Literatura

Mikel Peruarena Ansaren 'Su zelaiak' nobelari eman diote Euskadi saria, baina ez jasotzea erabaki du egileak

BERRIAko kazetariak uko egingo dio sariari. Saiakera arloko Euskadi saria Joxe Azurmendik irabazi du, 'Historia, arraza, nazioa' lanari esker.

Maiatzean 111 Akademiaren saria jaso zuen Peruarenaren eleberriak. GORKA RUBIO, ARGAZKI PRESS
Juan Luis Zabala
2015eko urriaren 8a
16:05
Entzun

Euskarazko literaturaren arloko epaimahaiak arlo horretako aurtengo Euskadi Literatura saria Mikel Peruarena Ansa idazle eta BERRIAko kazetariari (Hernani, Gipuzkoa, 1978) ematea erabaki du, Su zelaiak nobelarengatik (Susa), iaz argitaratutako euskarazko liburuen artean onena eta aipagarriena horixe dela iritzita. Peruarenak, ordea, saria ez jasotzea erabaki du. BERRIAn azaldu du Peruarena Ansak saria jasotzeak sortzen dion ezinegona dagoela erabakiaren atzean, epaimahaiari ekainean bidali zion gutunean aurreratu zuen moduan.

Saiakera arloko Euskadi Literatura saria Joxe Azurmendik (Zegama, Gipuzkoa, 1941) jasoko du, Historia, arraza, nazioa saiakerarengatik (Elkar). Lan horretan, egileak zalantzan jartzen du nazio kontzeptu frantses zibikoaren eta aleman etnikoaren arteko ohiko bereizketa, Ernest Renan saiakeragile frantsesaren liburuen azterketan oinarrituta. Saria jasotzen duen bigarren aldia izango da Azurmendiren kasuan. Duela bost urte Azken egunak Gandiagarekin liburuarengatik eman zioten (Elkar, 2009).

Haur eta gazte literaturako Euskadi saria Yolanda Arrieta Malaxetxebarriak (Etxebarria, Bizkaia, 1963) jasoko du, Argiaren alaba liburu autoeditatuari esker. Gaur egungo neska baten gorabeheren bidez, Bizenta Mogel idazle eta itzultzailearen bizitzaren berri ematen du lan horretan Arrieta  Malaxetxebarriak.

Gaztelaniazko Euskadi saria Martin Olmosek (Bilbo, 1966) jasoko du Escrito en negro narrazio bildumarengatik (Pepitas de Calabaza).

Sariari uko egiten ziola, jakinarazita

Mikel Peruarenak aurretik —bere lana azken hautagaien artean zegoela jakin bezain laster— epaimahaikideei eta Euskadiko Literatura sarien arduradunei eskatua zien, gutun baten bidez, bere lana “sarietatik kanpo uzteko”, ez zuelako nahi bere lanak lehiaketan parte har zezan. 18.000 euroko saria eman ohi zaio irabazleari.

Nahiz eta gutun horren berri izan, epaimahaikideek beren betebeharra saria Peruarena Ansaren lanari ematea zela erabaki zuten, Joxean Muñoz Eusko Jaurlartzako sailburuordeak adierazi duenez, hura zelako iaz argitaratutako liburuen artean saria merezi zuena haien ustez. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak erabaki hori erresperatzen duela dio Muñozek, Peruarena Ansaren ukoa errespetatzen duen gisa berean.

Euskal literaturako Euskadi Literatura sariaren epaimahaia Ur Apalategik, Yurre Ugartek, Jon Kortazarrek, Lourdes Otaegik eta Pello Otxotekok osatu dute, eta lehenak —Apalategik— egin ditu epaimahaiko lehendakari lanak.  

Gutun hartan, Peruarenak gogora ekartzen zuen obra berarekin 111 Akademiaren saria jaso zuela, eta sari horrek “kontraesanak” eta "ezinegona” sortu zizkiola, batez ere jakinik gainerako finalistekiko lehia boto gutxiren aldeagatik ebatzi zela.

“Zein irizpidek erabakitzen du, azkenean, liburu bat gailurrera eramatea, eta beste batzuk lokatzetara kondenatzea?”, galdetzen zuen gutunean Peruarenak. “Euskadi Literatura sariek badute osagai mediatiko handiago bat”, jarraitzen zuen gero, “eta ezin dut ahaztu diru publikoz lagundutako saria dela, gainera. 111 Akademiaren sari harekin bizitu nuen desosegua biderkatuko litzaidake parte hartuko banu. Horregatik eskatu nahi dizuet lehiatik kanpo uzteko”.

Lehen Mundu Gerran girotutako nobela da Su zelaiak. Baionako Infanteriako 49. Erreximenduaren ibilerak aletuz, krudelkeria neurririk gabeko haren kontakizun gordina egiten du. Soldadu saldoa du protagonista, nahiz eta guztien artean Filipe Luro ikazkinak hartzen duen protagonismo nagusia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.