Albistea entzun

Euskal presoak

Sakabanaketaren bihurguneetan barrena gidari

Mirentxin taldeko gidariek furgoneta martxa egingo dute etzi Bilboko kaleetan zehar. Mirentxin osatzen duten gidariek zein presoen gertukoek oso garrantzitsu irizten diote taldearen lanari. Bideoa: gidarien lanaz egindako erreportajea (Lara Madinabeitia, BerriaTB).

Gotzon Hermosilla -

2016ko maiatzak 5 12:28

Pentsatzekoa da datorren larunbatean jendez lepo egongo dela Larrabetzu (Bizkaia), hori iradokitzen baitu egun horretarako prestaturiko egitarau joriak. Baina maiatzaren 7rako oraindik egun batzuk falta direlarik, lasai dago herria, eta plazan jolasean ari diren umeek eta horiek zaintzen dituzten gurasoek baino ez dute isiltasuna urratzen.

Bat-bateran, furgoneta bi iritsi dira herrira; hantxe dute hitzordua BERRIArekin. Beste edozein furgonetaren modukoak dira, ez dute inolako bereizgarririk, baina kilometro eta bizipen ugari biltzen dira haien gurpiletan. Asteburu guztietan, furgoneta horiek, eta horien moduko beste zazpi, Espainia eta Frantziako kartzeletara abiatu ohi dira, euskal presoei euren senide eta lagunen beroa eramatera. Mirentxin gidari boluntarioen ibilgailuak dira, herritarren elkartasunari esker lortuak.

Datorren larunbatean, bi furgoneta horiek beste ibilbide bat egingo dute. Eta horiekin batera, beste ehunka ibilgailuk. Furgoneta martxa antolatu du Mirentxinek, Larrabetzutik abiatu eta Bilboko kaleak zeharkatuko dituena, euskal presoen sakabanaketaren errealitatea eta horrek dakartzan ondorioak agerian uzteko asmoz. Gutxienez 400 furgoneta bildu nahi dituzte Mirentxinekoek ekitaldi horretan, preso bakoitzeko bana, gutxi gorabehera. Eta horrekin, gizarteari ikusarazi astero-astero euskal presoen senide eta lagunek egin behar duten bidea.

Hamasei urteko lana

Gari Urizar Mirentxineko Bilboko taldeko kidea da. Urteak daramatza horretan, eta askotan egokitu zaio furgoneta bat Espainiako edo Frantziako kartzela bateraino gidatu behar izatea, baina aspaldi honetan ez du halakorik egin, eta bestelako lanak hartzen ditu bere gain: egutegia kudeatzea, furgoneta guztietan gidariak egongo direla bermatzea, txanden kontrola, furgonetak prest egon daitezela ziurtatzea eta abar. «Nahiago nuke kartzeletara joan ahal izatea eta lan hau beste norbaitek hartuko balu, baina horrela daude gauzak», azaldu du.

Esan duenez, duela 16 urte sortu zen Mirentxin, lagun talde bat bere burua antolatzen hasi zenean Manu Legarreta-Etxebarriaren senitartekoak —horien artean, Mirentxin Aurrekoetxea emaztea; taldeak hortik hartu zuen izena— Algecirasko kartzelara (Espainia) eramateko, hara joateko beste modurik ez zutela ikusita. Azkar konturatu ziren arazoa ez zela familia bakar batena eta beste asko antzeko egoeran zeudela, eta beste batzuei ere laguntzen hasi ziren.

Durangon eta Bilbon (Bizkaia) eratu ziren lehenengo bi taldeak, eta, hasieran, nork bere autoa erabiltzen zuen senideak kartzeletara eramateko. Preso baten baino gehiagoren senitartekoak eraman beharra suertatzen zenean, furgonetak alokatzen hasi ziren, eta eskaera handia zela ikusi zutenean, bigarren eskuko furgoneta bat erosi zuten.

Hori izan zen Mirentxin taldearen ernamuina, hamabost bat gidarirekin, baina geroztik asko garatu da elkartasun keinu xume gisa sortu zen hura. Gaur egun, 9 bat taldek osatzen dute Mirentxin, beste horrenbeste furgonetarekin, zozketa, materialaren salmenta eta herritarren elkartasunari esker lortuak. Euskal Herriko herrialde guztietara iristen dira, 846 gidari boluntario dituzte eta hamalau kartzelatara joaten dira.

