Iruña-Veleia

Tramiterako onartu dute Iruña-Veleiako egungo zuzendariaren aurkako kereila

Gasteizko 1. Instrukzio Epaitegiak tramiterako onartu du SOS Iruña-Veleia elkarteak Julio Nuñez egungo Iruña-Veleiako zuzendariaren aurka jarritako kereila. "Ondareari kalte egitea eta justizia oztopatzea" leporatzen diote.

Sos Iruña-Veleia elkartearen elkarretaratzea, 2011n, indusketa orubearen aurrean. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
Ihintza Elustondo
2016ko apirilaren 19a
12:26
Entzun

Adierazpen baten bidez, SOS Iruña-Veleia elkarteak jakinarazi du ostiralean deklaratuko duela Nuñezek —2010etik dago zuzendari karguan—. Aztarnategiko lehengo zuzendari Eliseo Gil defendatzeko sortu zen elkartea —Iruña-Veleiako ostrakak faltsutzea leporatzen diote arkeologoari; epaitegietan da auzia, eta ostraken egiazkotasuna zalantzan dago oraindik—.

2005 eta 2006. urteen artean Lurmen enpresak aurkitu zituen ostraka horiek III. IV. eta V. mendeetako zeramikazko zatietan, eta euskara eta kristautasuna III. menderako sortuak zirela azaldu zuten orduan. Gerora Ertzaintzak egindako ikerketa batek faltsutzat jo zituen aurkikuntzak. Kasua auzibidean dago oraindik.

Bien bitartean, Iruña-Veleia SOS elkarteak salatu zuen hondeamakinak inguruan sartuta bertako ondarea hondatzeko arriskuan zegoela. 2010ean salaketa bat jarri zuten, baina epaitegiak artxibatu egin zuen. 2015ean, ordea, aztarnategiko beste gune batean kalteak eragin zirelakoan, beste salaketa bat aurkeztu zuen elkarteak. Salaketa hori aintzat hartu du orain epaitegiak, eta Nuñez deklaratzera deitu du, "ondareari kalte egin eta justizia oztopatu" ahal izan duelakoan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.