Albistea entzun

Xabier Landabidea

"Gauza harrigarriak emango ditu euskal hiztunen komunitateak"

Euskal Gizartearen Egoera ikerketa saria eman zion Jaurlaritzak Euskal Gaien Institutuko irakasleari 2014ko azaroan, 'Euskaldunok eta telebista XXI. mende hasieran' lanagatik. Urte bat geroago, liburua argitaratu dute.

Deustuko Unibertsitateko irakaslea da Landabidea.
Deustuko Unibertsitateko irakaslea da Landabidea. Monika del Valle / Argazki Press

Urtzi Urkizu -

2016ko urtarrilak 2

Hainbat ikerketatan ari da lanean azkenaldian, eta Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuko irakaslea da Xabier Landabidea (Bilbo, 1981).

Nolako aisia esperientzia dute euskaldunek telebistarekin XXI. mende hasiera honetan?

Ezin da gauza bakarrera murriztu edo modu bakarrean azaldu. Esango nuke telebistarekiko aisiaren ereduen elkarbizitza garai batean gaudela. Telebista egin, banatu eta hartzeko modu berriak sortzen ari dira eta existitzen dira gizartean, baina, aldi berean, molde zaharrek oraindik indar handia daukate.

Zer da telebista ikustea? Galdera hori egin duzu liburuan, eta erantzuna ez da beti bera. Telebista ikusteko eta ulertzeko modu asko daude gaur egun.

Oso kuriosoa da pertsona edo talde bati egun, gaur bertan, telebista ikustea zer den serio eta sistematikoki galdetzen badiozu zalantza pizten zaiola berehala. Etxean norberak grabatutakoa telebista da? BERRIAk banatutako Berri Txarrak-en dokumentala telebista da? Whatsappetik bidali diguten Youtubeko bideo dibertigarri hori telebista da? Ia konturatu gabe ikuspegi multimedia batetik transmedia batera pasatu gara, eta kuriosoa da ikustea adin askotako pertsonek zer gutxi hausnartu duten horren inguruan. Telebista berba erabiltzen dugu oraindik praktika sozial eta ikus-entzunezko teknologia konkretu bat izendatzeko, baina uste dut pixka bat fosilizatu egin zaigula hitza ezpainetan.

Telebistak zer eragin du herritarren egunerokotasunean?

Argi dago erreferentzialtasun handia duela eta izango duela hemendik aurrera. Zentraltasunaz eta totem izaeraz hitz egin dut lanean, finean hori ere badelako, gure etxeko plaza intimo, eguneroko horien markadore fisiko eta sozial bat. Denboraren eraikuntza zehatz bat ahalbidetzen duen gailu bat ere bada telebista: geroz eta gehiago denboraren eraikuntza hori konpartitua da beste pantaila batzuekin —tabletak, sakelako telefonoak, ordenagailuak…—, baina aitzakia oraindik ere telebista deitzen dugun artefaktuak ematen digu. Alde horretatik, eta aisiaren esparrutik, garrantzi ikaragarria du gure bizitzetan.

Telebista piztuta dagoela eskaintzen zaion arreta ere aztertu duzu. Zer ondorio atera dituzu?

Ez dela inoiz %100ekoa. Interes handiko zerbait ikusten ari garenean ere, berehala norbaitekin konpartitu nahi izaten dugu —bai ondokoarekin edo bai sare sozialen bidez, adibidez—. Eta batere interesik ez duen zerbait denean, noski, berehala jotzen dugu elkarrizketara. Arretak eta konpainiak binomio bat osatzen dute finean, ezin dira bata bestearengandik bereizita aztertu. Geroz eta gutxiago, Twitter, Whatsapp eta halako fenomenoen eraginez, zeinek beste elkarrizketa geruza bat gaineratzen dioten telebistari.

Gero eta gehiago hitz egiten da bigarren pantailaz. Zer eragin du horrek kontsumoan?

Aldatzen ari da, baina berriro ere, aldaketak gainjarrita daude, ez du batek bestea ordezkatu: aldibereko kontsumoak, aldibereko arretak, espazio mediatiko banatuak... gauza berri-zaharrak bizitzen ari gara. Telebistarengan presio ikaragarria egiten ari gara oharkabean alda dadin. Harritzen nau ETBk fenomeno kuantitatibo eta kualitatibo masibo honen inguruan egoera ulertzeko eta aurrera begira neurririk hartu ez izana. Harritu eta larritzen nau.

Azkenaldian sare sozialetan hainbat lagun kezkatuta azaldu dira euskarazko telebistak dituen ikusle kopuru txikiengatik. Alda al daiteke hori?

Baditugu aukerak. Badugu azpiegitura inportante bat, badugu behar bat, eta badugu une bat gauzak saiatzeko. Euskarazko telebista publikoaren datu eskasek askatasun osoa ematen diote telebista publiko gisa egin beharko lukeena birpentsatu eta planteamendu berri bat egiteko. Bestetik, igarotze une transmediatiko honetan euskal hiztunen komunitateak gauza harrigarriak emango ditu. Telebistak aukera du joko eremu horretan eragile bihurtzeko, edo alde batera gelditzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Plaka, kenduta, Donostiako Gaskonia plazan. ©Joseba Alvarez

Txillardegi omentzeko plaka kendu dute Donostiako Gaskonia plazatik

Berria

Txillardegi Plaza zioen plakak hiru urte zeramatzan jarrita, 2019an Txillardegi Liburutegia ekimenak jarri zuenetik.

Julen Nafarrate eta Ines Bermejo artistak. / ©BERRIA

Ikusezintasuna ez dadin betiko izan

Amaia Igartua Aristondo, Bizkaiko Hitza

Julen Nafarrate kazetariak eta Ines Bermejo artistak ‘Gu ere bagara’ proiektua abiatu dute, Getxoko 65 urtetik gorako LGTBI pertsonen bizipenak jasotzeko. Haiei “ikusgaitasuna” ematea da helburua.

Euskara aurrera, milaka lagun Donostian euskararen alde

Milaka lagunek Donostiako kaleak hartu dituzte euskararen alde

Julen Aperribai

Ohikoan baino nabarmen handiagoa izan da gazteen presentzia, manifestazioan zein aldarrikapenetan. Euskal Herrian euskaraz bizitzeko dauden oztopoengatik «kezka» agertu dute antolatzaileek

UEUko zuzendariak omendu zituzten, UEUko kide guziei emandako omenaldi gisa. ©BOB EDME

Euskal unibertsitatea obretan, baina irekia

Ekhi Erremundegi Beloki

Udako Euskal Unibertsitateen 50. urteurrena ospatu dute Miarritzen, aurtengo ikastaroei hasiera emateko ekitaldian. Urteetan UEU egin dutenak omentzeko eta etorkizunerako erronkez mintzatzeko aukera izan da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.