indarkeria matxista

Maitasun erromantikoak eragina du gazteen indarkeria matxistan

Gipuzkoako 60 gazterekin ikerketa egin dute, gazteen sexu osasunerako eta ugalketarako kaltegarriak izan daitezkeen eta indarkeria sor dezaketen portaerak eta jarrerak detektatzeko. Medicus Mundik Farapi kooperatibarekin eta EHUko Antropologia Saileko kideekin batera egin du azterketa.

Farapiko Kortajarena, Medicus Mundiko Hierro eta EHUko Bullen, gaur egin duten aurkezpenean. ANDONI CANELLADA
2016ko otsailaren 12a
11:16
Entzun

Azken urteetan generoaren inguruan egin diren kontzientziazio eta sentsibilizazio ekintzei esker, emakumeen eta gizonen arteko harremanetan "positiboak" izan diren aldaketa batzuk antzeman ditu Medicus Mundik Gipuzkoako 13 eta 18 urte arteko gazteen artean. Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko ereduetan hainbat aldaketa izan direla ere ikusi du erakundeak, baina teorian gertatzen dena praktikara eramateko zailtasunak dituztela ondorioztatu du. Horregatik, "maitasunaren idearioaren inguruko ezagutza zabaltzeko" lanean jarraitzeko beharra nabarmendu du, gaur egun gazteek sexu osasunari eta ugalketari buruz eta bikotearen eta harremanen ikusmoldeari buruz dituzten ideiak aldatzeko.

Gaur aurkeztu dituzte ikerketaren ondorioak Medicus Mundiko Gema Hierrok, Farapiko Leire Kortajarenak eta EHUko Maggie Bullenek. Aurkezpenean azaldu dutenez, sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak ugaritzeko beharra dagoela uste dute, "gazteen errealitatera egokitu eta berdintasunerantz pausoak emateko". Gazteak oinarri dituen praktika bat sortu behar dela dio, eta horretan jardungo du orain. Azterketa egin duten gazteekin lanean jarraituko dute, maitasun erromantikoak gazteen artean sor ditzakeen indarkeria-matxista ereduak lantzeko.

"Maitasunaren mito tradizionalak eguneratzen" ari direla antzeman du ikerketa taldeak, "nahiz eta oraindik gazteek pentsatzen duten beste pertsona bat beharrezkoa dela erabateko osotasuna lortzeko". Gatazka eta maitasuna eskutik doazela uste dute gazteek, eta "oraindik ere kontrol jarrerak jeloskortasunarekin lotzen dituzte". Teknologia berriek ideia hori indartu egin dutela uste dute ikerketaren egileek, eta bikotekidearekin inolako loturarik gabeko gunerik eta unerik ez dela izaten ikusi dute. Zehaztu dutenez, "badirudi puntu honetan neskek gehiago onartzen dutela bere bikotekidearentzat beti prest egon behar hori".

Ikerketan jaso dutenez, gizonen eta emakumeen berdintasunari lotutako "funtsezko balioak nahiko onartuta" dauzkate gazteek, baina "izan beharko lukeenaren eta benetan gertatzen denaren artean hainbat desberdintasun zilegitzat jotzen dituzte oraindik". Gorputza objektu gisa ikusten dute, "desioaren eta kontsumoaren elementu bezala", batez ere emakumearena.

Indarkeria fisikoari buruz gazteek duten kontzientziazioak gora egin duela nabarmendu du Medicus Mundik, "baina beraiengandik urrun gertatzen dela pentsatzen dute oraindik". Hala ere, ikerketa egiteko gazteen artean sortu dituzten lantaldeetan, "kontrol eta jazarpen esperientziak" antzeman dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.