Euskal Presoak

Kasazio Auzitegiak atzera bota du Fernandez Iradiren eritasuna espetxearekin bateragarria zela zioen epaia

Maritxu Paulus Basurko abokatuak adierazi duenez, "oso garrantzitsua" da Frantziako jurisdikzio gorte gorenak hartutako erabakia. Zigorren Ezartzeko Auzitegiak berriro aztertzen ahalko du Fernandez Iradiren zigorra eteteko eskaera.

Ibon Fernandez Iradiren aldeko elkaretaratzea Baionan. ISABELLE MIQUELESTORENA
maddi ane txoperena iribarren
2016ko ekainaren 28a
07:41
Entzun

2015eko udaberrian Zigorren Ezartzeko Auzitegiak ebatzi zuen Ibon Fernandez Iradik preso jarrai zezakeela, espetxea eta eritasuna bateragarriak zirelakoan "baldin eta arta batzuk jasotzen ahal bazituen". Frantziako Kasazio Auzitegiak kontraerrana ikusi du horretan. Izan ere, artak jasotzearen baldintza horrek berak egiten du espetxealdia eritasunarekin ez bateragarria izatea. Hori dela eta, erabaki hori hautsi du Kasazio Auzitegiak, eta, beraz, Fernandez Iradiren zigor etete eskaera berriro aztertzen ahalko dute Zigorren Ezartzeko Auzitegian.

Epaia "oso garrantzitsua" da, Maritxu Paulus Basurko abokatuaren ustez. Azaldu duenez, hain zuzen, Kasazio Auzitegiak gutxitan ematen ditu halako epaiak. "Azken hilabete guzi hauetan esaten aritu garena frogatu du azkenean", azaldu du gaur Baionan egindako agerraldian. Epaiaren ondorioz, gainera, beste epaile batzuek hartuko dute orain Fernandez Iradiren kasua beren gain: hori ere garrantzitsutzat jo du abokatuak.

Esklerosi anizkoitza du Fernandez Iradik, eta Lannemezango espetxean dute preso. 2013ko martxoan eskatu zuen eritasunagatik zigorra etetea, eta ordutik hainbat auzitegik ukatu diote, arrazoi ezberdinengatik. 2015eko udaberrian hirugarren mediku azterketa bat egiteko eskatu zuen epaileak, eta azterketa haren arabera, Fernandez Iradiren eritasuna eta espetxealdia bateragarriak ziren.

Bagoaz-ek pozik hartu du Kasazio Auzitegiaren erabakia, eta eskatu du Fernandez Iradi "urgentziaz" kaleratzeko. Oraindik ez dauka epaiketa datarik euskal presoak, eta bere eritasunak denborarekin okerrera egiten dutela ohartarazi dute. Espetxean dauden gainerako preso eriak askatzea ere galdegin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.