Iheslariak

Errefuxiatuak hartzera derrigortuta daudela gogorarazi die NBEk estatuei

Turkiako Bodrum hondartzan hilik agertutako 3 urteko haurraren argazkiak asaldatu egin du nazioartea. Harekin batera zihoazen beste hamabi pertsona ere itota hil ziren Greziarako bidean, tartean haurraren ama eta 5 urteko anaia. Kobanekoak ziren guztiak, Siriaren menpeko Kurdistangoak. Nazio Batuen Erakundeak txosten batean Europaren jarrera salatu du eta siriarrak bizitzen eta sufritzen ari direna "azaldu ezina" dela azpimarratu du.

Aylan, 3 urteko haurra, hilik Turkiako Bodrum hondartzan. DOGAN / EFE
Arantxa Elizegi-Jon Ordoñez
2015eko irailaren 3a
07:11
Entzun

Lotsagarri utzi ditu Aylanek Mendebaldeko agintariak. Munduko gizon-emakume boteretsuenak ez dira gai izan 3 urteko haur bat salbatzeko. Haren gorpua Turkiako Bodrum hondartzara eraman du itsasoak, milaka pertsonak egunero jasaten duten tragediaren erakusgarri. Ama eta 5 urteko anaia, berriz, irentsi egin ditu.

Estatu Islamikotik ihesi atera ziren Kurdistango Kobane hiritik. Europarako bidaia ia ezinezkotzat jota, Kanadari eskatu zioten asiloa, han bizi baitzen aitaren arrebetako bat. "Laguntzen saiatu nintzen, baina ez genuen modurik aurkitu hona ekartzeko", azaldu du Teema Kurdik. Beste irtenbiderik ikusi ez, eta itsasoa zeharkatzea erabaki zuen familiak. Urtebeteren ostean, Turkiaraino heltzea lortu zuten, eta handik bi ontzitan abiatu ziren. 23 pertsona ziren orotara. Soilik 11 heldu dira bizirik.

Urtarriletik 350.000 errefuxiatutik gora heldu dra Europara itsasoz. Haiekin batera abiatutako beste 2.600 pertsona, aldiz, bidean geratu dira. Nazio Batuen Erakundeak ohartarazia du II. Mundu Gerraz geroztikako giza krisi larriena dela egungoa, eta gogorarazi du Sirian gatazkak irauten duen bitartean siriarrek asilo eskubidea dutela eta nazioarteak lagundu beharko lituzkeela.

Siriari buruzko hamargarren txostena argitaratu du gaur NBEk. Esan du inguruko herrialdeetan lau milioi errefuxiatu daudela eta Europan 250.000rekin "krisia" pizten dela. "Europak erakutsi beharko luke, iraganean egin izan duen bezala, itxaropenik ez duten pertsonak laguntzeko gai dela, esan du Paulo Sergio Piñeiro Siriako Batzordeko Ikertzaileko presidenteak.

Piñeirok gaineratu du ihesi doazen errefuxiatuek "Sirian bizi zutena eta bidean jasaten dutena" ezin dela azaldu. "Horregatik eskatzen dutenean eman behar zaie babesa", adierazi du. Ez deportatzeko ere eskatu du. NBEk gaineartu du babes hori ematea derrigorrezkoa dela eta NBEko kide diren estatu guztiak daudela derrigortuta akordioetan sinatutakoa betetzera.

"Sirian giza eskubideen urraketekin dagoen inpunitatea lotsagarria da", esan du Carla Ponte Siriari buruzko batzordeko kideak. Ukatu egin du Pontek NBE ez denik ari ezer egiten, eta azaldu du batzordean Sirian gertatzen ari diren gehiegikerien inguruan informazioa jasotzen ari direla, sailkatuta dituztela epaitegi batera eramateko prest. Zehaztu du, baina, ikerketa horietan ez dagoela agintari gorenik. "Une honetan ez dago krimen horien arduradunak ikertzeko aukerarik. Horregatik eraman behar da auzia Nazioarteko Zigor Auzitegira".

Batzorde horrek 4.000 elkarrizketa egin ditu orain arte, guztiak Siriatik kanpo, han ezin baitituzte egin. "Biolentzia berezkoa da une honetan. Jatorri guztietako siriarrek jasan dituzten gizateriaren aurkako krimenak eta gerra krimenak, eta eraso masiboak dira, "bai Al Assaden aldeko indarrek eginak baita errebeldeek eginak ere"; azken horien artean Al Nusra eta Estatu Islamikoa aipatu ditu.

Geltokia zabalik, baina trenik ez

Polizia erretiratu egin da gaur Budapesteko tren geltoki nagusiko sarrera-irteeretatik, kanpoan zain zeuden 2.000 errefuxiatu ingururi bertara sartzen uzteko. Eta arrapaladan sartu dira guztiak Austria edo Alemaniara eramango dituen tren baten bila. Alferrik, ordea; izan ere, trenbide konpainiak iragarri du gaur ez dela herrialde horietara doan trenik irtengo, soilik Hungaria iparraldera doazenak.

Ondorioz, Austriako mugatik gerturatuko dituen Sorpon hirirako trena hartzea erabaki dute ehunka lagunek. Baina trena behin-behinean ez ateratzea erabaki du konpainiak.

Bitartean, Hungariako Gobernua errefuxiatu oldea geldiarazteko bideen bila dabil. Gaur parlamentuan eztabaidatuko dute herrialdean paperik gabe sartzen direnak kartzelan sartzeko lege proposamena. Egitasmoak hiru urte arteko kartzela zigorrak aurreikusten ditu mugak legez kanpo zeharkatzen dituztenentzat, eta armadak kontrolatutako mugako pasabideak zabaltzea proposatzen du.

Herritarrak ez datoz bat gobernuaren jarrerarekin, eta bart milaka lagun atera ziren kalera lege proiektua salatzeko. Ez dirudi, baina, horrek legebiltzarra geldituko duenik; izan ere, datorren asterako araudia onartua egotea espero da.

Kuotarik gabe

Pragan bilduko dira gaur Europa ekialdeko herrialdeetako buruzagiak, Alemaniak eta Frantziak bultzatu asmo dituzten kuota sistemez hitz egiteko, tartean Hungariako presidente Viktor Orban. Berlinek eta Parisek kuotak derrigorrezkoak izatea nahi dute, argudiatuta hori dela errefuxiatuen krisiari eurre egiteko modu bakarra. Egun borondatezkoa da sistema, eta herrialde askok uko egin diote Bruselak proposatutako iheslari kopurua hartzeari, baliabide nahikorik ez dutela argudiatua.

Bestetik, Luxenburgon biltzekoak dira, Europako Batasuneko Atzerri ministroak gizakien trafikoan aritzen diren sareen aurkako neurriak adosteko.

Besoak eta ateak zabalik

Agintariek negoziazio mahaian eserita jarraitzen duten bitartean, herritarrak hasiak dira gatazkatik ihesi doazenei ateak zabaltzen. Alemanian, esaterako, herritar askok euren etxeak eskaintzen dizkiete goserik eta akiturik herrialdera heltzen diren iheslariei. Islandian, berriz, kanpaina bat jarri dute abian etorkinei aterpea eskaini eta agintariei presio egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.