Ahomentan

Orainaldiaren iraganetik

Mahats aleak nola, memoria hala: alez ale hartu, zukutu, mamurtu eta irentsi. Ardo txarrak nola, ahanzturak hala: zurrutadaz zurrutada barrenak ozpindu. Julen Kalzadak nola, Joxe Mari Esparzak hala: iraganaren orainaldia aldarrikatu.

Julen Kalzada eta Jose Mari Esparzarekin, memoria historikoaz. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2015eko abuztuaren 17a
08:32
Entzun

Julen Kalzada Ugalderen 80 urteak, antiojo ilunak babes, eraikin gorri arteko plaza zeharkatzen. Eguerdi beteko eguzkia. Ardo zuria, gazta eta urdaiazpiko mokadua taberna atariko itzalgunean. “Non zaudete?”, Joxe Mari Esparza Zabalegi telefonotik galdezka. Berehala datorrela. Berehala etorri da. Eta bere etxera.

Mahatsondoko aleak ia erabat beteak paretaren kontra. Oliba platerkada bat. Ardo zuri galegoa. Kantoi batean, ate gainean, Franco diktadorearen buru zuri bat lepotik zintzarria duela. Eta hasi dira memoria aleak, ate-joka.

“Kontuan hartuko da ezin bortizkiago jardun behar dela etsaia ahalik eta azkarrena menderatzeko, hura indartsua eta ondo antolatua baita. Jakina, preso sartuko dira mugimenduarekin bat ez datozen alderdi politiko, elkarte eta sindikatuetako buruzagi guztiak, eta zigor zentzagarriak ezarriko zaizkie, matxinadak eta grebak itotzeko".
(Emilio Mola jeneralaren 1. agindu ezkutua, 1936ko maiatzaren 25ean)

Julen Kalzada: Gernika bonbardatu eta handik gutxira Bermeora frankistak igaro zirenean, gure herriko familia askok, ikaraturik, ihes egin zuten baserri eta etxeetatik —ni neu ere, urte bi egin gabe oraindik, eraman nindutela esaten zidaten—. Udalean aukeratuta egon zirenek ihes egin zuten —gure aitak eta bere koinatuak Deriora, han senideak baitzituzten—. Bermeora heldu zirenerako, frankistak jabetu ziren Busturiko Udalaz, eta berahala hasi ziren Molaren aginduak betetzen.

Joxe Mari Esparza: Nire familiakoak, aldiz, beste aldean geratu ziren, Nafarroan. Aitonak UGT ingurukoak ziren, baina gerrak zahar harrapatu zituen, eta gure aita, berriz, gazteegi, eta haren anaia bat karlistekin joan zen. Osaba bat, Benito Tudela Zabalegi, Gipuzkoa aldean ibiltzen zen, eta Larrañaga batailoian sartu zen. Harrapatu eta fusilatu egin zuten. Nire kasuan, bi aldeetakoak izan ziren. Horregatik esaten dut gerra zibila izan zela, nafarrak elkarren kontra aritu zirelako.

J.K.: Hori Nafarroatik kanpo ere gertatu zen. Bilbo erori zenean, ekainaren 19an, gure aita eta osabak etxera etorri ziren, beraiek ezer ez zutelako egin. EAJko zinegotzi izatea zen haien delitu bakarra. Etxera etorri zirenean, taldeko batek gure aitari esan omen zion: “Ez al zarete lar arin agertu?”. Gure aitak erantzun omen zion: “Guk ez dugu ezer txarrik egin”. Ekainaren 29an, baina, meza nagusitik irtetean, elizaren atarian guardia zibilak eta Busturiko bi nerabe omen zituen zain. Bi nerabeek esan omen zieten guardia zibilei gure aita zein zen, eta, atxilotuta, Bermeoko batzokira eraman omen zuten. Handik, Bilboko kartzelara. Busturian atxilotu zituzten bederatzi lagunetatik sei Derioko kanposantuan fusilatu zituzten. Tartean gure aita eta osaba. Busturian ere baziren frankistak, eskumatarrak.

J.M.E.: Nafarroan, sententziarekin, oso jende gutxi hil zuten. Eta 3.000tik gora pertsona dira hildakoak. Hor sartzen dira Ezkabako gotorlekukoak ere. Gure etxean hitz egiten zen gerrari buruz. Horregatik sortu zitzaidan kontzientzia, nik uste. Ezkertiarrak ziren. Ez ziren alderdikoak. Lau aitona-amonak ez ziren joaten sekula elizara, baina ez ziren kontra ere. Ni editore baldin banaiz, nire aitona-amonekin asko hitz egin nuelako naiz. Haiek hasi ziren kontatzen gerran hemen zer gertatu zen, nortzuk fusilatu zituzten. Ni harritzen nintzen esaten zidatenean halako emakumeri senarra hil ziotela, hango gizonari aita garbitu ziotela... Tafallan 40tik gora pertsona hil zituzten. Hortik hasi nintzen begiratzen, galdetzen, bilatzen eta herri aldizkari batean idazten horri buruz. 1970eko urteetan izan zen. Hala etorri zen nire lehendabiziko liburua, ahozko transmisio horrengatik. Eta editore bihurtu nintzen.

J.K.: Gure etxean aitari buruz ez da gauza handirik esan, ez dakit zergatik. Gero jakin izan ditut kontuok. Gehienera ere, gure abuela Erromualdak hitz egiten zuen. Hark beti esaten zuen Etxebarri Atzekook “fortunaren biharamunean jaioak” ginela. Izan ere, I. Mundu Gerran alemanek jaurtitako obusak hil zuen abuelaren suhi bat, Ingalaterratik Kubara zihoan ontzi bat jota. Horrela geratu zen Etxebarri Atze prakadunik gabe, gizonik gabe, eta seme gazteenari deitu zion Erromualdak, Doroteori, baserriaren buru egin zedin. Doroteo gure aita zen, eta hala etorri zen Kubatik. Handik gutxira ezkondu zen gure amarekin, alboko etxeko neskatila batekin —Leona zuen izena gure amak—. San Pedro egunean eraman zizkioten abuelari Doroteo semea, eta baita suhi bat ere, eta abuztuaren 5ean biak [eskuarekin egin du keinua, fusileko katua sakatzekoa], Bilboko kartzelan eduki ondoren.

