Legebiltzarrerako hauteskundeak

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak ohartarazi du "legea beteko bada" Otegi ezin dela bozetara aurkeztu

Fiskaltzaren arabera, Iker Casanovaren eta Otegiren auziak ez dira berdinak; izan ere, bigarrenaren kasuko epaiak dio ezin dela hautagai izan, nahiz eta debekua zein kargutarako den zehaztu ez. EAEko fiskal nagusi Juan Kalparsorok zehaztu du fiskaltzaren iritzia errespetatzen duela baina Konstituzionalak duela azken hitza.

Arnaldo Otegi, EH Bilduko lehendakarigaia, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
arantxa elizegi egilegor
2016ko abuztuaren 12a
10:58
Entzun

"Otegi ezin da hautagai izan", dio El Mundo egunkariak zabaldu duen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren txostenak. Eta argudiatzen du ez direla berdinak Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidearen eta Arnaldo Otegiren aurkako auziak; izan ere, bigarrenaren kasuan, Casanovarenean bezala debekua zein kargutarako den zehazten ez duen arren, nabarmentzen du ezin dela hautagai izan, eta debeku hori indarrean da 2021 arte. "Hala, Otegi zerrendaren batean aurkeztuz gero, alderdi politiko, federazio edo koalizio horretako hautagaitzatik kanpo utzi beharko luke horretarako ahalmena duen hauteskunde batzordeak".

Fiskal nagusiaren oso antzeko argudioak plazaratu izan dituzte aurretik Espainiako hainbat elkartek eta epailek. Besteak beste, Javier Gomez Bermudez epaileak.

Arnaldo Otegik berak erantzun dio sare sozialetan Fiskaltzaren eskaerari:

Azken hitza Konstituzionalak

EAEko fiskal nagusiak, Juan Kalparsorok, dagoeneko iragarri du bere egingo duela Auzitegi Nazionaleko fiskatzaren erabakia, eta azaldu, finean, haren eskumena dela kargu publikoetan aritzeko debekuei dagozkien lege ekinaldiak bultzatzea. Dena den, Kalparsorok berak aurretik esan izan du ez duela arrazoirik ikusten ezker abertzaleko buruaren hautagaitza debekatzeko, eta irizpide hori defendatu du oraingoan ere, adieraziz bere iritziz badirela arrazoiak EH Bilduren jarrerari eutsi eta esateko Otegi aurkez daitekeela bozetara.

"Egia da Otegiren kasuan bi inhabilitazio zigor daudela, haietako bat da —Casanovaren kasuan bezala— zein kargutarako den zehazten ez dena, eta, beraz, baliorik ez duena. Bigarrena, sufragio pasiboari erreferentzia egiten diona, hori bai, hori ezar daiteke, zehazten duelako ezin dela hautagai izan. Baina kontua da espetxe zigorrari erantsitako zigorra dela, eta hura beteta daukala Otegik". Ordea, fiskaltzaren analisiaren arabera, kartzela zigorra betea izan arren zigor erantsiak indarrean jarraituko luke, kargu publikoetarako inhabilitazioa iraungi arte. "Azken hitza Konstituzionalak du".

Informazio eskea

Javier Zaragoza fiskal nagusiak eskatu dio Auzitegi Nazionalari Gipuzkoako Hauteskunde Batzordearen esku utz dezala Otegiren aurkako 2011ko epaia, eta baita gerora auzitegiek haren errekutsoei emandako erantzuna jasotzen duen ebazpena ere, non atzera botatzen diren Otegiren abokatuek inhabilitazioa bertan behera uzteko egindako eskaerak.

Zaragozak nabarmendu duenez, azken epaiak "ezinezko egiten du" Otegiren hautagaitza, "dela Europako bozetan, dela Espainiakoetan, autonomikoetan, eskualdeetakoetan eta udal bozetan".

Rafael Catala: "Otegiren izena ez da botopaperetan agertuko"

Espainiako Gobernuko Justizia ministro Rafael Catalak berretsi egin du gaur aurretik ere ohartarazitakoa; alegia, Otegiren izena ez dela agertuko botopaperetan. "Otegirena kasu argia da: ez dago bestelako interpretazio posiblerik".

Eneko Goia Donostiako alkateak (EAJ) "negargarritzat" jo ditu fiskaltzaren adierazpenak: "Batzuek ez dute ulertu nahi herri honetan bizi dugun egoera berria. Nork bere ideiak libre eta demokratikoki defenda ditzan nahi dugu".

Fiskaltzaren erabakiarekin bat egin du Borja Senperrek (PP), eta gogorarazi du PPk inpugnatu egingo duela Otegiren hautagaitza: "Otegik legeak dioenari men egin behar dio, gainontzeko herritarrek bezala".

Nagua Albak (Ahal Dugu) esan du Otegik "eskubide osoa" duela hauteskundeetan aurkezteko: "Herritarrei dagokie hautagai bat egokia den edo ez den erabakitzea. Herritarrek dute azken hitza".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.