Hauteskundeak EHU-n

Istiluak EHUren Leioako campusean, ikasleen eta Ertzaintzaren artean

Manifestari bat atxilotu dute. Horrez gain, kazetari bat buruan zauritu dute harrikada bat jota. Guardia Zibilak, berriz, eguerdiko manifestaziora ikasleak zeramatzaten bi autobus gelditu ditu, eta hainbat lagun identifikatu. "Askatasunez bozkatzeko eskubidea" aldarrikatu du Balluerkak. Bideoa albistearen barruan.

2016ko azaroaren 24a
07:30
Entzun

[youtube]https://youtu.be/XVjSVAhzhO4[/youtube]

Goizeko bederatzietan hasi eta arratsaldeko zazpiak arte daude zabalik EHUko errektore berria izan dena aukeratzeko hautetsontziak. Hautagai bakarra izanik, Nekane Balluerka, ziurtzat jo daiteke, lehen aldiz, emakumezko bat izango dela errektore. Horretarako, ordea, baliozko botoen herenak lortu behar ditu. Balluerkak Donostian eman du botoa.

Kritika ugari jaso ditu. Ikasle mugimenduak eginak dira horietatik gehienak. Azken horiek hautagaia bera bainoago, hauteskunde sistema salatzen dute. Unibertsitatearen norabidearekin desados daudela diote: "Nazkatuta gaude bai EHUz, bai kapitalari men egiten dion hezkuntza sistema honetaz. Nazkatuta beren faltsukeriez eta diskurtso hutsez".

Horiek hala, ikasle mugimenduak manifestazioa antolatu du Leioan, Ikasle borrokaz, geurea eraiki lelopean. 12:00etan ehunka ikasle bildu dira Mikel Laboa plazan. Ordu erdi geroago hasi dute protesta.

Manifestazioa hasi aurretik ere nabariak ziren segurtasun neurri zorrotzak campusaren barruan eta kanpoaldean. Protesta hasi eta gutxira, ordea, Ertzaintzak ikasleei oldartu zaie, eta manifestari bat atxilotu. Atxiloketa horren kontra, Bilboko Arriaga plazan bildu dira arratsaldean, eta eraman duten mutila berehala askatzeko eskatu dute. Ikaslea atxilotu duten lehen karga hori "arrazoirik gabea" izan dela salatu dute, eta ikasleena "autodefentsa" izan dela nabarmendu dute.

Istiluetan Ertzain bat ere zauritu da. Segurtasun indarrek alde egindakoan, baina, ikasleek aurrera jarraitu dute manifestazioan.

Amaieran, ekitaldi bat egin dute Mikel Laboa plazan. Ikasleen "zapalkuntza" salatu dute, eta EHU "burgesiaren mesedetan" dagoela. Arazoa "sistemaren baitan" dagoela uste dute, ez Balluerkaren hautagaitzan, eta "langile klasearen borrokara" deitu dute, "sistema dominatzailea" deusezteko. Errektoretzara gutun bat eramaten saiatu dira, baina sartzea galarazi die Ertzaintzak. Orduan piztu dira berriro istiluak, eta kazetari bat buruan zauritu dute harrikada batez.

Guardia Zibilak geldiarazi egin ditu manifestaziora joan asmo zuten ikasleak Gasteiztik Leioara zeramatzaten bi autobus, eta hainbat ikasle identifikatu.

Egungo errektoreak, Iñaki Goirizelaiak, lasaitasuna eskatu du, eta hauteskundeetan parte hartzera deitu ditu guztiak, "guztien artean unibertsitatea eraikitzen jarraitzeko". Goirizelaiak berak hautestontziak ireki eta gutxira bozkatu du. Berdin egin du Balluerkak ere, baina Donostiako campusean. Errektoregaiak "askatasunez bozkatzeko eskubidea" aldarrikatu du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.