EUSKARA

Hizkuntza eskubideak bermatzeko eskariak Nafarroako Parlamentura eraman ditu Uemak

Neurri "eraginkorrak" hartzeko eta landalde organikoa "egokitzeko" eskatu dio Arartekoak Nafarroako Gobernuari. Hark egindako txostena aurkeztu du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Nafarroako Parlamentuan.

Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen batzarra Azpeitian, urriaren 3an. GOTZON ARANBURU / ARGAZKI PRESS
2015eko azaroaren 13a
14:23
Entzun

Etxarri Aranazko alkate eta Uemako zuzendaritza batzordeko kide Eneka Maizek Nafarroako Gobernuako Osasun Sailari eta Hezkuntza Sailari zuzendutako kexa aurkeztu zuen uztailean, 592 eskaerarekin batera, Etxarriko osasun zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubidea aldarrikatuz. Kexa hori Behatokian eta Nafarroako Arartekoan ere aurkeztu zuen.

Jasotako kexa eta eskaerei erantzunez, Nafarroako Arartekoak adierazi du legeak eskubide hori aitortzen diela herritarrei, eta Nafarroako Gobernuko Osasun eta Hezkuntza Departamentuei zenbait eskaera egin dizkie herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko.

Maizek eta Sakanako Mankomunitateko Euskara Teknikari Izaskun Errazkinek aurkeztu diete gaia eta txostena parlamentariei, aldatu beharreko foru dekretuak aldatzeko eskatuz. Maizek nabarmendu du ondorio nabarmena dela 30 urtean baino gehiagoan euskaldunen hizkuntza eskubideak sistematikoki urratu direla Nafarroan, eta aurrera begira hori saihesteko "ezinbestekoa" dela Arartekoaren eskaerak "aintzat hartu eta legea betetzea". Maiz: "Nafarroa osoan %20 gara euskaldunak, eta plantilla organikoan %1ari soilik eskatzen zaio euskara jakitea".

EHBilduko David Anautek, Geroa Baiko Maria Solanak eta Ahal Dugu-ko Eduardo Santosek, oro har, bat egin dute txostenaren edukiarekin eta horren aurrean Maizek eta Errazkinek egindako eskaerekin. UPNko Iñaki Iriartek, berriz, nabarmendu du "funtzio publikoetara heltzeko nafar guztion eskubideak ere bermatu" behar direla, “euskara ez dakiten nafarren eskubideak ere aintzat hartzekoak” direla esanaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.