HIZKUNTZA

Gazteen euskararen erabileran sakontzeko alor ez-informalean eragin beharra, azalera

'Gu gazteok' ikerketaren emaitzak aurkeztu dituzte Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskararen Aholku Batzordeko Gazteriaren batzordeak.

Gazte ugari hizketan Gasteizko Gaztetxeak antolatutako jardunaldi batean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS
Maialen Unanue Irureta.
2016ko ekainaren 8a
08:37
Entzun

Gazteek berek inguruko hizkuntz ohiturak, jarrerak eta praktikak ezagutzea, aztertzea eta aurkeztea izan da ikerketaren helburu nagusia. Azken hamarkadetan egindako lanak aztertu dituzte, batetik, eta gazteekin lan egin dute, bestetik. Gazteen hizkuntza ohitura eta praktikez harago, testuinguru eta azterketa eremu zabalagoa bilatu dute: gazteen testuingurua ezagutzea, gazte izatearen irudiak, bizipenak eta identitateak jasotzea, euren egunerokotasuneko praktiketara hurbiltzea, hizkuntzaren inguruan dituzten diskurtsoak jasotzea...

Gipuzkoako hiru herritako Kuadrillategi egitasmoaren bidez gauzatu dute ikerketa: Lasarte-Oria, Pasaia eta Lezo. Guztira, 12 eta 14 urte arteko 105 gaztek parte hartu dute.

Datuak biltzea baino, gogoeta egitea zuten helburu, eta, horregatik, ikerketa kualitatiboagoa da egin dutena, Jone Miren Hernandez EHUko irakasle eta gazteriaren batzorde-atal bereziko zuzendariak azaldu duenez. Aurrera begirako proposamen orokor batzuk egin dituzte: eskola edo hezkuntza eremuan lanean jarraitu behar dela nabarmendu dute, baina, batez ere, gazteek euren bizitzaren zati garrantzitsutzat duten aisialdi edo eremu ez-formalean eragin behar dela. Horrez gain, euskararen prestigioa indartzeko ahaleginak egin behar direla nabarmendu dute, baita gazteen euskarazko sorkuntza propioa aktibatzeko eta egiteko baliabideak zabaldu, sendotu, sortu eta jakinarazi ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.