Erabakitzeko eskubidea

Azpeitian herri galdeketa egingo dute ekainaren 12an, independentziari buruz

Honako hau izango da galdera: "Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?". Hitzartu sortu dute galdeketa egiteko, eta 1.500 sinadura lortu nahi dituzte.

Azpeitiko Soreasu Antzokian egin duten aurkezpena. ENEKOITZ ESNAOLA
Oihana Elduaien Uranga.
2016ko urtarrilaren 16a
09:11
Entzun

Herritarren %10en sinadurak lortu nahi dituzte Hitzartuko kideek, herri galdeketa egiteko; 1.500 sinadura. Martxoaren erdialderako sinadura horiek lortzen badituzte, galdeketak egin egingo dira. Eguna eta galdera zehaztuak dituzte: ekainaren 12an egingo dute galdeketa, eta honako galdera honi erantzun beharko diete herritarrek: "Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?". Erantzunak "Bai" edo "Ez" izango dira. 16 urtetik gorako herritarrek bozkatu ahal izango dute.

Galdeketa aurrera eramateko, Hitzartu sortu dute. 160 lagun inguru izan dira gaur Azpeitiko Soreasu antzokian egin duten aurkezpenean (idatzia), eta, jakinarazi dutenez, 15 laguneko talde eragilea sortu dute, egunero lanean aritzeko. Izan ere, haien ustez, "erabakitzeko eskubidearen alde egotea ezin da egote hutsa izan: jarrera aktiboa eskatzen du". Horregatik, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko tresnak jarriko dituzte, "erabakitzeko eskubidea guztion topalekua dela sinetsita".

Galdeketarekin bat egin dute, esate baterako, Eneko Etxeberria alkateak, IƱaki Errazkin alkate ohiak, EH Bilduko Aitor Bereziartua zinegotziak, EAJko Aitor Gorrotxategik, Xanti Gurrutxagak eta Jose Urbistondok, Xabier Etxeberria preso ohiak, eta herriko hainbat kultur, kirol eta herri mugimendutako hainbat eragilek.

Parte hartzea bultzatu nahi dute Hitzartuko kideek: "Erabakitzeko eskubidea guztion topalekua dela sinetsita gaude. Gure iritziz, subiranotasun edo herri antolaketa auziak bezala, modu baketsuan, demokraziaren arauak betez eta herritarron parte hartzea sakonduz bideratu beharko lirateke, aukera guztiak errespetatuz eta posible eginez, eta erabakia herritarron borondatean eta nahietan oinarrituz".

Sinadura eguna Goierrin eta mahai ingurua Areetan

Goierrin ere iragarria dute galdeketa egingo dutela. Gure Esku Dago-k ekainaren 19rako du aurreikusia galdeketa han, eta gaur ari dira horretarako beharrezkoak dituzten sinadurak biltzen. Sinadura eguna antolatu dute eskualdeko 22 herritan. Izan ere, 6.000 sinadura lortu nahi dituzte hila amaitu aurretik. Bihar ere egongo da sinatzeko aukera.

Erabakitzeko eskubidearekin lotuta, hitzaldi bat ere izango da asteartean Areetan (Bizkaia). Open Akademiak antolatuta, Juan Jose Ibarretxe, Angel Oiarbide, Pako Letamendia eta Rozio Luces ariko dira, erabakitzeko eskubidearen inguruan, solasean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.