eta-ren armagabetzea

Parisera eraman dituzte Luhuson atxilotutako bostak

Bake Bideak deituta, Ipar Euskal Herrian bilera bat egitekotan dira gaur hainbat hautetsi eta gizarte eragile. Miarritzen Pariserako hegazkinean sartu dituzte, eta bihar deklaratuko dute epailearen aurrean.

2016ko abenduaren 19a
07:28
Entzun

Frantziako Poliziak, Espainiakoarekin elkarlanean, ostiral gauean atxilotu zituen bost lagunak. Baionako polizia etxean eduki dituzte gaur goizera arten, eta gaur, hegazkinean sartu eta Parisera eraman dituzte. Han, epailearen aurrean deklaratu beharko dute, gaur arratsaldean edo bihar, hark erabaki dezan libre uzten edo preso sartzen dituen. Luhuson egotekoa zen baina iritsi ez zen Michel Tubianak ere deklaratuko du Parisen.

ETAren armak suntsitzeko prozesuan parte hartzen ari zirela eraman zituzten atxilo bost lagunak. Talde terrorista batekin "harremanak" izatea eta armetan egon zitezkeen aztarnak "desagerrarazi nahi izatea" egozten diete Mixel Berhokoirigoini, Txetx Etxeberriri, Michel Bergougnani, Beatrice Molleri eta Stephane Etxegarairi. Atxiloketa horien ostean agertu da ETAk armak suntsitzeko prozesuari ekin diola eta gizarte zibilarekin ari dela horretan.

Pentsatzekoa da gizarteari eman dioten mezu berbera emango diotela atxilotuek epaileari ere. Izan ere, ez dute ezkutatu zertan ari ziren. Argi azaldu dute beren asmoa, idatzita utzitako eskutitz batean. Bai baitzekiten atxilotzeko arriskua zutela, eskutitz bat utzi zuten idatzita, haien kontrako operazioa gertatuko balitz argitaratzeko. Mediabask-ek atera du ohar hori.

Hiru lagunek diote gizarte zibileko kideak direla, ez ETAren «menpekoak». Berretsi dute «Euskal Herriarentzat bortizkeriarik gabeko etorkizun demokratiko bat» nahi dutela, eta «konbentzituak» agertu dira ETAren armagabetzea «gatazkaren betiko konponbidera iristeko ezinbesteko baldintza» dela. «Zentzugabea» deritzote armagabetze prozesuan bi estatuek ez parte hartzea. «ETAri eskatu diogu armamentu osoaren suntsiketa gizarte zibilaren ardura politikoaren esku uzteko, eta erabaki dugu suntsiketa horren hastea». ETAren eta Frantziako Gobernuaren «bitartekaritzat» jo zuten euren burua.

ETAk 2011ko urrian jakinarazi zuen jarduera armatuaren bukaera, baina gatazkaren ondorioak ixteko ez du Espainiarekin eta Frantziarekin alde biko harremanik izan. 2014ko otsailean ekin zion armagabetzeari, eta urte bereko uztailean jakinarazi zuen «borroka armatuaren egitura logistikoa eta operatiboa» desegin zituela. Urteotan ere Espainiak eta Frantziak operazio batzuk egin dituzte haren aurka: ustezko arduradun batzuk atxilotu zituzten —Izaskun Lesaka 2012ko urrian, Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea iazko uztailean eta David Pla eta Iratxe Sorzabal irailean, eta Mikel Irastorza lehengo azaroan—; joan den urteko maiatzean Miarritzen (Lapurdi) ETAren arma gordeleku bat atzeman zuen; eta aurtengo urrian Paris ondoan arma biltegi bat. Euskal erakunde armatuak publikoki beti eutsi dio armagabetzeko apustuari, eta prest azaldu izan da Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin ere lankidetzan aritzeko —Jaurlaritzak plan bat aurkeztu zuen oraintxe dela bi urte—.

Tubianak, Berhokoirigoinek eta Etxeberrik herenegungo idatzian euskal gizarteari eta hautetsiei dei egin diete «erabat modu baketsuan desarmatze ordenatu eta kontrolatu baten sostengatzeko». Haien arabera, «bake zuzen eta iraunkorraren erantzukizuna bakoitzaren esku da».

Larunbatean, Baionan dozenaka gizarte eragilek lekukoa hartu zuten: «Gure egiten dugu ETAren armagabetze zibila aitzina eramateko ardura». Gaur ere, agerraldia egingo dute, Bake Bideak deituta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.