Albistea entzun

Margaret Bullen

"Gizartean gertatzen denaren isla da jaietan gertatzen dena"

Urteak daramatza Euskal Herriko jaiei so Bullen antropologoak, eta tradizio horien muinean usu dauden genero bereizkeriak agerian uztera jo behar dela adierazi du.

Irun eta Hondarribiko alardeen gaia bereziki jorratu du Margaret Bullen antropologoak.
Irun eta Hondarribiko alardeen gaia bereziki jorratu du Margaret Bullen antropologoak. Jon Urbe/ Argazki Press

Arantxa Iraola -

2015eko abuztuak 1

Tradizio itsuak edota desberdinkeriaren ikusezintasun errituala hitzaldia eman zuen uztailean UEU Udako Euskal Unibertsitatearen udako ikastaroetan Eibarren (Gipuzkoa) Margaret Bullen antropologoak. Ingalaterran sortu zen, 1964an, urte ugari daramatza Euskal Herrian, eta ezagun egin da, batez ere, euskal tradizioen inguruan egindako hainbat ikerketarengatik, generoaren gaia presente izanda, betiere. Barru-barrutik hitz egin dezake, gainera, gaiaz; Irun eta Hondarribiko alardeak (Gipuzkoa) ikertzeagatik egin zen lehenbizi ezagun, eta badira hiru urte bera ere Irungo alardean irteten dela, desfile parekidean. Jaiaz gozatzen saiatzen da, baina ezin izaten du guztiz erantzi antropologoaren begirada. «Behatzen egoten naiz usu». Aztertzen: ezkutuan dagoena ere ikusten ahalegintzeko. Hiru semeekin eta bikotekidearekin parte hartzen du desfilean, eta mingarria egiten zaio oraindik ere bizkarra ematen dutenen jarrera: «Gizarte misto batean bizi gara. Ez al da ederra denak batera goazela ikustea?».

Jai ereduak genero ikuspegitik: begirada antropologiko bat Euskal Herriko errealitateari ikastaroaren sarrera hitzaldia eman zenuen. Zertan aldatzen da jai eremuetako giroa generoarekin lotutako hainbat desberdintasuni ez erreparatzeko?

Jai eremuetan, errituaren bidez, errealitatea aldatu egiten da; beste denbora batean sartzen gara. Hori gertatzen da, esaterako, alarderako uniformea janztean, edota inauteritan mozorrotzen garenean... Hori egitearekin batera, beste denbora batean sartzen gara, bai eta beste espazio batean ere. Guretzat, horiek antropologiako gako garrantzitsuak dira. Baina jaietan egoteak, beste espazio eta denbora batean egoteak, ez du esan nahi gizartean ditugun egitura eta arauak utzi ditugunik. Egitura ez da berez aldatzen, eta jaietan gertatzen dena da gure gizartean gertatzen denaren isla.

Jai, tradizio eta errituek indar handia dute. Begiak busti-busti eginda ikusten ditu askotan jendeak. Non txertatzen dira emozioak horretan guztian?

Emozioak ere txertatu behar dira horretan, bai, jakina. Baina ulertu behar dugu emozioak ere ikasiak direla. Ez da, berez, naturala une jakin batean negar egiteko gogoa izatea, edo hotzikara bat sentitzea... Horiek ikasitako gauzak dira. Usu esaten da tradizioen inguruan bihotz-bihotzeko gauzak direla, ezin direla arrazoitu edo kontrolatu. Eta ulertu behar dugu emozio horiek garrantzitsuak direla, baina beste gauza guztiak bezala gizakiok ikasitakoak direla, eta guk erabakitzen ditugula. Jendeak esaten du askotan ezin duela esplikatu zer sentitzen duen jai baten aurrean... Baina antropologian gure argudioa da emozioak ere eraikita daudela.

Ekainean izan zen Irungo alardea. Alarde jendetsuena baztertzailea izan zen berriro, andreak desfilean onartzen ez dituena. Espaloian izan zuten milaka andrazkok tokia: gizonei bibaka. Kosta egiten da sinestea emakume horiek guztiek gizonen mende egotea nahi dutela...

Urrezko galdera horixe da; nola uler daiteke emakume batzuk besteen kontra egotea? Horretarako egiten dena da alardea banandu, bereizi; alde batean eguneroko bizitza dago, bestean, alardea. Emakumezko horiek diote jaiak mundu sinbolikoa direla, eta ez dutela zerikusirik eguneroko bizitzarekin. Ulertu dute modu parekide batean banatu behar direla lan mundua, etxeko lanak eta abar, baina andre eta gizonek ezberdinak izaten jarraitu behar dutela diote, eta emakume izaten jarraitu nahi dutela beraiek; emakume, gizarteak ezarri duen ereduan. Espaloietan txaloka ari diren andreak izan nahi dute, edo alardean kantinerak islatzen duen andre eredua: ederra, txeratsua, familiari ohorea ematen diona... Ez dute nahi berdinak izatea: emakumeak emakume izatea nahi dute, gizonak gizon. Beraz, sistemak ahalbidetzen du aldaketa batzuk martxan jartzea "lan banaketa egitea, soldata berdintasuna bilatzea, indarkeriaren kontra egitea...", baina bestelakoa da balioak aldatzea; egitura sakonak dira, eta horiek zailagoak izaten dira aldatzen. Oso makineria konplexua da ulertzeko, bere ederrean eta zailean.

