Film aurrerapena

Jeinuen magia erreskatatzera

Hilaren 23an iritsiko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara 'Pixi Post eta opari-emaileak' animazioko filma. Gabon giroko istorioa zuzendu du Gorka Sesmak haurrentzat, aniztasuna eta elkarlana ardatz hartuta. Proiektuan hiru urtez jardun du lanean Somuga ekoizpen etxeak. Bideoa: aurrerapena (BerriaTB).   [YouTube]https://youtu.be/N4mKTbMdy20[/YouTube]    

Ainhoa Sarasola.
2016ko abenduaren 15a
13:44
Entzun

Irudikatu pertsonaia. Zer izaera duen, zein itxura, nolako gorpuzkera, nolako aurpegi espresioak, bere mugitzeko era, nolako arropak eta koloreak daramatzan soinean, nolako bilakaera izango duen istorioan... Lehen zirriborroak marraztu, bolumena eman, hiru dimentsiotara moldatu, ahotsez nahiz mugimenduz jantzi... Eta gauza bera egin gero istorioko beste pertsonaia guztiekin eta beren testuinguruarekin. Pausoz pauso eraikitzen da animazioko filmetako zati bakoitza. Geruzaz geruza. Eta halaxe aritu dira lanean Somuga ekoizpen etxean azken hiru urteotan, Pixi Post eta opari-emaileak filma sortzeko. Gorka Sesmak zuzendu du Gabon giroko istorio hori, eta, txikien gozagarri, hilaren 23an iritsiko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara. Euskaraz eta gaztelaniaz ikusi ahal izango da aurtengo Gabonetan, Espainiako aretoetara ere iritsiko baita lana orain. Ingelesez ere prestatu dute, heldu den urteko Gabonei begira beste herrialde batzuetan erakustea baita asmoa.

Aspaldiko xede bat egia bihurtu dute azkenean Somugako kideek. Orain arte gauzatu ezin izan duten arren, duela hamar bat urte sortu zitzaien ideia Juanjo Elordiri eta Edorta Barruetabeñari. «Ideia hori, opari emaileei buruzko istorio bat idaztea, Gabonetako magiari eutsiz baina gaur egunekoa, mahai gainean zegoen Somuga sortu genuenean, 2006an», azaldu du Elordik. Duela hiru urte jarri ziren martxan azkenean.

Barruetabeñak idatzi zuen gidoia, Pixi Post izeneko neska elfoa eta mundu osoko Gabonetako jeinu opari-emaileak protagonistatzat hartuta. Euskal Herrian haur gutxi izango da Olentzero nor den ez dakitenak, eta Errege magoak eta Bizarzuri ere aski ezagunak dira gurean, baina ez horrenbeste Befana, Ded Moroz edo Snegurotxka. Denak dira jeinuak, urtero mundu osoan opariak banatzen aritzen direnak, eta filmean, horiek eta asmatutako beste batzuk, elkarlanean aritzen dira, Gorka Sesma zuzendariak azaldu duenez. «Jeinuak kobazulo batean elkartzen dira, baina bat falta dela konturatzen dira; ikerketa egitea erabakitzen dute, eta gizakien mundura Pixi Post bidaltzen dute. Badute susmorik atzean nor egon daitekeen, eta hori Monopolish da, filmeko gaiztoa. Jeinua izandakoa da, baina bota egin zuten batzarretik, besteen ume guztiak bereganatu nahi zituelako». Pixi Postek Kepa mutiko bilbotarra lagun izango du ikerketan, eta bi protagonista horien abentura kontatzen du filmak.

4 eta 9 urte bitarteko haurrentzako lana da, Gabonetako mundu magiko horretan bereziki sinesten duten adina izaten baita. «Badu tentsio punturik ere», Sesmaren esanetan. «Pase tekniko bat egin genuen, lau urteko semearekin joan nintzen, eta beldur zen Olentzerori zer gertatuko ote zitzaion... Ez da istorio zuri-zuria, badu indarra». Agian adin horretako haur guztiek ez dute ulertuko, baina sakoneko mezurik ere badu. «Badago monopolioaren aurkako mezu bat nolabait; Monopolishek izan nahi du opariak egiten dituen bakarra, baina herrialde bakoitzak ditu bere jeinuak, eta hori aberastasuna da. Denak gara desberdinak, baina taldean lan egin dezakegu». Aniztasunaren eta elkarlanaren alde egiten du filmak alde horretatik. «Polita da gurasoek eta haurrek momentu hori partekatzea, ziurrenik haurrek azalpenak eskatuko dizkietelako». Hala ere, hainbat gauza unibertsalak dira: mundu osoko haurrak agertzen dira filmean opariak zabaltzen, Bilbon, Tokion, Parisen eta Berlinen, eta bakoitzak bere hizkuntzan hitz egiten du une horretan, baina haien poza aise ulertuko dute euskal haurrek.

