Athletic

Hamaikakoaren gatibu

Athleticek 3-1 galdu du Vila-realen. Hamaikakoan bederatzi aldaketa egin ditu Ernesto Valverdek, eta zuri-gorriak osteguneko mailatik urrun egon dira.

Kike Sola, atzo, Vila-Realeko bi jokalarien artean. DOMENECH CASTELLó / EFE
2015eko irailaren 21a
12:44
Entzun

Partida laua jokatu du Athleticek Madrigalen. Vila-realen aurka 3-1 galdu ostean, hamahirugarren dago sailkapenean. Adurizek sartu du Athleticen gol bakarra luzapenean. Asteazkenean Real Madril hartuko dute San Mamesen.

Golak: 1-0 Bruno, penaltiz, 43. minutuan; 2-0 Mario Gaspar, 66. minutuan; 3-0 Leo Baptistao, 80. minutuan; 3-1 Aduriz, 92. minutuan.

Bilbotarrek 11 urte zeramatzaten bertan irabazi gabe, eta heldu den denboraldian saiatu beharko dute berriro. Hamaikakoan aldaketa ugari egin ditu Ernesto Valverdek, Europako Ligako partida ostean hainbat jokalariri atsedena emateko eta asteazkenean partida zaila dutenaren jakitun.

Vila-realek ireki du markagailua lehenengo zatia bukatu aurretik. Leo Baptistaok bere burua bota du Athleticen area barruan, eta epaileak penaltia adierazi du. Atsedenaldiaren ostean, ezer ez da aldatu. Vila-realek ez du gauza handirik egin, baina markagailua alde eta partidak aurrera egin du. Bigarren zatia hasi eta gutxira, Gurpegiri modu nabarian heldu diote area barruan kornerra errematatzera zihoala. Kasu honetan epaileak ez du ezer adierazi.

Valverdek Aduriz eta Raul Garcia zelairatu ditu 61. minutuan, taldeari erasoan laguntzeko. Baina bost minutu beranduago Gasparrek egundoko gola sartu du area kanpotik. Bigarren golaren ostean, Athleticek presioa handitu du. Aduriz gola sartzeko zorian egon da jokaldi bikain baten ostean, baina Areolak ondo erantzun du. Jarraian, ordea, Vila-realek hirugarrena sartu du, eta partida bukatutzat eman dute bi taldeek. Luzapenean Adurizek zuri-gorrien gola sartu du.

Hiru lehiaketetan mantentzeko txandaketak egitea halabeharrezkoa izango du Valverdek. Hala ere, ordezkoek mailari eutsi ezean, Athletic ohiko hamaikakoaren gatibu egongo da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.