Alardea aparteko mundu bat dela argudiatzen dute. Baina, zuk diozunaren arabera, ez da hain apartekoa ere, ezta?

Ez dago aparte. Esate baterako, botere taldeak eta instituzioak hor daude, eta horiek erritu horren inguruan egiten dutenak edo ez dutenak eragina du. Hezkuntza sistemak ere zerbait izan behar luke esateko, baina apenas jorratu duen gaia urte hauetan. Eta gauza horiek guztiak jaietan geratzen dira: eragina dute.

Kosta egiten da ulertzea. Zergatik izan da Irunen eta Hondarribian halako herra gai horrekin?

Hasieratik mahai gainean izan dugu galdera hori. Batetik, uste dugu garaiak eragina izan zuela; ez zela oso ona aldaketa egiteko. Donostiako danborradan emakumeak aldaketa proposatzen hasi ziren, esaterako, Franco hil osteko urteetan, eta bazegoen halako aldaketaren aldeko giro bat. Baina 90eko hamarkadan bestelakoa zen giroa. Teresa del Valle antropologoak esana da, halaber, gatazkak lotura izan zuela mugekin; mugak desagertzen ari ziren garai hartan, eta bi udalerri horietako identitatea ikusten zen mehatxupean. Nolabait ere, segurtasun faltako aro bat zen, zeinean jendeak sentitu zuen helduleku gabe geratzen ari zela. Irunen eta Hondarribian, gainera, alardea da jaiaren ardatza; desfileen inguruan ardazten dira bi jaiak, eta zailagoa da hor aldaketak egitea.

Andreak onartzen ez dituen desfilearen bultzatzaileek bilatu dituzte urteotan, hainbat ekintza andrazkoen presentzia handitzeko. Irunen, esaterako, suziak pizten dituzte alardearen aurreko egunean emakume eta haurrek, eta desfile bat egiten dute.

Baina egiten dute bezperan, periferian, isiltasunean... Hor uste dut oso modu grafikoan ikus daitekeela nola ulertzen duten andreen lekua jaietan. Izan ere, alarde parekidean aldarrikatzen dena da egun inportanteenean egotea, erdian egotea, antzezlanak eskatzen duen eran gizon jantzita egotea, eta boterea erakusten: zeren eta karguak-eta egoten dira, eta banatu egiten dira. Irunen eta Hondarribian kontatzen da beti sartu izan ohi zirela lehen ere alardeetan andrazkoak; baina isilik sartzen ziren, arreta deitu gabe. Aldiz, sartu nahi izan dutenean legez, jendaurrean, kolektiboki, orduan jaso dute ezezkoa.

Irabazitako batailak dira, zure ustez, Irun eta Hondarribikoak?

Pentsatu nahi dut baietz, baina luze doa... Hor ikusten da genero sistema oraindik erruz aldatu behar dela. Baina gizartea bezala, aldatuz doa eginiko esfortzuei esker, eta keinu politak badira: agerikoak. Gazte kuadrillak, esaterako, ez dira lehen bezala hausten kide bat alarde mistoan ateratzen delako: ikustera doaz

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Pablo Gonzalez kazetaria, atxilotua izan aurretik. ©BERRIA

Gonzalezek kartzelan segi dezala eskatu du fiskalak

Jone Arruabarrena

Fiskaltzak argudiatu du arriskua dagoela Pablo Gonzalez kazetariak ihes egiteko. Poloniako auzitegiak hilaren 23an aztertuko du eskaria
 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Etxeko bisita bakarra bulego bateko zazpi bisitaren baliokide da»

Oihane Puertas Ramirez

Gaur egungo psikiatriako arretako eredua aldatu eta etxez etxeko arreta sustatuko duen eredu bat proposatzen du Tizonek. Haren ustez, eredua eraginkorragoa, merkeagoa, gizatiarragoa eta demokratikoagoa da.
 ©Eider Eibar

Etorkizuneko ekotopia amestuz

Jone Arruabarrena

Etengabe ohartarazten ari dira hedabideak, baita planeta bera ere: klima larrialdia iritsi da. Baina norantz jo behar da krisi horretatik ateratzeko? Zein da helmuga? Gizakiak etengabeko hazkundearen logikari jarraituko ez dion mundu bat; ongizatearen pertzepzioa guztiz aldatuko dena: ekotopia.

Eider Eibarren ilustrazioa. ©

Etorkizuneko ekotopia amestuz

Jone Arruabarrena

Etengabe ohartarazten ari dira hedabideak, baita planeta bera ere: klima larrialdia iritsi da. Baina norantz jo behar da krisi horretatik ateratzeko? Zein da helmuga? Gizakiak etengabeko hazkundearen logikari jarraituko ez dion mundu bat; ongizatearen pertzepzioa guztiz aldatuko dena: ekotopia.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.