Musika

Paul Kantner hil da, Jefferson Airplane taldearen sortzailea

1960ko hamarkadan Kalifornian garatutako psikodeliaren eragile nagusietakoa izan zen

Paul Kantner, 2009an. PETER FOLEY
mikel lizarralde
2016ko urtarrilaren 29a
12:47
Entzun

Ez ditu musikazaleak harritu Paul Kantner (San Francisco, AEB, 1942) musikariaren heriotzak. Azkeneko urteetan osasun arazoak izan ditu, eta iazko martxoan bihotzekoa izan zuen. Atzo eman zuen San Francisco Chronicle egunkariak haren heriotzaren berri. 74 urterekin eta jaio zen hiri berean hil da Kantner, Jefferson Airplane talde ikonikoaren sortzaile eta gitarrista izan zena.

Marty Balin kantariaren ekimenez sortu zuten Jefferson Airplane 1965ean Kantnerrek, Jorma Kaukonen gitarristak, Signe Toyle kantariak, Bob Harvey baxu jotzaileak eta Jerry Peloquin bateria jotzaileak, eta berehala bihurtuko zen hamarkadaren amaieran Kalifornian garatuko zen kontrakulturaren ikur nagusietakoa. Gai politikoak eta zientzia-fikzioa uztartzen zituen Kantnerrek bere hitzetan, musikak rockean zabaltzen ari ziren tonu psikodelikoak nabarmentzen ziren bitartean. Kantner izan zen, hain zuzen ere, garaiko kantu ezagun askoren egilea: Watch her Ride, The Ballad of You and Me and Pooneil, Crown of Creation... Balinekin lau eskutara idatzitakoak dira, berriz, Today eta Volunteers.

[YouTube]https://youtu.be/OzHBr0ndKus[/YouTube]

Garai hartan egin ziren makrojaialdi guztietan hartu zuen parte Jefferson Airplanek. Montereyn izan zen 1967an, Woodstcocken 1969an eta baita Altamonten ere (1969). Urte loriatsu haien ondoren, ordea, barne tentsioak agerian gelditu ziren, eta Kantner bakarka estreinatu zen (Blows Against The Empire, 1970), bere hurrengo proiektua izango zenari nolabaiteko bidea eginez. Izan ere, Jefferson Airplanen ibilitako kide batzuekin eta beste musikari batzuekin, ibilbide arrakastatsu eta komertzialagoa abiatuko zuen Jefferson Starship proiektuarekin.

[YouTube]https://youtu.be/sXmrMMYpQL4[/YouTube]

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.