Behin neurri hori hartuta, garrantzitsua da lana koordinatzea: «Bilboko taldeak orain Granadarako [Espainia] bidaiak egiten ditu», azaldu du Urizarrek, «baina hamasei urte hauetan denetarik egokitu zaigu: Caceres, Badajoz, Mansilla (Espainia), Valentzia, Alacant (Herrialde Katalanak) eta abar. Senideak nongoak diren, horren arabera moldatzen ditugu bidaiak. Adibidez, Leonerako bidaia Bilboko taldeak egiten zuen lehen, baina gero ikusi genuen egokiagoa zela furgoneta hori Gipuzkoatik ateratzea eta Bilbon bertoko senideak hartzea».

Talde bakoitzak bere funtzionamendua du, baina denek jarraitzen diete antzeko irizpideei. Adibidez, saiatzen dira gidari boluntarioen zerrenda luzeak lortzen, gidari bakoitzari egokitzen zaion bidaia kopurua ahalik eta txikiena izan dadin: «Urte pila bat daramagu, ez du ematen hau lau egunean amaituko denik, eta badakigu ez dugula jendea erre behar», azaldu du Urizarrek. Bilbon, esaterako, lau hilabeteko egutegiak antolatzen dituzte eta, hortaz, gidari bakoitzak lau hilabetean behin egiten du bidaia gehienez. Beste zenbait lekutan, berriz, urtean behin egiten dute bidaia. Beste irizpide bat ere ezarri dute: bidaia guztietan bi gidari joan ohi dira, txandaka gidatzen dutenak.

Oztopo ugari

Hamasei urte hauetan, ehunka bidaia eta milaka kilometro egin dituzte Mirentxineko kideek. Eta arazoak ez dira falta izan, mota guztietakoak gainera: «Arazoak izan ditugu Poliziarekin, matxura mekanikoekin, eguraldiarekin eta abar. Inoiz istripuren bat ere izan dugu», azaldu du Urizarrek. Larriena, beharbada, Clairbauxeko kartzelarako bidean (Frantzia) gertatutakoa: hara zihoan Bilboko furgonetaren bidean kamioi bat gurutzatu zen, eta, kolpearen ondorioz, furgonetaren gidaria zauriturik suertatu zen, eta atzamar bat galdu zuen. «Beste istripu pare bat ere izan dugu, baina, zorionez, ezer larririk ez», zehaztu du Urizarrek.

Ohikoagoak izan dira poliziek jarritako oztopoak: «Garai batean, gidariek furgonetan lo egiten zuten senitartekoek bisita egiten zuten bitartean, atseden hartu ahal izateko. Kordoban (Espainia), esaterako, gu lokartu arte itxaroten zuten poliziek gugana etorri eta dokumentazioa eskatzeko. Asteburuko kontua izaten zen. Alacanten, berriz, zuzenean joaten ziren gidariak zeuden ostatura». 2013an, Mirentxinen furgoneta bat harrikatu egin zuten Murtzian (Espainia), baina, zorionez, ez zen zauriturik izan.

Irantzu Zuazua ere Mirentxineko kidea da, Durangoko taldekoa. Hamar urte eman ditu kartzeletara bidaiak egiten: «Bikoteka antolatzen gara, eta normalean bikote bakoitzak urtean bidaia bi egiten ditu», azaldu du.

Pozik dago Zuazua egindako lanarekin: «Oso esperientzia polita da. Kanpotik jendeak pentsa dezake asteburua izorratu egiten zaizula horren truke ezer ez jasotzeko, baina ez da horrela, jendearen irribarrea eta esker ona delako eskaini ahal dizuten gauzarik politena. Oso aberasgarria da. Jende heldua ikustea eta sentitzea zure lanari esker heltzen direla euren senideak ikustera eta, bestela, ez liratekeela helduko, oso esperientzia polita da».

Hamar urte hauetan ez du aparteko arazorik izan kartzeletara egindako bidaietan, matxurak alde batera utzita: lehen furgoneta zahar bat erabiltzen zuten, «kaka bat, mila bider botata utzi gaituena, Frantzia erdian-eta», baina berria erosi dutenetik arazoak desagertu dira ia erabat.

Garbiñe Etxebarria, berriz, Josu Ginea Larrabetzuko presoaren laguna da. Frantziako espetxeetan zazpi urte eta erdi eman ostean, 2010ean Espainiara bidali zuten Ginea, eta geroztik preso egon da Espainiako zenbait kartzelatan; orain Almerian dago, Euskal Herritik mila kilometrora.

Batzuetan, senitartekoen bisita izaten du Gineak, eta beste batzuetan, Etxeberria eta horren senarrarena, baina den-denek Mirentxinek eskaintzen dien zerbitzua erabiltzen dute Almeriara joan ahal izateko.

Ginea Estremerako kartzelan zegoelarik, 2011n, bisitatik bueltan istripua izan zuten Etxebarriak eta beronen senarrak. «Ni gidari nentorren, eta, zorionez, ez zitzaigun ezer pasatu, baina autoa txiki-txiki eginda gelditu zen. Arrisku horiek gainetik kendu ahal izatea izugarria da. Horretan Mirentxinek egiten duen lanak ez du izenik», esan du.

