HABANAKO LEKUKOA

Katalanak Habanan

inaki petxarroman
2016ko azaroaren 30a
07:26
Entzun

Zortzi lagun inguru daude mahai baten bueltan, mahai gainean plater eta garagardo botila hutsak dituztela. Europarrak dira, zer esanik ez. Euskaldunak ere izan daitezkeela pentsatu du jatetxera sartu berriak. Paseo etorbide handiko txiringito bat da, hotel eremu ezagun baten inguruan. Bertan daude Vedado, Habana Libre eta beste hainbeste eraikin ezagun. Aztoramendu berezia dago Habanan, kaleak ixten ari direlako jadanik trafikoarentzat. Atzerritar asko ere heldu dira azken orduetan —kazetariak, diplomazialariak, munduko edozein txokotako ezkerreko militanteak...—. Fidel Castro buruzagiaren azken agur ekitaldira joateko heldu dira haietako gehienak.

Jateko zerbait eskatu du heldu berriak, eta txiripaz aurkitu du sukaldea irekita. Eseri eta hobeto erreparatu die europarrei. Aurpegi bat ezagun egin zaio: Anna Gabriel CUPeko diputatua da. Kaixo esatera joan zaio. Komandantearen agurrerako baimen agiria jaso duela esan du. Ondoren, Otegiri gertatutakoa txarretsi du, komentario labur batez. Bere burua aurkeztu du kazetariak, eta BERRIA egunkariaz aritu dira, eta David Fernandez CUPeko adiskideaz... Ondoan dauka Txabi Artigas La Directa aldizkariko kazetaria, Ciutat Morta dokumental entzutetsuaren egilea. Ea Joseba Sarrionandiarekin egoteko aukerarik izan dezaketen galdetu diote solaskideari. “Gogoz egongo ginateke harekin, agur esateko bada ere”, nabarmendu du CUPeko diputatuak. Biharamunean badoala eta zaila izango duela badaki, baina. Artigasek ere elkarrizketa bat egin nahiko lioke idazleari. Nazio txikien unibertsoan badira Fidel Castro ez besteko mitoak ere, agerikoa denez, eta katalanek ulertu dituzte euskaldunenak. Ahal duen neurrian lagunduko diela hitzeman die kazetariak, eta konpromiso horrekin, elkar agurtu dute, Iraultza plazarako bidean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.