J.M.E.: Hori 1937an?

J.K.: Bai.

J.M.E.: Nafarroan ere abuztua ikaragarria izan zen, baina urtebete lehenagokoa, 1936koa.

“Gure arbasoen Jainkoaganako maitasunak armak eskuan jarri du Espainia erdia, nahiz eta onartu badirela gerran motibo ez hain espiritualak; gorrotoak erabili ditu beste erdiaren armak, Jainkoaren kontra erabili ere [...] Konta ezazu zenbat milaka akabatu dituzten, doilorki, oraindik gorrien esku dauden lurretan. Horretan epela da zure katolizismoa, Agirre jauna”.
(Isidro Goma kardinal primatuak —Vatikanoaren ordezkari nagusia Espainian— 1937ko urtarrilean Jose Antonio Agirreri idatzitako gutun irekia)

J.K.: Gure aita-eta hil zituztenean, ez zieten utzi senideei elizan elizkizunak egiten, eta 30 urte egon ziren egin gabe. Ostera, eskolatik eroaten gintuzten gu elizara urtero, eta han bibaka eta “¡Caídos por Dios y por España, presentes!”-ka aritzen ginen. Meza entzun, eta mezaren ondoren halakoak egiten ziren. Haiei meza ematen utzi bakarrik ez, eskolatik eramaten gintuzten denok haiei gorazarre egitera. Ostera, gure aita hilari eta Derion fusilatu zituztenei halakorik egitea ez zuten utzi.

Eta Goma kardinala aspaldi hilda egon arren —Franco bezala—, oraindik asko ez dela, gerra hartan frankisten aldean hildako elizgizonak —uste dut mojarik ez zegoela— “beato” egin ditu aita santuak. Eta euren artean, Busturian jaiotakoak.

J.M.E.: Haiek irabazi zuten eta inposatu zuten eredu ekonomiko bat, eskuindar eta eliza mota bat. Baina badira bestelako irakurketak. Aitortu behar da abertzaletasunak ekarri zuela Euskal Herrira eskuindar izateko modu demokratiko bat, eta horren ondorio da EAJ eta, horren inguruan, eliza ez-faxista bat. Ezberdintasun hori gogoratu egin behar dugu. Espainiako gerra izan zen eskuinaren eta ezkerraren arteko borroka bat, baina Katalunian eta Euskal Herrian badu bestelako osagai bat, eta hori aitortu behar diogu beti EAJri. Batzuek esaten dute kasualitatez izan zela, baina estatu kolpea jo zutenean, gure Manuel Irujo Gipuzkoako gobernadorearengana joan zen, Errepublikaren alde zeudela esaten. Horrek meritu historikoa dauka. EAJri gauza asko esan ahal zaio, beraz, baina faxista denik ez. Hori Euskal Herriaren onerako da. Harro nago halako herri batean bizitzeaz. Hemengo karlismoa bera ere ez da faxista izan. Gerra irabazi zuten, eskuindar izaki Francoren alde egin zuten, baina faxismoarekin berehala apurtu zuten. Gerra bukatu bezain laster hasi ziren muturrekoka, eta banandu ziren. Oso adierazgarria da: hemen erreketeek irabazi zuten eta, aldi berean, desagertu ziren. Joan ziren etxera lotsatuta; ez zuten ezer esan nahi gerrari buruz, eta horren ondoren ikusi dugu: errekete gehien atera ziren herrietako askotan, ezker abertzaleak agintzen du egun.

J.K.: EAJrena esan duzunean, gogora etorri zait eskolan geundela, Axpen, beti kantatzen genuela “cara al sol con la camisa nueva...” [kantuan, ozen], baina eskola orduetatik kanpo mutil gazte batek erakusten zigula —luzetxoa da, baina entzungo duzue—, hauxe: “No canteís cara al sol por vuestro escudo,/ pues no llevaís la ley de Dios./ Su ley es piedad y misericordia,/ la vuestra ley feroz./ Si el gran partido nacionalista/ tuvo el error de unirse con los rojos,/ defendió su religión,/ dando culto y adoración./ Si tú crees que no es así,/ la sangre del fértil lo afirma así./ Volverán banderas euskotarras/ que aquí esperamos con amor/ ya que hoy los vascos sucumbidos/ bajo el yugo volverán. / Volverá a reír la primavera/ pues los vascos así lo esperan. /Gora Euskadi askatuta, /Jaungoikua eta Legezaharra!” [Cara al sol doinuarekin kantatu du, eta azken esaldian Esparza gehitu zaio].

J.M.E.: Aizu, grabazioa jaso eta ikasi behar dut hori! Ez nuen ezagutzen.

J.K.: Beste bat ere erakutsi zigun mutil hark: “Caramba, Franco, qué cara de estúpido que tiene usted, parece un animal. Cabeza de burro, gran cerdo cornudo, dentro de cuatro días vas a reventar” [frankistek ezarri zuten Errege ereserkia-ren doinuarekin kantatu du; Espainiako gaur egungo ereserkiaren doinuarekin, alegia].

J.M.E.: Musikarekin, Nafarroan bada kontu bitxi bat: Falange berri-berria zen, eta herrietako gorri guztiak behartuta joan ziren han izen ematera, fusilamenduari ihes egiteko. Nafarroako Falangeak ez zuen bandarik. Karlistek, berriz, bai. Falangistek eurena nahi, eta banda osatzea erabaki zuten. Musikari gorri guztiak han sartu ziren. Tafallako batek kontatu zidan behin, Iratxeta zuen abizena, denak zirela ezkerrekoak, baita zuzendaria ere, eta gerra garaian toki guztietara joaten zirela. Eta jeneralen bat-edo etortzen zenean, jotzen hasi aurretik, zuzendariak beti esaten zuela “vamos a tocar lo de siempre para estos hijos de...”, eta tantxa-tantxa-tatantxa-tanta-tantxa hasten zirela Espainia frankistaren ereserkia jotzen, esaldia bukatzeko denborarik hartu gabe. Edozein izanik ere egoera, umorearen, musikaren eta ahal denaren bitartez, erresistentzia pizten da askotan.

