herri galdeketak

Diman eta Bakaikun %63,7ko parte hartzea izan da, eta nabarmen azaldu dira euskal estatuaren alde

[youtube]https://youtu.be/z85ZxwbzWO4[/youtube] Diman (Bizkaia) %63,4koa izan da parte hartzea eta Bakaikun (Nafarroa) %65,3koa. "Tantaz tanta, botoz boto, erabakiko dugu herri honen etorkizuna", adierazi dute antolatzaileek.

Arantxa Elizegi Egilegor - Enekoitz Esnaola
2016ko azaroaren 28a
08:47
Entzun

20:00etan hautetsontziak itxita, eman berri dituzte herri galdeketen azken emaitzak, eta handia izan da parte hartzea: %63,4koa Diman (Bizkaia) eta %65,3koa Bakaikun (Nafarroa). Batez beste, %63,7koa. Diman 765 lagunek eman dute botoa, Bakaikun 194k. Aurretik, 18:00 arteko zenbaketan, Dimako (Bizkaia) herri galdeketan %57koa zen parte hartzea eta Bakaikukoan (Nafarroa) %61ekoa. Eguerdiko hamabietan Diman %35,5ekoa zen, eta Bakaikun %42,8koa.

Botoei dagokienez, euskal estatuaren aldekoa izan da, nabarmen: Bakaikun bozkatzera joan direnen %80,4k egin dute euskal estatu independentearen alde, eta %13,4k aurka. Diman, %95,2k bozkatu dute euskal estatu burujabearen alde; kontra, %1,3k. Boto zuriak eta baliogabeak ere izan dira bi herrietan.

Emaitzak

Bakaiku (galdera, euskal estatu independenteaz):

- Parte hartzea: 194 (65,33%)
- Bai: 156 (%80,41).
- Ez: 26 (%13,40).
- Zuri: 10 (%5,15).
- Baliogabeak: 2 (%1,03).

Dima (galdera, euskal estatu burujabeaz):

- Parte hartzea: 765 (%63,42).
- Bai: 729 (%95,29).
- Ez: 10 (%1,30).
- Zuri: 21 (%2,74).
- Baliogabeak: 5 (%0,65).

Balorazio ona Gure Esku Dago-k

Gure Esku Dago dinamika pozik azaldu da ariketarekin: "Demokraziarantz pauso bat gehiago eman dugu; gaur ere, demokraziak irabazi du. Mila herritarrek erabakiaren bidean atzera bueltarik gabeko beste urrats esanguratsua egin dute: elkarrekin erabakitzea posible dela eta normaltasunez egin ahal dela erakutsi dute. Etxarri Aranatzen eta Arrankudiagan jarritako kimuari eta ondoren joan den ekainaren 5ean 34 herrik jarraitutako olatuari Bakaiku eta Dima batu zaizkio. Ikaragarriak datuak eta ikaragarriak egun osoan izan dugun giroa. Bakaiku eta Dima datorren tsunamiko bi tanta dira; izan ere, tantaz tanta eta herriz herri irudikatuko dugu etorkizuna". 

Eguerdi partean ekitaldi bana egin dute bi herrietan. Hura baliatu dute datorren urtean galdeketak egitekoak dituzten herrietako ordezkariei lekukoa emateko: Bakaikun izan dira Nafarroako eta Gipuzkoako herrietako ordezkaritzak eta Diman Bizkaikoak eta Arabakoak. "Gaur arte 38 herritan posible izan dena, bihar hiru milioi biztanleko herri honetan posible izan dadin".

Gauza bera egiteko gonbita egin diete oraindik galdeketarako urratsik egin ez duten herriei: "Guk gure alea jarri dugu herri honen erabakitzeko eskubidearen ibilbidean. Tantaz tanta, botoz boto, erabakiko baitugu herri honen etorkizuna. Eta norabide horretan lanean jarraituko dugu".  

Dimakoa eta Bakaikukoa egin arte antzeko 36 galdeketa izan dira: 2014an bi eta aurtengo ekainean 34. 2017rako beste 111 daude iragarrita. Ordurako, 650.000 herritarren eremura helduko da erabakiaren ariketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.