Albistea entzun

ETB NAFARROAN

ETBren emisioa eteteko agindua bertan behera uzteko eskatu dio Euskaltzaindiak Rajoyri

Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatzen duen gutunak dioenez, "agindu horrek, hala nahi duten nafarrei, galarazten dielako telebista Foru Komunitateko berezko bi hizkuntza ofizialetako batean hartzeko eskubidea".

Andres Urrutia euskaltzainburuak izenpetu du Rajoyri igorritako gutuna.
Andres Urrutia euskaltzainburuak izenpetu du Rajoyri igorritako gutuna. Jon Urbe / Argazki Press

Berria -

2016ko maiatzak 13 12:02

Nafarroan Euskal Telebistaren emisioa eteteko Espainiako Industria Ministerioak emandako agindua "bertan behera uzteko" eskatu dio Euskaltzaindiak Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteari. Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko lehendakari Iñigo Urkullu eta Uxue Barkosi ere gutun bana bidali die, eskaria luzatuz: "Zuen esku dagoen guztia egin dezazuen Euskal Telebistaren emisioak lehenbailehen berreskura daitezen Nafarroan".

Maiatzaren 5ean EiTBk ETBren seinalea itzali zuen Nafarroan. Aste bi lehenago, apirilaren 21ean, ETBren emisioa eteteko agindu zuen Espainiako Industria Ministerioak, UPNren gobernuak jarritako salaketa baten ondorioz; horrela ez egitekotan "ekipoen eta instalazioen zigilatzea" agindu zuen Madrilek. Agindua bete eta hilaren 5etik aurrera ezin izan da ikusi ETB ia Nafarroa osoan.

Ordutik hona, gizarteko hainbat sektorek emisioa etetea salatu eta auzia lehenbailehen konpon dezatela eskatu dute. Horiekin guztiekin bat eginda, Euskaltzaindiak beste horrenbeste egin du orain.

Hala, Rajoyri igorritako gutunean, euskarazko komunikabideen garrantzia azpimarratu du Euskaltzaindiak: “Euskara komunikabideetan egotea ezinbestekoa da euskara erabili eta garatzeko eta, aldi berean, herritarren eskubide ukaezina da komunikabideen eskaintza berezko hizkuntzetan hartzen dela bermatzea; eskaintza hori herritarrek bizitokia duten autonomia erkidegotik har dezakete edo hizkuntza hori bera berezko eta ofiziala duen beste erkidego batetik. Nafarroan bizi direnei dagokienez, eskubide hori bermaturik gelditzen da Euskal Autonomia Erkidegoko telebistak egiten dituen emanaldiekin”.

Horiek horrela, Espainiako Industria Ministerioaren aginduak “nafar herritarrei eskubide bat ukatzen” diela azpimarratu ondoren, agindu hori bertan behera uzteko eskatzen du Euskaltzaindiak.

Bestalde, Urkulluri eta Barkosi igorritako eskutitzetan, Euskaltzaindiak bere kezka agertu du: "Agindu berri horren aplikazioak, ezbairik gabe, ondorio txarrak ekarriko dizkio euskararen garapenari eta normalizazioari”. Euren esku dagoen guztia egin dezaten eskatu die. “Halaber -adierazten du Akademiak- espero izatekoa da bi erkidegoen artean sinatu berri den lankidetza protokoloa lagungarri izanen dela xede hori ahalbidetzeko”.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Nafarroako Unibersitate Ospitalea, artxiboko irudi batean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Kontuen Ganberak ebatzi duenez, «Osasunbidea ez da betetzen ari pazienteak artatzeko epeak»

Ion Orzaiz - Mikel Elkoroberezibar Beloki

Itxaron zerrendei buruzko txostena argitaratu du Nafarroako Kontuen Ganberak. Ondorioztatu du %29 handitu zirela 2018 eta 2022 bitartean.

Abuztuan izandako beroaldiaren irudi bat, Bilbon. ©JAVIER ZORRILLA / EFE

'El Niño', eta tenperaturak goia jo duen urtea

Iñaki Petxarroman

Munduko Meteorologia Erakundeak uztailean eman zuen hasitzat 'El Niño' fenomenoa. Jatorria Ozeano Barean du, baina eragin ohi duen tenperatura igoerak mundu osoa astindu du, inoizko udarik beroena izan baita. Alabaina, neguan izan ohi du indar handiena, eta uste dute 2024an nabarituko direla horren ondorioak.

 ©JAZKI FONTANEDA / FOKU

«Klima krisiari 'El Niño' gehituta, hurrengo urteak oso-oso beroak izango dira»

Nagore Arin - Iñaki Petxarroman

'El Niño' fenomenoak Euskal Herrian dituen ondorioak ikertu ditu, besteak beste, Tecnaliako ikertzaile eta Euskalmeteko meteorologoak.

 ©JON URBE / FOKU

«Jar ditzagun aditz errazak, jende guztiak erabiliko dituenak»

Arantxa Iraola

'Euskara orain. Eraginkortasuna helburu' lana atondu du Mendizabalek, euskararen egoera ikuspegi «ezohiko» batetik aztertze aldera. Aurrez ere ozen egina zuen euskara «sinplifikatzeko» eskea: berritu egin du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.