Hezkunza

UEUren graduondokoetan izena emateko epea irailaren 15ean bukatuko da

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU) elkarlanean antolatu dituen graduondokoetan izena emateko epea datorren astelehenean, irailaren 15ean, amaitzen da. Ikastaro hauek ia bere osotasunean UEUren Eibarko Ikastetxe Nagusian emango dira.

2003ko irailaren 8a
14:44
Entzun
UEUk antolatzen duen Hizkuntza-Teknologiak (HIZTEK) graduondokoaren hirugarren edizioa izango da aurtengoa. Graduondokoaren ikasgaiak bi urtetan egiteko antolatuta daude. Lehenengo ikasturtea gainditzen duenak EHUko Espezialista titulua lortzen du eta bigarren urtean masterrak dituen 500 ordutako ikasgaiak gaindituta EHUko Master titulua eskuratzen du. Kasu bietan UEUk ikastaroa jarraitu izanaren ziurtagiria emango du.

Masterrean Hizkuntzaren tratamendu automatikoaren inguruko gaiak jorratuko dira, etengabe hazten ari den esparru honetan aditu euskaldunak sortuz eta gizarteratuz. Gaur egun dagoeneko 25 enpresatik gora eta zenbait ikertalde ari dira lanean Hizkuntzaren Industriaren esparruan.

Herri Erakundeen Kudeaketa (HEREKU) graduondokoaren emaitza onak ikusita, 2003/2004 ikasturtean edizio berri eta egokitua antolatu dute. 300 ordutako ikastaroa izango da eta gaindituz gero, EHUko Espezialista tituluaz gain UEU eta DEIUEko (Donostiako Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskola) emandako ziurtagiriak emango dira. Administrazio Publikoak zein ageriko garrantzi soziala duten erakundeen kudeaketarako beharrezkoak diren tresnen azterketa izango da graduondoko honen gai nagusia.

Euskal Herria XXI Doktorego programan 200 ordutako ikasturtea antolatu dute UEU eta EHUko hainbat sailek. Ikastaroa gaindituta EHU eta UEUko ziurtagiriak jasoko dira. Doktore-tesia defendatzen duenari, EHUk doktore-titulua emango dio. Euskal Herriaren etorkizunari jakintza-esparru anitzeko ikuspegi batetik begiratuko zaio, eta horretarako garrantzi berezia emango zaio teoria eta metodologia-tresnen azalpenari eta trebakuntzari.

Izena eman nahi duenak edo Udako Euskal Unibertsitatearen graduondoko-eskaintza osoa ikusi nahi duenak UEUren web orrialdean egin ahal izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.