“Izendatzen dituzten Alkateak edo Ordezkariak arduratuko dira: irakaskuntza nazioaren komenientzien araberakoa izan dadin; haur jokoek, nahitaez egin beharrekoak izanik, goraipa dezaten Espainia berriaren abertzaletasun jator kartsua; era berean, dagokion Errektoretza jakinaren gainean jarriko dute Armada eta herri espainolaren jarrera jator eta aberkoia ahultzeko edo hondatzeko seinalerik izanez gero, Armada eta herri espainolak handi eta bakar sentitzen baitu Espainia, basakeria besterik ekartzen ez duten kontzeptu antiespainolistetatik aparte”.
(1936ko abuztuaren 19ko Irakasleen Depuraziorako Batzordeen zirkularra)

J.K.: Nik 4 urte nituela —garai hartan 6 urte behar ziren eskolara joaten hasteko—, amak eta arrebek Busturiko itsuaren alabarengana eramaten ninduten. Itsu hura herriko organista zen, besteak beste, eta gauza batzuk irakatsi zizkidan. 6 urte egin nituenean, Altamirako eskolara eraman ninduten. Gure etxetik hurbilen zegoen eskola Axpekoa zen, baina amak Altamirakora bidali ninduen, han egon zelako amama Malenen senide bat. Bermeon bizi zen, bizikletan etortzen zen, eta inoiz bidean jaso eta berekin eramaten ninduen. Hirugarren urtean, Axpera etorri zen maistra euskaldun bat; Ibarrangeluko Akordakoa zen, eta amak bertara bidali ninduen. Urte bat baino ez zuen egin bertan hark, ordea, eta Bigoterre deitzen zioten maisu erdaldun bat etorri zen. Hark eramaten gintuen elizara lehen esan dudan mezetetara eta Cara al sol saioetara. Nik eskolan frankismoarekin zerikusi handirik ez zeukan irakasle jendea ezagutu nuen, lehen urteetan batez ere. Gero konturatu nintzen horretaz, Bigoterre izan zela eskola frankistaren benetako zaindari bakarra. Eta hura etorri eta gutxira bete nituen 11 urte, eta gonak jantzita eskapatu nintzen.

J.M.E.: Seminariora joan zinen, egia da.

J.K.: Gure etxean prakaduntxo bat baino ez zen egon. Abuela Erromualda, ama, lehengusina, arreba bi... mutil bakarra ni. Abuelak beti “prakaduntxo” deitzen zidan; baserriko nagusia izatekoa nintzen. Eta ni abade joan! Abuela Erromualdak esan zuen: “Prakaduntxo bakarra etxean eta horixe gonak janzten!”.

J.M.E.: Zuk ere ederra egin zenuen! [barre txikiak] Oraindik apaiz al zara, Julen?

J.K.: Ez dakit! Ez diet uzteko baimenik eskatu [barrea]. Aspaldi utzi zioten abadeen artean hilero partitzen duten diruaren zati bat niri bidaltzeari. 

J.M.E.: Nik eskolapioetan ikasi nuen. Nahiko lasaia izan zen eskola garaia. Topatu nituen frankistak, baina motelago. Nafarroan karlismoa berehala urrundu zen erregimenetik, eta eskolapioak nahiko liberalak ziren. Ni zu baino gazteagoa naiz, Julen, eta Cara al sol udalekuetara joaten ginenean kantatzen genuen batez ere. Badaude bi mapa alderaketarako aukera ematen dutenak. Jazarpenaren liburua egin genuenean, hildakoen eta fusilatuen mapa ageri zen, batetik; Iruñetik beherantz batez ere, hor izan zirelako lurraren jabetzaren inguruko gatazka gehienak. Mendabian eta Lodosan, 100dik gora hil zituzten; Sartagudan, 80tik gora; Carcasen, 60tik gora... Maisu-maistren jazarpenaren mapa, berriz, oso bestelakoa da. Nafarroa osoa eta Euskal Herri osoa hartzen ditu mapa horrek. Irakasle batzuk fusilatu egin zituzten; asko, lantokiz aldatu. Mapa hori oso orekatuta ageri da herrialde guztietan. Hezkuntzaren jazarpena zientifikoa izan zen oso. Bestea ere bai, baina eskolakoak eremu osoa hartu zuen.

“Emakume guztien bizia ez da, haiek simulatzen —edo disimulatzen— dutena simulatzen —edo disimulatzen— dutela, nori men egin aurkitzeko desira amaigabea baino”.
(Frankismoan emakumeak hezteaz arduratzen zen Seccion Femeninako 'Medina' aldizkaria, 1944ko abuztuaren 13an)

J.K.: Busturian sei alargun geratu ziren denbora gutxian. Zazpigarren emakume bati Ezkabako gotorlekuan hil zitzaion gizona. Bizitza eta umeak aurrera atera behar izan zituzten denek. Gure amak berak egin behar izaten zituen soroko eta ortuko lanak. Berak zaindu behar izaten zituen kortako ganaduak. Bera joaten zen Bermeoko plazara generoa dirutzen. Abuela Erromualdak 75 urte zituen ni, bere prakaduntxoa, jaio nintzenean. Gure etxean gure ama hainbat urtetan izan zen etxekoandrea, ugazabandrea, enpresako langilea, ume zaintzailea eta gainerako guztia.

J.M.E.: Argazkietan oso argi ikusten da emakumearen rolaren bilakaera. Zuk hartzen dituzu 1920ko urteetako argazkiak, eta gona guztiek belaunetatik behera dauzkate barrenak hartuta. Errepublika urteetan, berriz, gonak moztu egin ziren. Ez hori bakarrik: ikastetxeetan mutilekin batera ikasten hasi ziren, dibortzio eskubidea lortu zuten, abortuaz hitz egiten hasi zen... Frankismoarekin, gonak berriz luzatu ziren. Begien bistakoa da.

