estreinaldia

'Altzoko Haundia' txotxongilo-opera Donostian estreinatuko dute igandean

[youtube]https://youtu.be/QI7qC-gR3F4[/youtube]

Ihintza Elustondo
2016ko martxoaren 16a
07:50
Entzun

Migel Joakin Eleizegi Altzoko Handia-ren bizitzan oinarritutako haurrentzako txotxongilo-opera lehen aldiz emango dute Donostian igandean. Bi saio izango dira: 12:00etan eta 18:00etan. Donostia 2016k eta Topic Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroak ondu dute ikuskizuna, eta Idoia Otegi Topicen zuzendariaren arabera, “berrikuntza” bat da txotxongiloak eta opera uztartzea Euskal Herrian. Irailean aurrestreinaldi bat egin zuten Tolosan (Gipuzkoa), eta Charleville-Mezieres hiriko (Frantzia) nazioarteko txotxongilo jaialdian ere eman zuten.

David Azurza konpositoreak sortu du musika eta Koldo Izagirrek idatzi du libretoa. Txotxongiloak berriz, Nestor Basterretxeak egindakoak dira. Orfeoi Txikiko 30 haur inguru ariko dira kantuan, eta abesteaz gain, parte hartuko dute emanaldian. Izen horiek tarteko, ikuskizunaren “kalitatea” nabarmendu dute antolatzaileek, eta argitu dute atzerriko herrialde ugarik hara eramateko interesa agertu dutela: Errusiak, Hegoafrikak, Espainiako zenbait hirik...

Xabi Paya Donostia 2016ko programazio arduradunaren arabera, elkarbizitzaren ideiarekin bat egiten du emanaldiak, “ezberdin” baten istorioa kontatzen duelako. Izan ere, Altzoko Handia erraldoia zen —2,42 metro neurtzera iritsi zen—, eta hori dela eta, Europan zehar bidaiarazi zuten. Bere altuera harrigarri gertatzen zen ingurukoentzat, eta bat baino gehiago horrekin negozioa egiten saiatu ziren. “Zirkuko fenomeno bat balitz bezala” erabili zuten, azaldu du Otegik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.