Geruzaz geruza

Segundo bakoitza 24 fotogramak osatzen dute filmetan, eta lan luzea dago bakoitzaren atzean. Gidoia aztertuz hasten da prozesua, Sesmak azaldu duenez. Bi irudigilerekin batera egin zuen hori zuzendariak, Imanol Zinkunegi eta Arkaitz Alastueyrekin. Storyboard-a egin zuten lehenik, gidoiko sekuentziak komiki baten gisan marraztuta. «Gero, Storyreel-a esaten dioguna egiten da, hau da, Storyboard-a bideoan jartzea. Oso bozetatua da, eta akzioak ere sartzen ditugu». Pertsonaiak, akzioak eta ahotsak biltzen dituzte horretan. Baina agertokiak oraindik ez daude definituta, eta beraz, horiek egin bitartean joaten dira haiek ere diseinatzen, funtzionalitateari ez ezik, alderdi estetikoari erreparatuta. Aldi berean, pertsonaien diseinua lantzen dute. «Gidoia irakurtzen dugu berriro, nolakoa den ikusi, eta bere adierazkortasuna lantzeko froga pila bat egiten dira diseinatzaile batekin». Josemari Morcillok jardun du pertsonaiak lantzen.

Urtebeteko lana izan da ordura artekoa, eta 3D mundura jauzi egitea da hurrengo pausoa; hiru dimentsiotara pasatzen dituzte pertsonaiak eta agertokiak, programa informatikoen bidez. Aurrena «moldekatu» egiten dituzte, bolumena eman nolabait, eta ondoren, «testurizatu» edo kolorea eman. Pertsonaiei-eta mugimendua ematea da hurrengo urratsa. «Hezur antzeko batzuk sartu behar zaizkie programa baten bidez, eta gero, kontrolak jarri». Kontrol horiekin, une bakoitzean pertsonaien jarrerak eta mugimenduak zehaztu ahalko dira. Prozesu konplexua da, oso teknikoa eta ñabardura askokoa. Layout izeneko beste euskarri bat prestatzen dute horrekin guztiarekin; aurrez Storyreel-ean pertsonaiak eta akzioak zirriborratuta agertzen baziren, Layout-ean horiek eta agertokiak landuago agertzen dira. «Eszenaratze moduko bat da». Hori da animatzaileek jasotzen duten materiala, gero xehetasun guztiak lantzeko. «Azkenean, animatzailea aktore bat da», dio Sesmak; «elkarrizketak barneratzen ditu, eta irudikatzen du noiz egin azentu bat, zein mugimendu egin...». Argiztatu ere egin behar dira gero irudi guztiak, eta prozesu luzea da hori ere, pauso ugari dituena. Mikel Louvelli zuzendari artistikoarekin batera hartu zituzten erabaki guztiak. Geruza bakoitza konposatu zituzten gero, azken irudia lortzeko.

Irudiei soinua jartzeko prozesua ere garrantzitsua da. Ahotsak Juanjo Elordik berak grabatu zituen hasieran, euskaraz, «zirriborro baten gisan, filmak nola funtzionatzen zuen ikusteko». New Yorkeko estudio batekin lan egin zuten gero: testua eta Storyreel-a bidali —ingelesezko azpidatziekin—, eta han grabatu zituzten ahotsak, ingelesez. Hotsak, aldiz, ez dira amaierara arte sartzen, informazio guztia behar delako horretarako. Musika lantzeko, Michael Plowmanengana jo dute.

«Prozesua oso luzea da; oso poliki doa pauso bakoitza, eta erraza da perspektiba galtzea», dio Sesmak. «Hori izan da nire lana; gainetik dena berrikusten joatea, eta zentzua ez galtzea».

Filmak 3,2 milioi euroko aurrekontua izan du eta, besteak beste, ICCA, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia nahiz EITBren babesa, Elordik azaldu duenez. Digitz animazio etxe kolonbiarrarekin batera ekoitzi dute, eta haiekin lankidetzan, datorren urteko Gabonetan beste herrialde batzuetan erakutsi nahi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.