J.K.: Gure aitarekin batera Derion fusilatu zuten Hipolito Alvarezen alabak esaten du bere familia —ama alarguna eta neba-arrebak— “goian zerua eta behean lurra” geratu zirela aita kartzelara eraman zutenean. Gure aitari, hil eta gero ere, isunak ipini zizkioten, eta haiek gure amak ordaindu behar izaten zituen. Esaten dute garia ebakitzen ibili ziren arratsalde batean jaio nintzela ni. Bada, gure etxean gari soro handi bat izaten zen urtero. Urte batean Etzeaurrean eta bestean Kamoñoganen. Gari-jotak egiten ziren, baina gurean gari irinarekin egindako ogirik sekula ere ez da jan. Nik umetan baserri askotan ikusten nituen etxeko labean egindako ogia jaten, eta gurean sekula ere ez. Artoa denetarako egoten zen: taloak egiteko, morokila egiteko... Eta halako batean jakin nuen garia Abastosek eramaten zuela. Soro handi bat gari.

J.M.E.:Navarra 1936. De la esperanza al terror liburua egin genuenean, oso zaila zen emakumeen errepresioa neurtzea. Gaur egun ere bai. Ezagutu genituen fusilatutako emakumeak, ile mozketa publikoak, isunak eta beste, baina liburu hura egin genuen gehienok gizonak ginen, eta joan zaitez alargun edo alaba batengana zer egin zioten galdetzera. Ikusi behar da nola ibili ziren emakume guztiak etxekoak fusilatu ez zitzaten. Oso datu gutxi lortu genuen, baina ikusten zen bazela hor atzean sexu jazarpen bat, sekula kontatu ez dena eta sekula kontatuko ez dena. Falangekoek halakori esan ziotela besteko egiten uzten bazioten senidea edo laguna bizirik utziko zutela eta antzekoak. Badira kasu batzuk. Eta umiliazio asko. Oso zaila da orain hori azaleratzea. Artean bizirik zeudela ez genuen lortu, eta orain ia ezinezkoa da.

J.K.: Baina hori geratuko da.

J.M.E.:La sima liburuan emakume bat da protagonista: Juana Josefa Goñi Sagardia. Euskal Herri osoan ez zen gertatu hari gertatutako izugarrikeria. Ezta Espainiako estatu guztian ere. Gaztelukoa zen, eta Legarreako leize zulora bota zuten —50 metroko sakonera dauka—, sei seme-alabekin batera. Haurdun, zazpi hilabeteko zegoen. Herri eskuindar eta fededun batean bizi zen. Koinata bat zeukan kartzelan, ezkertiarra izatea leporatuta; hori zen ezkerrarekin zeukan lotura bakarra. Horrek ez zuen balio hilketa azaltzeko, ordea. Herrikoek bota zuten hara; lehen aldiz kontatu zidatenean, ezin nuen sinetsi. Emakume oso ederra omen zen. Eta zenbait emakumek inbidia omen zion, haurrak egiteko zeukan erraztasunagatik. Lapurreta txikiren bat ere leporatu zioten. Haren hilketaren inguruko txostenean ageri dira horiek denak. Baita apaizak oso begikoa ez zuela ere. Baina horrek guztiak ez zuen balio halako krimena azaltzeko. Irrazionala zen erabat. Orain, liburua argitaratu berritan, beste azalpen baten berri jakin dugu: emakume haren amari dirua eskaini ziola herriko apaizak XX. mende hasieran, mezetara joaten has zedin, eta ez omen zuen eskaintza onartu; emakume hura eta haren bi alaba —Juana Josefa Goñi Sagardia bat— herrian markatuta zeudela sorginkeriak egiteagatik. Azkenean, gauza irrazional bat ondoen azaltzeko modua esplikazio irrazional bat da: baliteke Juana Josefa Goñi Sagardia izatea Euskal Herrian justiziatutako azken sorgina.   

J.K.: Izugarria da. Eta normala da emakumeak tratatuak izan diren moduan tratatuak izatea, zeren frankistak Jainkoaren alde borrokatu baitziren —“por Dios y por España”—, eta, Elizak Trentoko Kontzilioan [1545 eta 1563 bitartean] erabaki arren emakumeek ere gizasemeek bezala arima dutela, Vatikanoak oraindik ez baitu onartu apaiz izateko gaitasuna dutenik; beraz, frankisten gizartean etxekoandre finak eta senarraren esanak bete eta zintzo zerbitzen dutenak izan behar zuten.

J.M.E.: Trenton erabaki zen arimaren hori?

J.K.: Bai. Indiarrek ere ez zeukaten arimarik, Francisco Vitoriak 1532an kontrakoa zioen tesia idatzi zuen arte. Eta, orain, zientzialariek esaten dute gizonok ez daukagula arimarik.

J.M.E.: Nik uste dut arimarik ez daukaten bakarrak apezak direla. Gotzainak-eta [barreak].

