#SFK15

Bizkortasunaren marka hautsiz

Zortzi entzierroetatik batek berak ere ez ditu hiru minutuak gainditu. 2 minutu eta 5 segundoan egin dute zortzigarrena eta azkena Miura ganadutegiko zezenek.

Estafeta kalearen irudi bat, zazpigarren entzierroan. JON URBE / ARGAZKI PRESS
Jone Amonarriz.
2015eko uztailaren 14a
09:55
Entzun

Hogeita hamar urteetako marka guztiak gainditu ditu Miura ganadutegiak; 2 minutu eta 5 segundo besterik ez du iraun azken entzierroak. 1970etik ez du inoiz hutsik egin, eta orotara 59 zezenketa eskaini ditu Nafarroako hiriburuan. Azkarrak izan ohi dira normalean Miurakoak, baina aurten 70eko hamarkadaz geroztik egindako lasterketarik azkarrena osatu dute. Zaurituei dagokienez ere garbia izan da entzierroa: ez da adarkadarik izan.

Garcigrandekoak hurbildu dira gehien marka horretara: 2 minutu eta 12 segundoan egin zituzten 849 metroak. Tajo y La Reina etxeko zezenak ere bizkorrak izan dira: 2 minutu eta 14 segundoan egin zuten ibilbidea.

Emaitza horiek aldrebesten dituena uztailaren 11koa izan zen; lehen aldiz parte hartu zuen Jose Escolar ganadutegiaren entzierroa, hain zuzen. Ordura arte ikusi gabeko irudia utzi zuen. Zezen bat, San Domingoko aldapara iritsi bezain pronto, ukuiluetara itzuli eta lasterketan parte hartu gabe geratu zen. Ondorioz, kamioian eraman behar izan zuten zezen plazara. Egun berean, lau adarkada egon ziren, eta entzierroa egin zuten lau zezenek 2 minutu eta 44 segundo behar izan zituzten zezen plazara iristeko.

Gainerako entzierroak 2 minutu eta 30 segundoren bueltan ibili dira: Jandillak, hilaren 7an, 2 minutu eta 24 segundo iraun zuen;  Victoriano del Ríok, hirugarren egunean, 2 minutu eta 33 segundo; Fuente Ymbrok, uztailaren 10ean, 2 minutu eta 24 segundo, eta Conde de la Maza ganadutegiak, hilaren 12an, 2 minutu eta 27 segundo.

Iruñeko Udalaren webgunearen arabera, entzierroen batez besteko iraupen historikoa 3 minutu eta 55 segundokoa da, zezenaren abiadura orduko 24 kilometrokoa delarik. Guztira hamar lagun izan dira adarkadaz zaurituak, pasa den urtean baina bi gehiago.

Entzierrorik luzeenak, 30 minutu
Historiako entzierrorik luzeena izan zen 1959ko uztailaren 11koa. 30 minutu iraun zuen. Zezen bat atzean geratu zen, eta zakur bat behar izan zuten, zezenari kosk egin eta ukuiluetara eraman ahal izateko. Bestalde, entzierrorik bizkorrena 1976ko uztailaren 14koa izan zen, Torrestrellako zezenek egindakoa. Minutu 1 eta 49 segundo iraun zuen.

2015eko sanferminetako entzierro guztiak daude ikusgai atal berezian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.