Iruzurra

Hiriko-ren arduradunak hamar urterako inhabilitatzea eskatu du fiskalak

Auto elektrikoa garatzeko laguntzak itzultzeko ere eskatu die fiskalak Afypaida enpresako lau kudeatzaileei.

Hirikoren lehen prototipoaen aurkezpena Europan. OLIVIER HOSLET
xabier martin
2016ko maiatzaren 12a
20:36
Entzun

Hiriko euskal auto elektrikoaren proiektua garatu zuen enpresako lau kudeatzaileek 15,7 milioi euroko laguntzak itzul ditzatela eskatu du auzia daraman fiskalak. Hiriko-ren enpresa nagusiarekin batera, beste hamabost daude autoa garatzeko proiektuan aritu zirenak, eta horiek ere laguntzak itzuli beharko dituzte, Gasteizko Merkataritza arloko epaitegiko titularrak fiskalaren eskaera aintzat hartzen badu.

Horrez gain, hamar urterako inhabilitazioa nahi du fiskalak Afypaidako lau arduradunentzat, eta Hiriko-ren proiektuan parte hartu zuten 19 sozietate kiebraren errudun izendatu daitezela. Jesus Etxabe, Iñigo Antia (EAJko kide ohiak biak), Jose Luis Bengoetxea eta Fernando Atxaerandio inhabilitatuko lituzkete epaileak fiskalaren eskaera onartuko balu.

"Negozio ereduaren zorroztasunik eza" kritikatu du fiskalak bere txostenean, eta baita "utzikeria" ere. Sortutako sozietateek helburu bakarra zuen, haren ustez: "Kudeatzaileak aberastea". Hori dela eta, "funts publikoak desagertu egin ziren". Proiektuari esker onura jasotako guztiek ardura solidarioa eduki dezaten nahi du fiskalak, diru-laguntza guztiak itzul daitezen, 15,7 milioi euro guztira. Fiskalak aipatu dituen enpresak hauek dira: Circuito Norte, Launorte, Universal Araba, Sociedad Alavesa de Inversiones, Constructora Lanbide, Basque Robot Wheels, Sapa Placecia, Sapa Operaciones, Maser, Denokinn,  Innolavab, Vilau Media, Talleres Arakistain, Isoird eta Luis Miguel Macias.

Fiskalak proposatzen du sozietate bakoitzak jasotako diru laguntzen araberako itzulketa egin dezaten. 15,7 milioi euro horietatik gehiena, 14,7 milioi euro, Espainiako Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak eman zuen, Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuaren garaian. Jaurlaritzak beste 974.500 euro jarri zituen.

Epsilon auziaren epaiketa, ekainaren 27an

Joan Villadelprat eta Mark Paynen aurkako epaiketa ekainaren 27an abiatuko da, Epsilon auziaren barruan. Arabako fiskalatzak zortzi urteko kartzela zigorra eskatzen du hala Villadelprat nola Paynentzat, Epsilon proiektuaren porrota dela eta. Gainera, bien artean 914.000 euroko isuna ordain dezaten proposatu du fiskalak, isun gisa eta  ardura zibilarengatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.