Mundua

Merkataritza alorreko gerra betean korapilatu dira Errusia eta Ukraina

Vladimir Putinek bertan behera utzi du Errusia eta Ukrainaren arteko merkataritza askeko ituna, Kievek Krimeako penintsulari blokeoa ezarriko diola jakinarazi duen egun berean.

Xabin Makazaga.
2015eko abenduaren 16a
08:21
Entzun

Ukrainaren eta Errusiaren arteko arrakala gero eta sakonagoa da, Donbasseko errusiazaleen eta Kieveko agintarien arteko gatazka armatua izozten ari den bitartean, eta, urte berriarekin, are gehiago bereiziko dira errepublika sozialista sobietarrak izan ziren bi herrialdeak. Ukrainak Krimeari merkataritza blokeoa ezarriko diola jakinarazi duen egun berean, izan ere, Vladimir Putin Errusiako presidenteak agindu du urtarrilaren 1etik aurrera bertan behera uzteko Ukrainarekiko merkataritza askeko ituna.
«Soilik Errusiaren interesak eta ekonomia segurtasuna» babesteko hautsi du Putinek 2011n —artean Viktor Janukovitx Ukrainako presidente zela— Kievekin sinatutako ituna. Urte berriarekin, izan ere, indarrean sartzekoa da Europako Batasunaren eta Ukrainaren arteko Elkartze Akordioa. Eta Moskuk ohartarazia zuen Ukrainari merkataritza onurak eskaintzen dizkion ituna hautsi egingo zuela, Bruselak eta Kievek Errusiaren kezkak aintzat hartu ezean Elkartze Akordioa martxan jartzeko orduan.
Ukrainako salgaiei Errusiak muga-zergak ezarriko dizkie berriro, eta zerbitzu, migrazio eta inbertsio alorretako lehentasunak ezabatu egingo ditu, Ekonomia Ministerioak azaldu duenez. Alexei Uliukaev ministroa ezkor agertu da, baina ez du erabat baztertu Mosku, Kiev eta Bruselaren artean «azken orduko akordio bat» lortzea. Abenduaren 21ean Bruselara joango da, errusiar merkatua babesteko neurriak negoziatzera, eta Ukraina prest dago «trantsizio aldi bat» ezartzeko.
Halaber, Ukrainatiko elikagaiei bahimendua ezarriko dietela erantsi du Putinek, Kievek bat egin zuelako Mendebaldearen zigor ekonomikoekin, Krimea 2014ko martxoan Errusiako Federazioko kidetzat hartu izana gaitzesteko.
Twitter bidez jakinarazi du Arseni Jatseniuk Ukrainako lehen ministroak 30 egunen buruan merkataritza blokeoa ezarriko diola Kievek Krimeari. Ukrainako Gobernuaren aginduz merkantzien eta zerbitzuen joan-etorria debekatuko dutela azaldu du, eta argindarra hornitzea Ukrainako Nazio Segurtasun eta Defentsa Batzordearen baimenaren mende geratiuko dela nabarmendu.
Ukrainatik bereizi eta 2014an Errusiako Federazioarekin bat egin zuen penintsulako agintariek, ordea, itxurakeria hutsa iritzi diote Kieven iragarpenari. Neurria «propaganda» ekintzatzat jo du Vladimir Konstantinov Krimeako Parlamentuko presidenteak Itar Tass agentzian: «Aspaldian ez dugu Ukrainako produkturik kontsumitzen». Krimeako herritarrengan ez duela inolako eraginik izango eta helburua «nazioartearen arreta erakartzea» dela nabarmendu du.
Sebastopol hiriko gobernadore Sergei Meniailok ere horniduran hutsik ez dela izango uste du: «Aspaldi egin genuen Errusiako produktuen aldera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.