Etxebarriak erabiltzen duen furgoneta Iruñetik abiatu ohi da, eta hango senideak eramaten ditu Gasteizera. Bizkaikoak, berriz, —Larrabetzukoez gain, Gernika eta Galdakaokoak ere badaude— autoz joaten dira Gasteizera, eta han Mirentxineko furgonetak denak hartzen ditu: «Mirentxinengatik ez balitz, jende askorentzat ezinezkoa izango litzateke astero Almeriara joatea. Adineko jendea dago, gidatzeko baimenik ez duena eta abar. Mirentxinen lana babestu beharra dago, dudarik gabe».

Urizarrek dioenez, Mirentxin ez da «eragile politikoa», ezpada «boluntarioek osatutako elkartasun taldea», eta haien lanak, presoen gertukoentzat garrantzitsua izanagatik, ez du aparteko proiekzio publikorik izan. Baina orain urrats bat egitea erabaki dute: «Zerbait polit antolatu nahi genuen, pentsatzen dugulako sakabanaketaren arazoa hor dagoela eta salatu beharra zegoela. Baina ez genuen ohiko mobilizazioa egin nahi, zerbait desberdin baizik, eta furgoneta martxa antolatzea bururatu zitzaigun».

Furgoneta martxa 11:00etan abiatuko da Larrabetzuko Sasiene industrialdetik. Txorierriko autobidean joango dira, eta Galdakaon A-8 autobidea hartu ostean, 13:30ean sartuko dira Bilbora, Basurturik. Une horretan, Basurtuko erietxearen aurrean, elkarretaratze bat izango da, zenbait sindikatuk antolatuta, gaixo handi dauden presoen egoera salatzeko.

Basurturik Plaza Biribileraino, nazio manifestazioen ohiko ibilbidea egingo du furgoneta martxak, eta Plaza Biribilean performance bat egongo da. Handik udaletxera joko dute furgonetek, eta Zumalakarregi etorbidea hartuta berriro itzuliko dira Larrabetzura.

Eta zein da ekitaldiaren helburua? «Asteburuero gertatzen den zerbait ikusarazi nahi diogu euskal gizarteari», esan du Urizarrek. «Asteburu guztietan, 400 familia inguruk autoa edo beste garraiobideren bat hartzen dute Euskal Herriko leku askotan, eta kilometro mordoa egin behar izaten dute haien senideak ikusi ahal izateko. Hori islatu nahi genuen».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Aingeru Zudairek begi bateko ikusmena galdu zuen pilotakada baten ondorioz, artxiboko irudia ©Jagoba Manterola / Foku

Aingeru Zudaireren kasua aztertu zuen epailea Gironara lekualdatu dute

Isabel Jaurena

Fermin Otamendi magistratuak Nafarroako zenbait kasu esanguratsuren ikerketan parte hartu du: garbitzaileen sektoreko protesten ondorioz egon ziren atxiloketak, 'Osasuna auzia', 'Cervera auzia', 'Davalor auzia' eta Aingeru Zudaireren kasua.

Pedro Azpiazu sailburua, gaur, Eusko Legebiltzarrean. ©L. RICO / EFE

EAJk eta PSEk oposizioaren zuzenketa partzial batzuk onartuko dituzte

Xabier Martin

Pedro Azpiazuk iragarri du oposizioak aurrekontuen inguruan egindako zuzenketa batzuen alde egingo dutela, 30 milioi euroko balioarekin. EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosei «koherentzia falta» dutela aurpegiratu die. Koalizioak esan du «errealiateak aurrean eraman» duela gobernua eta EPk «eredu politiko bati» egindako osoko zuzenketa dela berea.

Peio Etxeleku, lehen planoan, Elkarrekin Herriarentzat taldearen aurkezpenean. ©BOB EDME

«Pisua izan nahi dugu erabakietan, zatitu gabe»

Ekhi Erremundegi Beloki

Euskal Hirigune Elkargoan ikusten dituzten «akatsak» konpontzeko «kontsentsuak» lortu nahi ditu Etxelekuk talde politikoa sortuta. Baina «gehiengoak mugitu» daitezkeela dio.
 ©GUILLAUME FAUVEAU

Ezkerreko abertzaleen Bil Gaiten talde politikoa aurkeztu dute 27 hautetsik

Ekhi Erremundegi Beloki

EH Baiko hautetsiek bultzatu dute elkargoko taldea, baina guziak ez dira barne izango. Hautetsien lana «errazteko» beharra nabarmendu dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...