J.K.: Ni ere apaiz egin nintzen, eta kartzelara eraman ninduten. Derioko seminarioan egon ginen itxita [1968ko azaroaren 4an 60 bat elizgizon itxi ziren bertan]. Vatikanoari eskatzen genion Francorekin-eta apurtzeko eta gauzak konpontzeko. Errepresioa itzela zen. Bilboko gotzaina, [Pablo] Gurpide, gu hara sartu eta egun gutxira hil zen, eta guk pentsatu genuen momentu egokia zela abadeok irteteko. Prentsak, baina, esan zuen Derion geundenok hil genuela hura, eta bertan segitzea erabaki genuen [25 egun egin zituzten bertan; tarte horretan bi ordezkari Vatikanora joan ziren beren eskakizunen berri ematera]. Gurpideren lanak egiteko Jose Maria Zirarda aukeratu zuten; Santanderko gotzaina zen orduan. Estatuaren jokabidea epaitzeko bera zegoela esan zigun Zirardak, eta hala atera ginen. Ez zuen ezer esaten, baina, eta guk esan genion berak esaten ez zuena geuk esango genuela. Orduan etorri zen Bilboko gotzaitegiko gose greba. Gotzainaren baimenik gabe Polizia ezin zela sartu kalkulatu genuen, eta jatordu ederra eginda joan ginen hara. [1969ko maiatzaren 30a zen]. Gauean, Radio Parisen leitu zuten gure agiria. Hurrengo goizean etorri zitzaigun Zirarda, eta esan zigun gu ginela “la rama desgajada de la iglesia”. Hara joan beharrean zelan ez ginen joan greba egitera Carlton hotelera, hori ere esan zigun! Hiru egun egin genituen han. Hirugarrenean etorri zitzaigun Polizia. Polizia etxera eraman gintuzten, handik Basauriko kartzelara, handik Burgosera epaiketara, eta handik bueltan Basaurira. Astebetera etorri zen epaia, eta hala bidali gintuzten Zamorako abadeentzako kartzelara [Espainia]. Zamoran geundela, Burgosko prozesuan sartu ninduten. Miguel Castells abokatua etorri zitzaidan bisitan. Epaiketa hura ezkutuan egin nahi zuen erregimenak, eta horregatik sartu ninduten auzi hartan, Konkordatuak zioelako abade bat auzipetua egonik epaiketa ateak itxita egin behar zela. Castellsek prestatu zidan agiria epaiketa ateak irekita egitea eskatzeko. Sinatu egin nuen.

Espainia bakarra, handia eta librea gailendu da, hau da, Falange Tradizionalistaren Espainia. [...] Hemen, ez hitzarmenik eta ez hil ondorengo esker onik, baizik eta Gerra lege gogor, biril eta gupidagabea. Batzuek irabazi egin dute, eta besteek galdu, bai horixe”.
(Bilboko alkate Jose Maria Areilza, 1937ko uztailaren 8an)

J.M.E.: Bilboko Coliseo Albiako Areilzaren soflama horrek gogora ekarri dit gerra karlista bukatzean, 1876an, gauza bera esan zuela Somorrostron Espainiako errege Alfontso XII.ak. Derrotado el ejército vasco-navarro, discurso triunfal deitu zioten hari. “Fundada por vuestro heroísmo la unidad constitucional de España” aipatu zuen borboitarrak Somorrostron, eta hurrengo asteetan hasi ziren eztabaidatzen foruak kendu ala ez. Areilzak bezala, orduan ere esaten zuten “Mundu Berriari” bere legeak eman zizkion Gaztelako bandera zela gurtu beharrekoa. Areilzak gauza bera esaten zuen, eta 2015ean gauza bera esaten du Rajoyk: “ETAk armak entregatzea ez da nahikoa. Kontaketaren bataila irabazi behar da”. Alfontso XII.ak esan zuenak segida du Areilzaren esanetan, eta Areilzak esandakoak Mariano Rajoyrenetan. Estatuaren boza dira hirurak.

J.K.: Nik ez daukat, bada, garaitua izateko sentsaziorik. Denbora pasatu beharko da. Gauza guztietan, beraien jokabidea berdina da, baina itxurak desberdinak egin behar dituzte. Orain, adibidez, Ameriketako Estatu Batuak hainbat estatu dira, batuta, presidente baten agintepean. Europan bide beretik goaz. Gero eta diferentzia gutxiago dago. Espainia izan beharrean, laster Europa izango da bertako erregioei autonomia eman ala kenduko diena. Espainia edo Frantzia osorik eta indartsu baino, litekeena da zatituta komenigarriago izatea Europan. Eta Gaztela, Euskal Herria eta Katalunia jarriko dira ados —edo ez—, unean uneko komenientziaren arabera, Europa horri begira. Ameriketan gertatu da, eta hemen ere badator.

Gure aita ere hil zuten, baina ez nintzen sentitu bereziki jazarria ondorengo urteetan. Markatuta geunden herrian, baina onerako. Horren kontzientzia gerora hartu nuen. Gure amak ez zuen ordaindu nire karrera. Aurkitu zituen bideak, dela seminariotik, dela dena delakotik, ez ordaintzeko.

J.M.E.: Eskerrak eman behar dizkiozu erregimenari [barre txiki ironikoarekin].

J.K.: Erregimenari baino gehiago, Elizari. Horrela egin ginen abade.

J.M.E.: Nafarroan planteamendua alderantziz da. Nafarroa 36ko gerrako garaileetakoa zen. Hemen egon ziren galtzaileak, baina nortzuk ziren jakitea asko kostatu zitzaigun. Kostatu zitzaigun jakitea nortzuk ziren abertzale, nortzuk ezkerrekoak, nortzuk fusilatuak... Aldi berean, Nafarroan giro frankista batean bizi ginenik ezin da hain erraz esan. Hasiera-hasieratik hasi zen karlisten eta falangisten arteko sesioa, lehen esan dudan bezala. Orduan, hemen esparru libre bat izan zen neurri batean, eta, horregatik agian, bertan topo egin zuten berehala gerrako jazarriek garaileekin. Horregatik, mugimenduak hasi zirenean, hortik sartu ziren asko, eta berehala Nafarroan frankismoaren aurkako mugimendua izugarria izan zen, Franco hil aurretik. Ez ahaztu ni sortu nintzen urtean, 1951n, Nafarroan lehendabiziko greba orokorra egin zutela, Iruñean. Arrautza dozena garestitu egin zutelako izan zen. Horren kontra elkartu ziren gerra garraian erreprimituak, abertzaleak eta karlistak. Bitxia da.

