AHAL DUGU

Nagua Alba izango da Ahal Dugu-ko idazkari nagusi Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Roberto Uriarteren lekukoa hartuko du. Botoen %36,67 lortu du. Pilar Garrido izan da bigarren (%32,21), eta Neskutz Rodriguez hirugarren (%24,01). Hiritar Kontseiluko 34 kideetatik 28 dira Albaren zerrendakoak.

Alba eta bere taldeko kideak, kanpainan. AURRERA BEGIRA, @AURRERABEGIRA_
jokin sagarzazu
2016ko martxoaren 7a
07:46
Entzun

Nagua Alba Espainiako Kongresuko parlamentaria izango da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Ahal Duguko idazkari nagusi. 1076 boto (%36,67) lortu ditu Albak. Pilar Garrido izan da bigarren, 943 botorekin (%32,21) eta Neskutz Rodriguez hirugarren, 707rekin (%24,01). Parte hartzea %21,55koa izan da. Denera, 3.203 lagunek eman dute botoa.

Espainiako Podemosen zuzendaritzaren babesa zuen Albak, eta berarekin batera Aurrera Begira deituriko zerrendan aurkeztutako kideak izango dira nagusi Hiritar Kontseiluan. Zuzendaritzako 34 kideetatik 28 dira talde horretakoak. Era berean, Bermeen Batzordeko sei kideetatik bost dira Aurrera Begira-koak, eta bestea independentea.

Pilar Garrido Kaliangorako hautagaia izan da bigarren bozkatuena. Sei kide baino ez ditu izango Hiritar Kontseiluan. Roberto Uriarte idazkari naguisi ohiaren babesa zuen korronte horrek. Zenbait iturrik zabaldu dutenez, emaitzak jakin aurretik auditoria bat eskatu dute Kaliangorakoek.

Neskutz Rodriguezen Zurekin Ahal Dugu hautagaitzak ez du ordezkaririk izango zuzendaritza berrian, ezta ere Amaia Arkotxaren Euskadi Baita Ere-k. Aurreko zuzendaritzan ordezkaritza zuten talde horiek, eta Rodriguez kide ere bazen.

Sergio Pascualek eman du gaur astelehen arratsaldean izendapenaren berri. Berez, biharko iragarri zituzten emaitzak, baina gaur arratsaldera aurreratu dute, zenbaketa aurreikusi baino bizkorrago egin dutelako, sistema informatikoek zuzen funtzionatu dutelako, Pascualek azpimarratu duenez.

Albak (Donostia, 1990) gertutik ezagutu zuen Podemosen sorrera. Madrildik Euskal Herrira eta alderantziz aritu da azken urte eta erdian. Psikologia lizentziaduna da. Espainiako hiriburuan ikasketak egiten ari zela hurbildu zen Pablo Iglesias, Iñigo Errejon eta besteen taldera. Podemosen Herritar Kontseiluko kide izandakoa da —sare sozialen arduraduna—, eta Espainiako Gorteetarako bozetan diputatu aukeratu zuten Gipuzkoan.

Ia 15.000 lagun zeuden izena emanda. Ostegunean hasi duten Ahal Dugun zuzendaritza berria aukeratzeko bozketa. 15.000 lagunek eman zuten izena bozketan parte hartzeko. Roberto Uriarte aurreko idazkari nagusiak kargua utzi zuenetik, zuzendaritzarik gabe zegoen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ahal Dugu, iazko azarotik. Podemoseko buruen konfiantzarik ez zuelako utzi zuen kargua Uriartek, azaroan, baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere bazituen kontrarioak. Batzorde tekniko bat eratu zuten kanpainarako. Otsailaren 29an hasi zuten hautagaiek kanpaina, eta igandean amaitu zen.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.