gainera, SHESAk kontrolatzen ez dituen beste putzuekin ere zer gertatuko den galdetu du Fracking Ez taldeak. Horrekin batera, Oterok EAJri galdetu dio zer jarrera izango duen SHESAk Burgosen (Espainia) ikertzeko baimena duen putzuarekin. «Ez da koherentea EAEn atzerapena eskatzea eta Burgosen fracking-arekin aurrera jarraitzea».

Oro har, Oterok ontzat jo ditu herri ekinbideak jasotako zuzenketak. «Legea aurkeztu genuenean, argi genuen ez zela aterako guk aurkeztu bezala. Baina pentsatzen genuen legezko moduren bat aurkituko zutela fracking-ari trabak jartzeko, eta uste dugu alderdien zuzenketak zentzu horretan doazela».

Alderdien zuzenketak

PPk izan ezik, legebiltzarreko talde politiko guztiek jarri dizkiote zuzenketak fracking-aren ekinbide legegileari. Hala ere, zuzenketa guztiak ez dira berdinak. EH Bildu eta PSErenek haustura hidraulikoa betiko gelditzeko aukera aintzat hartzen dute, baina EAJrenak atzerapenaren bidean doaz.

Era berean, lurzoruaren eta uraren legeak aldatzeko asmoa agertu du EH Bilduk: haustura hidraulikoaren bitartez horiei kalte egiteko aukerarik balego, teknika debekatzea ekarriko luke moldaketa horrek. Hidrokarburoak ustiatzeko haustura hidraulikoa erabiltzea jasotzen duen edozein planek ingurumen ebaluazio estrategikoak nahitaez edukitzea ere nahi du.

PSEk, berriz, fracking-a zuzenean debekatzeko eskatzen duen artikulua lege proposamenetik ezabatzeko eskatu du. Hala ere, haustura hidraulikoa debekatzea galdegin du, baldin eta eskualdeko ingurumen, paisaia eta ezaugarri geologikoak eta ekonomikoei kalte egiten badie.

UPDk, berriz, uste du lege neurriak hartu behar direla ikerketa eta ustiaketak ahalik eta kalte txikiena egin dezan ingurumenean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.