J.K.: Ni Herri Gaztediko kide egin nintzen, eta Iurretan nengoen, abade, lehen aldiz atxilotu nindutenean. Eibartik deitu zidaten behin, hitzaldi bat eman nezan. Atzetik auto bat segika zetorkidala konturatu nintzenean, Berrizera sartu, eta taberna batetik lagunei deitu nien. Rosa Mari Arza eta seminarioko mutiko bi etorri zitzaizkidan bila. Elkarrekin abiatu ginen Eibarrera, eta, Gipuzkoara sartu bezain pronto, alto eman eta bide bazterrean geldiarazi gintuzten. Salbuespen egoera ezarria zegoen. Donostiara eraman gintuzten. Beldur itzelagaz, torturatuko nindutela pentsatzen, gezurrak asmatzen hasi nintzen harako bidean. Baina keba. Bi polizia gazte etorri zitzaizkidan, eta hiru egunean lasai utzi ninduten. Hirugarren egunean edo, Sainz torturatzaile famatua etorri zitzaidan. “¡Vas a pasar los seis meses del estado de excepción aquí!”, esan zidan. Ez ninduen jo. Gero beste bat etorri zitzaidan, jator plantan. Nik egia esan nion, Iurretako etxea beti zegoela irekita eta nik ezin nuela jakin handik pasatzen ziren guztien ibileren berri. Besteak berehala libratu zituzten; nik Gabonak egin nituen han. Errege eguna etorri zenean, Martutenera eraman ninduten. Han hiru bat egun egin nituenean, Zirarda gotzaina etorri zitzaidan bila. Bere autoan ekarri ninduen Iurretara, txofer eta guzti. Arrosarioa errezatzen egin genuen bidea: ni txoferraren ondoan eserita, Zirarda atzean, eta denok errezatzen [barreak].

J.M.E.: Hau da hau herri arranoa! Adur ona izan zenuen. Hori duela 10-15 urte gertatu balitzaizu, arrosarioa irentsaraziko zizuketen; eta kakatan atera arte itxaron eta berriro irentsarazi! [barreak]

“Zin dagit, Jainkoaren izenean eta ebanjelio santuen gainean, beteko eta betearaziko ditudala erresumaren lege funtsezkoak, eta leial izango natzaiela Mugimendu Nazionalaren oinarriei”.
(Juan Carlos Borboikoaren zina, Espainiako errege eta estatuburu bihurtzean,
1975eko azaroaren 22an)

J.K.: Gogoan dut, Francoren azkenetan, Zamorako kartzelan geundela, nola etortzen zitzaigun egunero Paco Garcia Salve, abade presoa hura ere, telebistako albistegia ikustetik: “¡Se mantienen las coordenadas!”. Francok bizirik segitzen zuela, alegia, ofizialki.

J.M.E.: Ni Comisiones Obrerasen nengoen frankismoaren azken urteetan, Luzuriaga fabrikan. Sekulako indarra eta mugimendua zegoen. Hogei urte egin nituen fabrikan. Greba orokor asko egin genuen. Oso intentsoa izan zen. Baina ez hainbeste. Nik uste dut asko mistifikatu dela, eta askoz fuerteagoak eta gogorragoak izan zirela ondorengo urteak. Ez du zerikusirik. Garai hartan, harrapatzen zintuzten manifestazio batean, eta berehala kanpora. Isunak oso gutxi ziren. Sententziak ere... Burgoskoei heriotza zigorra eskatzen zieten, baina etakide izateagatik bizpahiru urte egiten zituen normalean jendeak barruan.

J.K.: Guk sei-zazpi urte egin genituen kartzelan, eta asko iruditzen zitzaigun. Min egiten baitu kartzelak, buf! Baita laburrean bada ere. Horregatik: hogei, hogeita bost, hogeita hamar urte barruan eginda etxera bueltatzen ari den jendea derrigor egon behar da ukituta.

J.M.E.: Francok, gerra bukatutakoan, jende asko garbitu zuen, baita bizi guztiko kartzela zigorrak ezarri ere, baina azken horietako gehienak azkar samar atera ziren. 1973an, 1001 Prozesua etorri zenean, erruduntzat jo zituzten CCOOko zuzendaritzako kide guztiak, eta Espainiako Auzitegi Gorenak sei eta bi urte artean utzi zituen auzipetuen aurkako zigorrak. Gero ezagutu dugunak ez du zerikusirik horrekin.

J.K.: “Demokrazia organikoa” deitzen zitzaion Francorenari, eta, gaur egun, “demokrazia organizatura” pasatu gara, eta ondo antolatura, gainera. Gaurko demokrazian guztia dago antolatuta. Hasiera-hasieratik, egin behar den bezala. Francok semerik ez zuen izan, eta bere ondorengoa aukeratu zuen, garai bateko erregeen oinordekoa. Francok izan zituen eskumenak eman zizkion “demokrazia organizatuak” haren ondorengoari: Espainiako armadaren buru eta estatuburu. Francok eta bere jarraitzaileek egindako hilketa, lapurreta eta abar guztiak amnistiatu zituen “demokrazia organizatuak”. Komunikabideak bere alde jarri zituen; eta bere helburuen alde ez zeudenak —hau da: kazetaritza askea eta egiazalea egin nahi zutenak— epaileen aginduz zarratu. Egunkaria eta Egin, esaterako. Bere gustuko ez diren alderdi politikoak ere epaileen aginduz desagerrarazi dituzte. Garai bateko “gorri-separatistak” tratatuak izan ziren moduan orain ere antzera tratatzen dituzte komunikabideek, epaileek eta agintariek “dena da ETA”-koak. Parlamentari eta agintari askok “kristal beltzeko” poltsikoak diruz betetzeko eta legeak babestutako jokabide eskandalagarriak izateko, eta batek daki zer gehiagorako. Eta egiten dituzten basakeriak ahal dela ezkutatu edo ontzat eta beharrezkotzat aldarrikatu. “Demokrazia organikoan”, gutxienez, argi zegoen demokraziatik oso gutxi zeukala, diktadura hutsa zela.

J.M.E.: Trantsizioan ezagutu ditugu BVE, Triple A, GAL... Estatuak ez zuen hainbeste erabili aurreko hiru hamarkadetan. Ez zuen behar. Gerora ezagutu dugun moduan ez zen erabili errepresioa. Tortura ere, garai hartako militanteekin hitz egiten duzu, eta esaten dute sekulako jipoiak ematen zituztela, baina bainera, poltsa, elektrodoak... ez ziren erabiltzen. Gero etorri ziren halakoak.

Borboitarrari Pelelea deitzen genion. Baita El Breve ere. Eta 30 urte egin zituen boterean... Eskuinak ez du meriturik horretan. Espainiako ezkerrak —PSOEk eta PCEk— zabalik utzi zieten bidea frankismoaren jarraitzaileei.

