Memoria historikoa

Nafarroako memoria historikoaren azterketan 11.000 erreferentziatik gora bildu dituzte

Datu base batean bildu dituzte datuak, baina kopurua igo egingo dela aurreratu dute, azterketa amaitu gabe baitago.

2016ko urtarrilaren 15a
20:48
Entzun

Bizilekua oinarri hartuta aztertu du lurraldeko memoria historikoa Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerketa taldeak. Jasotako datuak datu base batean jaso ditu, sarean. Guztira 11.300 erreferentzia bildu dituztela adierazi du gaur Nafarroako Parlamentuan Emilio Majuelo irakasle eta ikerketa taldeko kideak. Baina datua handitu egingo dela aurreratu du, oraindik 80.000 dokumentutik gora baitituzte aztertzeko. Horiei, frankismo garaiko azterketatik jasotakoak gehitu beharko zaizkie, oraindik ez baitira hasi garai hori aztertzen.

Jasoak dituzten erreferentziei gehitzeko beste 2.800 kasu dituzte. Gaiari buruzko hainbat lan monografiko argitaratu zain daude kasu horiek ere aztertu eta datu basera eransteko. Horrez gain, genero indarkeriarekin lotutako beste 500 izen ere badituzte, emakume espetxeetan jasotako dokumentuetatik ateratakoak.

Majuelok azaldu duenez, "lan metodologiko oso zehatza" ari dira egiten, eta 2011n Nafarroako Parlamentuarekin hitzartutako lana osatu ezinda dabiltza. "Orain arte beste inon egin diren azterketetan baino zehaztasun gehiagorekin ari gara jasotzen datuak", zehaztu du irakasleak. Horri lau urte hauetan parlamentuak lantaldeari eskatu dizkion bestelako txostenak egiteko behar izan duten debora gehitu behar zaiola esan du Majuelok atzerapena azaltzeko. Horregatik, Nafarroako Parlementuari eskari zuzena egin diote gaur ikerketa taldeko kideek: datozen lau urteetan gaiari lotutako inbertsioak handitzea, lana guztiz bukatu ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.