Berdintasun politikak

Hariari tiraka jarraitzeko

Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sorreratik izan du ardatz BERRIA Taldeak: Berdintasun Batzordeak hezurmamitzen du langile guztiek duten konpromiso hori, iaztik. Bideoa: Berdintasun plana (Lara Madinabeitia / BerriaTB) [youtube]https://youtu.be/PWlnArd6fk8[/youtube]

Maialen Unanue Irureta.
2016ko ekainaren 16a
12:57
Entzun

Ez gara hutsetik abiatu: gure geneetan dago». Elene Barandiaranen hitzak dira: BERRIAren Barne Antolaketako arduraduna eta Berdintasun Batzordeko kidea da. Iaz sortu zen batzorde hori, taldeak «berdintasunaren eta generoaren lanketan urratua duen bidean aurrera egiteko». Batzordea sortu dutenetik, hainbat urrats egin dituzte, baina egungo egoerara iristeko aurretik egindako lanketa ezinbestekotzat jotzen dute taldekideek..

«Uste dut nabarmena dela Euskaldunon Egunkaria-k eta BERRIAk egindako apustua, garaian garaikoa: atzera begiratuta, agian irudituko zaigu Egunkaria-ko kolaboratzaileetan emakume gutxi zeudela oraingo aldean, baina garai hartako mailan, ziurrenik, gehiago izango genituen beste leku batzuetan baino», azaldu du Irene Arraratsek. Berdintasun Batzordeko kidea izateaz gain, Euskara taldeko arduraduna da Arrarats.

Hain zuzen ere, berdintasunaren aldeko konpromisoan zerikusi zuzena dute hizkuntzak, batetik, eta albiste eta erreportajeen tratamenduak, bestetik. Eta, ezinbestean, estu lotuta daude biak. Konpromiso hori islatzen da, esaterako, estilo liburuan: deontologia atalean jasotzen dira, besteak beste, Bereizkeriarik gabeko tratamendua eta Sexismoa eta Askatasun sexuala azpiatalak. Konpromiso hori islatzen da, era berean, egunkarian lantzen diren erreportajeetan, hainbat esparrutan dauden desberdintasunak argitara emateko egiten den lanean. Eta egunkarian eduki sexistei tokirik ez emateko erabakian: esaterako, BERRIAk ez du onartzen prostituziorako iragarkirik.

Urteetan pilatutako eta langileek barneratutako konpromisoari bidea eman diote, orain, Berdintasun Batzordearen bidez. Emakunderen laguntza izan dute hastapenean, Barandiaranek azaldu duenez: «Emakunden proposamen bat aurkeztu genuen Berdintasun Plana osatzeko; onartu egin zuten, diruz lagundu ere bai, eta haiek ezarritako metodologiari jarraitu diogu».

Taldea bera osatzeaz gain, egungo egoera ezagutzeko diagnostikoa egitea izan zen batzordearen lehen zeregina, eta Eraberria enpresaren laguntza izan zuten horretarako. Diagnostiko kuantitatiboa eta kualitatiboa egin zuten lehenengo sei hilabeteetan, langileekin egindako bileren bidez, bai Andoaingo egoitzan eta bai gainontzeko ordezkaritzetan. «Hortik abiatuta identifikatu genituen gure indarguneak eta ahuldadeak. Eta, hortik aurrera, lehentasunak finkatu genituen, ditugun baliabideak identifikatu, eta lau urterako bidea zein izan daitekeen zehaztu». Hala osatu zuten BERRIAren 2015-2019 bitarteko Berdintasun Plana.

Hamar helburu, 24 neurri

«Prestakuntzan, sentsibilizazioan, kudeaketa guneetan, kudeaketa prozesuetan, sortzen ditugun produktuetan, ditugun baliabideetan... Horri guztiari begirada bat eman nahi izan diogu», azaldu du Barandiaranek. Eta, argazki orokor hori edukita, aurrera begirako plangintza egin dute. 2019ra bitartean bete beharreko hamar helburu finkatu dituzte, eta haiek erdiesteko 24 neurri. «Berdintasun plan bat izatearen alderdi onetako bat zera da, lehen modu anarkikoan egiten zena modu ordenatuan egiten ari garela orain: neurri eta epe jakin batzuk aurreikusi ditugu», nabarmendu du Arraratsek.

Agerikoa da: beti dago zer hobetua. Horregatik, prestakuntzan arreta jarria du batzordeak. Esaterako, hizkuntza sexistari buruzko solasaldia eman zuen Arraratsek maiatzean langile guztientzat. «Batzuek uste dute, euskara genero markarik gabeko hizkuntza izanik, ez dagoela hizkera sexista erabiltzeko arriskurik, baina hori ez da horrela».

Diagnostikoan identifikatutako ahulguneetako bat: jazarpen sexual eta sexistari aurre egiteko protokolorik ez edukitzea. Eta, hain zuzen, hori izan da Berdintasun Batzordearen egitekoetako bat. «Planaren barruan, protokoloa elementu garrantzitsu bat izango zela pentsatu genuen. Horrela, beste protokolo batzuk aztertu genituen, eta horiek gure errealitatera egokitu genituen», azaldu du Joxi Ubeda batzordeko kide eta publizitateko kazetariak. Protokoloa martxan da, eta, jazarpen sexual edo sexistarik egongo balitz, bi aholkularirengana jotzeko modua izango lukete langileek; Ubeda da horietako bat. Barandiaranek zehaztu duenez, BERRIAren lan itunak lehendik jasoak zituen jazarpen sexual eta sexistaren aurkako neurriak, baina «prozedura zehaztea» falta zen.

BERRIAren esparru guztietan du isla berdintasunaren aldeko konpromisoak, etxe barruko zein kanpoko kontuetan, Arraratsek azaldu duenez: «BERRIA Taldea handia da, eta gauza asko egiten ditugu kanpora begira. Horietan guztietan zer egiten dugun aztertu eta, ahal den neurrian, hobetzea dugu helburu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.