“Zerbaitetarako balio duela ziurtatuko balidate, Argentinaraino joango nintzateke behar denari laguntzera. […] Aitaren eta ahizparen bizitza ezin dizkidate itzuli, baina ostutakoa bai. Orduan hasiko nintzateke justizian sinesten. Ez dut inolako itxaropenik ez Argentinan, ez Nafarroan, ez inon”.
(Josefina Lamberto, desgerrarazitako Vicente Lambertoren alaba eta Maravillas Lambertoren ahizpa, 2014ko uztailaren 20an)

J.K.: Nik espero dut Argentinako kereilatik zerbait etortzea. Bestela, ez nuke bertan parte hartuko. Baina zaila da oraingoz. Horiek Espainian nagusi segitzen duten bitartean, ahal duten guztia egingo dute kereila hori geldiarazteko. Dirua badute horretarako, eta lagunak ere bai. Itxaron beharko dugu, beraz, Espainian aldaketa gertatu arte. Nik ikusi egingo dut, sinetsita nago.  

J.M.E.: Nik ere zail ikusten dut Argentinako kereilatik-eta ezer etortzea. Laurogei urte pasatu dira 36ko gerra hasi zenetik. Hura hasterako, 60 urte pasatuak ziren aurreko gerra karlistatik, eta jendeak orrialde hura pasatuta zeukan jada. Orain jende mordoa ari da frankismoa ikertzen. Ondo da; neu hasi nintzen borroka horrekin hasieratik. Duela 30 urte atera genituen lan horren emaitza zuzena diren liburuak. Memoriaren borrokan bi jarrera daude: batzuk beti ari dira duela 80 urte gertatu zenari buruz; beste batzuek diogu gerra bukatu zela eta frankismoan, trantsizioan eta haren ondorioz orain arte gertatutakoak ere ikertu egin behar direla. Ni erreta nago horrekin, neurri batean. Memoria berreskuratzearen aldekoa naiz. Horregatik ari gara Juana Josefa Goñi Sagardiaren eta haren sei seme-alaben hondarrak Legarreako leize zulotik atera nahian. Baina uste dut Espainiako eta Euskal Herriko ezkerretan badagoela korronte bat ordukoak berreskuratzeko gehiago oraingoak jasotzeko baino. Denak berreskuratzea da kontua, eta hor dago borroka gaur egun, memoria egiteko orduan. Duela 30 urte, memoria berreskuratzen hasi ginenean, hemen prozesu bat izan dela esaten genuen, gerra zibiletik gaurdaino, eta oraingo azken presoa ere prozesu horren ondorio dela. Batzuei gustatzen zaie hezurrak pilatzea, eta terrorismoa hemen 1977tik aurrera hasten dela esatea. Are gehiago esango nuke: badago jendea 1936ko errepresioa erabiltzen duena gaur egungoa estaltzeko. Hor dago memoria taldeen borroka. Ez da onartzen soka bat dagoenik. Eta badago.

J.K.: Zeuk esan duzu: gerra karlisten orrialdea 36ko gerrarekin pasatu zuten. 36ko gerrakoa ahantzarazteko, Francoren eta frankismoaren kirtenkeria guztiak ezkutatzeko, ETA darabilte orain. Hemen indarkeria politikoa ETArekin hasi zela sinetsarazteko lanean ari dira.

J.M.E.: Nik alderantziz planteatuko nuke. Guk Jimeno Juriorekin lehendabiziko liburua atera genuenean, gerra-frankismo-trantsizio-orainaldia lotura, kate hori, oso garbi zegoen. Orain, badago mugimendu bat, etorri berria, garai hartakoa argitzea eskatzen duena, baina gaur egungoa argitzeko fitsik egiten ez duena. Alderantziz da: ordukoekin oraingoa estali nahi dute. Eskuinak esan ohi du nahikoa dela 36ko kontuak haizatzeaz, eta neuk ere esaten dut batzuetan. Francok 40 urtez eduki zituen isilik 36ko gerrako kontuak. Baina azken 40 urteotan nork estali ditu? Espainiako Konstituzioari baietza eman ziotenek! Abertzaleak izan ziren bakarrak hori mugitzen. Eta orain, 36ko historia berreskuratu nahi dute, azken hamarkadetan ezer egin ez duten PSOEk eta UGTk, esaterako; zertarako, eta beraiek ere demokraziaren alde borrokatu zirela nabarmentzeko, eta oraindik pairatzen duguna gertaera haien ondorioak ahantzarazteko. Hezurrak baino gehiago, hezur horiek mamitu zituzten pertsonen ideiak berreskuratzea interesatzen zait. Hori da giltza. Eta ideiak ez dira sekula aipatzen. Zer esan zuen Fronte Popularrak, esaterako? 1936ko estatu kolpea baino pixka bat lehenago, bi agiri atera zituen Nafarroan: bata, lurra eskatuz, nekazaritza erreformaren bitartez; eta bestea, esanez Nafarroa euskal herrialdeen estatutuan sartzen ez bazen kazikeen esku geratuko zela. Alderdi komunistak, alderdi sozialistak, Izquierda Republicanak, Union Republicanak, EAE-ANVk, UGTk, gaztedi komunistak, gaztedi sozialistak, gaztedi errepublikanoak sinatu zituzten. Sinatzaile ia guztiak akabatu zituzten gerora. Hori erabat ahanzten da. Hezurrak berreskuratzen ari dira orain, baina ez ideiak. Zergatik ez da esaten Fronte Popularra Euskal Herriaren batasunaren alde zegoela, Guardia Zibila desagertzearen alde zegoela, monarkiaren eta Elizaren kontrakoa zela? Hipokrisia ikaragarria dago gaur egun memoria gaiarekin. Hezurrak nahi dituzte, baina ideiak aipatzen dituzun orduko, “abertzaleen esku-sartzea” eta antzekoak esaten hasten dira.

