EUSKARA

Jaurlaritzak euskarazko zortzi hiztegi aurkeztu ditu

Bi hiztegi elebidunak dira, eta beste seiak, alor ugaritako hiztegi terminologikoak.

Hiztegien aurkezpena, Donostian.
Hiztegien aurkezpena, Donostian. Jon Urbe / Argazki Press

Berria -

2016ko otsailak 11

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak aurkeztu ditu hiztegiak, Donostian. Ekitaldian, Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikaz gain, Jokin Azkue Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak, Xabier Legarreta Kontsumobideko zuzendariak, Xabier Balerdi Eusko Jaurlaritzako Justizia Saileko ordezkariak, Iñaki Laskurain Euskadiko Errugbi Federazioko lehendakariak, Olatz Osa Elkar Argitaletxeko zuzendariak, Josu Aztiria Elhuyar Fundazioko ordezkariak, Eneko Oregi Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Euskara zuzendariordeak eta Araceli Diaz de Lezana Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren Hizkuntza Plangintzako arduradunak hartu dute parte.

Aurkeztu diren hiztegi guztiak on line kontsultatu daitezke euskara.euskadi.eus webgunean.

Bi hiztegi elebidun aurkeztu dira: Lehenengoa, Elhuyar hiztegiaren sareko bertsio eguneratua izan da. 2000. urtetik kontsultatu daiteke webgune berean. Bigarrena, alemana-euskara / euskara-alemana hiztegia izan da. Elkar Argitaletxeak paperezko formatuan kaleratu zuen 2006. urtean. Gaurtik aurrera, ordea, sarean dago kontsultagai.

Horiez gain, Euskararen Aholku Batzordearen barruan dagoen Terminologia Batzordeak onartutako sei hiztegi terminologiko argitaratu dituzte (2002an martxan jarri zenetik, Terminologia Batzordeak 52 hiztegi terminologiko onartu ditu). Hauek dira sei hiztegi terminologikoak, arloka sailkatuta:

Hizkuntza-paisaian, Merkataritza eta Kontsumoaren arloan: Merkataritza eta Marketina Hiztegia eta Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsa Hiztegia.

Kirolaren arloan: Errugbi Hiztegia eta Mendizaletasuna Hiztegia.

Herri-administrazioa eta Zuzenbide arloan: Herri-ogasuna Hiztegia eta Prozedura Kriminala Hiztegia.

Azkenik, Terminologia Batzordeak onartutako lan berezi bat ere aurkeztu dute: Hizketa-ereduak. Lan horrek hainbat egoeratarako elkarrizketa-ereduak eskaintzen ditu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna