Luhusoko polizia operazioa

"Gure egiten dugu ETAren armagabetze zibila aitzina eramateko ardura"

Luhusoko polizia operazioan atxilotutako Txetx Etxeberri, Mixel Berhokoirigoin, Beatrice Molle, Mixel Bergougnan eta Stephane Etxegarai Etxe-ri sostengua agertu diete milaka lagunek Baionan. Lurralde osoko eragile eta hautetsiak bilduko dira astelehenean bake prozesuari buruzko gogoeta egin eta urrats amankomunak adosteko. Bideoa barruan.

Jendetza batu da Baionan atxilotuei elkartasuna adierazteko. EKHI ERREMUNDEGI BELOKI
2016ko abenduaren 17a
07:45
Entzun

Atzokoa ez zen izan ETA erakundearen aurkako operazioa, baizik eta gizarte zibiletik bake prozesua bultzatzeko abiatutako ekimen bat oztopatzeko ekintza", salatu du Anaiz Funosas Bake Bidean-eko kideak, eta elkartasuna helarazi die Luhuson atxilotutako bost pertsonei eta haien familiei. 40tik gora gizarte eragilek gogor gaitzetsi dituzte atxiloketak, eta iragarri dute beren gain hartzen dutela "ETAren armagabetze zibila" aitzina eramateko ardura. Bideoa: Gizarte eragileen agerraldia, osorik ('Ipar Euskal Herriko Hitza').

[youtube]https://youtu.be/D0pkdrPRPZs[/youtube]

ELAko batzorde eragileko kide Xabier Anza izan da ekimenarekin bat egin dutenetako bat. Hark nabarmendu du, nazioartean ez bezala, Euskal Herrian ez dela posible izan gatazkan eksu hartzea izandako alde guztiak mahai beraren bueltan esertzea, eta gogora ekarri du Parisko Bake Konferentzian ETAri eskatu zitzaiola armagabetzea has zezala eta Frantziako eta Espainiako gobernuei, berriz, hori posible izan zedin urratsak egin zitzatela.

"Orain, egoera zentzugabe baten aurrean gaude. Erakunde armatu batek bere armak entregatu nahi izan ditu, eta gatazkan inplikatutako bi estatuek ez dituzte jaso nahi". Hala, nabarmendu du armagabetzea bultzatzeko ekimena abian jarri duten bost pertsonek egin duten bakarra izan dela ETAri eskatzea utz dezala armagabetzea gizarte zibilaren esku. "Horregatik, uste dugulako eurek hasitako bideak benetako bake prozesu bat salatzeko aukera ematen duela, bat egiten dugu haiekin".

Haiek zabaldutako mezuarekin bat egin dute arratsaldean Baionan deitutako manifestaziora joandako milaka lagunek. Bakearen alde. Bakearen artisauak askatu! zioen pankarta aurrean zutela egin dute bidea 4.000 pertsonak baino gehiagok, tartean baita hainbat aurpegi ezagun ere, besteak beste LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaide eta ELAko Txiki Muñoz. Amaieran, berriz, eguerdiko agerraldian esandakoak errepikatu ditu Funosasek, eta beste behin ohartarazi die agintariei bake prozesua "burura" eramateko prest dela gizarte zibila.

Hala, gizarte osoari dei egin dio Funosasek armagabetzea bultzatzeko prozesuan parte har dezan. Astelehenean bertan emango dute lehen pausoa lurralde osoko eragile eta hautetsiekin bilduz, eta denen artean urrats amankomunak adostuz. "Badator bide berria. Atzotik gure esku dago eta zuekin batera egin nahi dugu".

Hautetsien babesa

Atxiloketak salatu dituzte Ipar Euskal Herriko hautetsiek ere, tartean Baionako eta  Miarritzeko alkateek eta hainbat legebiltzarkidek. Manifestazioa hasi baino minutu batzuk lehenago egindako agerraldi bateratuan ohartarazi diete bi gobernuei asko direla hasitako bidean jarraitzeko prest daudenak, eta Euskal Herrian bakea posible izango bada, beharrezkoa dela armagabetze prozesua ahalbidetzea. "Euskal gizartean handia da bake nahia. Gobernuei eskatzen diegu desarmatzean eta gatazkaren konponbidean inplika daitezela".

Bide batez, gogorarazi dute indarkeriarik gabeko etorkizuna eraikitzeko, biktimen sufrimentua ez ezik, presoen egoera ere kontuan hartu beharko dela. "Euskal Herrian, bortizkeriarik gabeko etorkizun demokratiko bat bultzatu nahi dugu".

Baionako polizia etxean

Baionako polizia etxera eraman dituzte Luhusoko etxean atxilotutako bost lagunak: Txetx Etxeberri, Mixel Berhokoirigoin, Beatrice Molle, Mixel Bergougnan eta Stephane Etxegarai Etxe. Hain zuzen ere, azken horrek Eiheralarren duen etxea miatu dute arratsaldean, bera bertan zela.

Atxilotuekin biltzekoa zen Michel Tubiana Frantziako Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidentea ere, baina ez zen ordurako iritsi. Haserre mintzatu da Tubiana BERRIArekin , eta salatu du bi gobernuen "erabaki politiko baten ondorio" direla atxiloketok. Ez da, ordea, operazioa gaitzetsi duen bakarra. Frantziako Poliziak eta Guardia Zibilak elkarlanean egindako atxiloketok erreakzio soka luzea ekarri dute. Kontra mintzatu direnen artean daude Korsikako presidente Gilles Simeoni eta Jose Bove europarlamentari eta sindikalista. Azken horrek atxilotuak berehala aske uzteko eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.