J.K.: Baina hori aurrekoak ahanzteko egiten dute. Hezurrak goratzen eta gezurrak esaten ari dira. 1960tik hona ETAk egindako borroka ari dira aitzakia gisa erabiltzen. 1960tik hona terrorista batzuk egon direla eta horiek kalte egin digutela nabarmentzearen poderioz, bestea azpian geratzen da. Zuk zenioen ideia eta errepresio soka hori, eta soka horren ondorioak, nik uste, ez da lortu oraingoz behar bezala azaleratzea.

J.M.E.: Argentinan, adibidez, hori oso ondo definitu zuten. Han, gobernuak esan zuen gorpuzkiak eta kalte-ordainak emango zizkiela biktimen senideei; hori zen haien Eta Kito Legea. Diru asko eskaini zieten. Maiatzeko Plazako amek, ordea, ez zuten onartu. Hezurrak baino, nahiago zuten beren hildakoen ideiak berreskuratu. Hezurrak berreskuratzearenak, hileta eta plaka egiteak, badu kristau kutsu bat.

J.K.: Hildakoen hezurrei buruz dagokienez, nire iritzia da historiaurrean jada artzain kulturetakoek, diotenez, erre egiten zituztela gorpuak. Beste kultura batzuek, ordea, arbasoak lurperatu eta gurtu egiten zituzten, beren sortzaileak zirelako. Gaur egun ere askok erre egiten dituzte beren senideen gorpuak. Beste askok, ostera, hilerrietan ehortzi eta ondo zaindu, beren arbasoak izan direlako. Nire ustez, hautu hori ez da erlijio kontua soilik, zeren antzinako hezurrak aurkitzen direnean zientzialariak baliatzen baitira garai haietako kultura eta abar eta abar jakiteko. Gainera, orain hor dago DNA ere, eta horrek ere hainbat aurrerapen ekarri ditu. Dena dela, garrantzitsua da haien ideia politikoen berri izatea eta ikustea nolako jendea izan den bakoitza, altruista eta aurrelaria ala berekoia eta atzerakoia. Nire ustez, batak bestea ez du kentzen.

J.M.E.: Egia da jende askok behar duela zerbait, bizitza guztian bilaketan aritu ondoren. Nik ezagutu dut hondarrak berreskuratu nahi ez zituen fusilatu baten biloba, baina, azkenean, hobitik atera egin zituen, bere amaren izenean. Bilobak nahikoa zuen hobian zer zegoen azalduko zuen plaka batekin eta haren ideiak gogoratzearekin, baina amak ez.

J.K.: Mayor Oreja ez al da zure teoriarekin bat egiten duena, Jose Mari, garai haren ikerketa historialarien esku uzteko eskatuz? ETAren biktimak iragana ez diren neurri berean, neu ere ez naiz iragana. Ni orain bizi naiz.

J.M.E.: Ez du zentzurik orduko memoria berreskuratzeak, gaur egungoa ulertzeko balioko ez badu. Nik hori argi geratzea nahi dut.

J.K.: Balioko du, baina, ez izan dudarik. Kontaketaren borrokak iraungo du, baina irabaziko dugu.

“Batzordeak kezka agertzen du, berriz ere, 1977ko Amnistiaren Legeari eutsi zaiolako, eragotzi egiten baitu iraganeko eskubide urraketak ikertzea”.
(NBEren Giza Eskubideen Batzordeak, Espainiari buruz, 2015eko uztaileko txostenean)

J.M.E.: Gure historia zatitu nahi dute. 1977tik atzerakoak ahantzaraztea eta hortik aurrerako guztiaren errua ETAk duela finkatu. Baina hori guztia XX. mende hasieratik datorren askapen sozial eta nazionalerako prozesu batean kokatzen da. Nafarroan, zehazki, beste fase bat hasi zen XX. mende hasieran, eta bat egin zuen nazioarteko mugimenduekin. Hala, 1917an Errusiako Iraultza izan zen, eta 1918an foruak berrezartzeko mugimendua zabaldu zen hemen [Iruñeko udalbatzak onartu zuen lehenik eskaera, aho batez, eta, 1918ko abenduaren 20rako amaierarako, Nafarroako 269 udalerritatik 216k bat egin zuten eskakizunarekin]. Ordura arteko komunalaren aldeko borrokaren, borroka sozialaren paradigma aldatu egin zen, eta sozialismoa, komunismoa, anarkismo berria sortu ziren. Paradigma aldaketa hori II. Errepublika garaian gauzatu zen. Fase horretan gaude. 1917-1918ko mugimenduei erantzunez, Primo de Riveraren diktadura etorri zen. Gero, II. Errepublikari erantzunez, Molaren Bandoa eta 40 urteko frankismoa etorri ziren. Azkenik, trantsizioa heldu zenean, gerra zikina, ZEN Plana, Nafarroaren zatiketa eta beste etorri ziren. Parametro beretan gaude: justizia soziala eta nazio askapena. Horregatik, 1977tik abiatutako analisi guztiak, honako biolentzia eta beste aipatuz... tranpa egiten digute. Pakete osoa aztertzen ez badugu, ez du balio.

J.K.: Naziak —galtzaileak— berehala epaitu zituzten egin zituzten basakeriengatik, eta ondo egina. Baina Estatu Batuetakoek Japonian bonba atomikoekin egin zituzten sarraskiak inork inoiz ez ditu epaitu. Ezta aliatuek Europan zehar —adibidez, Hungarian— egin dituztenak ere, Gernikakoarekin ondo parekatu daitezkeenak. Hala ere, horiek ekintza paregabetzat saldu ziren, eta oraindik saltzen dira.

Franco ere garaile atera zen, eta garaileei ematen zaien tratamendua eman zaio orain arte. Beraz, pauso handi bat da, nire ustez, garaile izan den bati, batez ere giza eskubideen kontra jokatu badu, kontuak eskatzea eta merezi duen zigorra ematea, beranduegi bada ere. Eta, alderantziz, galtzaile izan denari, eskubideen alde borrokatu baldin bada, ahalegin hori goraipatu behar zaiola uste dut, gizateriaren alde jokatu duelako.

"Zer gertatu zen kontatzea: horixe izango litzateke iragana egiaz 'gainditzea', gaindi daitekeen neurrian"
(Hannah Arendt)
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.