IRITZIA

Luma, etorkizun hobea eta justoagoa idazteko

Paul Bilbao Sarria.
2016ko abenduaren 16a
16:26
Entzun

Egunotan zenbaki bat dabilkit buruan, hogeita hamar, edo hobeki esanda, hirutan hamar. Izan ere, hogeita hamar urte bete berri dira Nafarroa hirutan banatu zutela. Hogeita hamar urte bete berri ditu Nafarroako Euskararen Legeak.

Hogeita hamar urte dira Nafarroan herritarren eskubideak bereizteko harresia eraiki zutela. Hogeita hamar urte agintariei herritarren eskubideez arautzeko ematen zaien eskumen hori baliatuta, inolako lotsarik gabe, lehen eta bigarren mailako herritarrak bereizteko harresia eraiki zutela.

Luma zorrotzek idatzi eta onetsi zuten duela hogeita hamar urte herritarrei eskubideak bizi diren tokiaren arabera aitortuko zizkien legea. Tinta beltzadun lumak erabili zituzten, bai, herritarrak tatuatzeko. Finean, herritarrei eragiten baitie luma zorrotz haiek idatzitakoak.

Hizkuntzari dagokionean, ez gara ari herritarren kapritxoez edota elementu folklorikoez; ez, horixe. Herritarren oinarrizko eskubideez ari gara, eta hori horrela, ileak lazteko modukoa da ikustea luma zorrotz batzuei zein nolako eskumenak eman dakizkiekeen. Herritarrak eskubidez gabetzeko ahalmena izan dezakete luma zorrotz beltzek.

Tinta beltzadun lumaz idatzitakoa nahikoa ez, eta 2000 urtetik aurrera Gobernuak are azpimarra beltzagoak egin zituen. Ez zen, ez, nahikoa, herritarren artean bereizkeria eragitea. Kolore beltzez idatzitako lege hura are ilunagoa nahi zuten, orban beltz bihurtzeraino. Lumaren zorroztasuna baliatu zuten papera bera urratzeko, apurtzeko, euskaldunak desagerrarazteko.

XXI. mendean bizikidetzaz, kohesioaz, justiziaz hitz egiten dugun honetan, bestelako Nafarroa bat buruan dugunean, ez al da unea bidegabekeria honi amaiera emateko? Nafarroa berria eraikiko badugu buelta eman diezaiegun orain arteko bidegabekeriei.

Luma ederrak izan ditugu Nafarroan historian zehar, euskaraz idatzi duten lumak. Herritarren lumekin idatzitako milaka koaderno osatu dira ikastoletan, eskoletan, euskaltegietan… Jendarteak berak abiarazi dituen hamarnaka hedabideetan ere, koloretako lumak baliatu dituzte ehunka euskaldun eta euskaltzalek. Askok gogoratuko duzue baita ere 2000 urtean 50.000 herritarrek koloretako lumez sinatu zuten euskararen lege berri baterako eskaera, bizikidetzarako eskaera.

Izan ere, aspaldi utzi ditugu konplexuak etxean, eta dagokiguna eskatu behar dugu. Administrazioarekin euskaraz aritu nahi izatea ez da nahikeria, eskubidea baizik. Eta hori horrela izateko neurriak eskatu behar dira.

Pasa den ostegunean Nafarroako Euskararen Legearen 30. urteurrenaren harira Iruñeko Condestable jauregian egin genuen ekitaldian luma berri bat eman genion Ainhoa Aznarez andereari, Parlamentuko presidenteari. Etorkizuna hobea, justuagoa izan dadin beharrezkoak diren tresnak idazteko luma. Lege berria idazteko luma. Idazteko, bai, izan ere, paper zurian idazten ez badugu, arriskua baitago paperak hegan egiteko.

Ausardiaz, kemenez eta arduraz jokatzea tokatzen da orain. Tresnak eskura daude, eskutik goaz, eskura dezagun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.