Joseba Asiron

"Aldaketaren benetako oinarriak jartzen hasi gara"

Aurten asko ikasi duela nabarmendu du Iruñeko alkate Joseba Asironek. Iruñean ezkerreko gobernua badela sumatzen dela uste du, eta euskarari, matxismoari eta zezenketei buruz egin du gogoeta.

jarraia129963.jpg
edurne elizondo
2016ko abenduaren 23a
13:18
Entzun

Urte eta erdi egin du karguan Joseba Asiron Iruñeko alkateak (Iruñea, 1962). Hainbat auziri egin behar izan dio aurre, tartean Sanferminetako eraso matxistei, eta haur eskolen eta bidegorrien inguruko eztabaidari.

Nolakoa izan da urte hau?

Urte hau ikasketarako urte bat izan da, batetik. Sartu ginenean esan zidaten lanpostuaren neurria hartzeko beharko genituzkeela bi urte. Urte eta erdian ikasi dugu asko. Bestalde, hasi gara aldaketaren benetako oinarriak jartzen. Urte ona izan da; gogorra, neurri batean, oposizioak ere egiten duelako bere lana; baina eztabaiden eta oposizioaren lanaren gainetik aldaketa gauzatu da, eta sumatzen da Iruñean badela ezkerreko gobernu bat.

Memoria historikoaren esparruan egin dira urratsak, bertzeak bertze. Iruñea hasi da arlo horretan zuen zorra kitatzen?

Bai. 80 urte joan dira 1936ko gerratik, eta, gezurra badirudi ere, orain arte izan ditugu kale izen frankistak. Sanjurjo eta Mola toki publiko batean ziren, ohoreekin. Hor benetan galdera ez da zergatik erabaki dugun orain handik ateratzea, baizik eta nola ez den lehenago egin. Hori da ikaragarria. Horretan eta Argentinako kereilaren aferan erreferentziazko toki batean kokatu gara.

Memoria historikoaren bulegoan ere errepresioari buruzko lekukotasunak jaso dituzue.

Oso esperientzia emankorra izan da. Emilio Majueloren taldeak oso lan polita egin du. Hiriaren erdigunean jarri genuen bulegoa eta dozenaka pertsona pasatu dira handik, haien testigantzak uztera. Horri esker errolda osatu ahal izan dugu errepresio frankistak Iruñean ekarri zuenari buruz. Bulegotik argi eta garbi esan digute kereila jartzeko materiala badagoela, eta udalak urrats hori egitea onartu du. Horretan ere erreferentziazko erakunde izan gara.

Eztabaida gehien sortu dituen gaietako bat izan da euskararena. Haur eskolekin sortu zen zalaparta kontuan hartuta, damutzen zara hizkuntza eredua zentro gehiagotan aldatu ez izanaz?

Hemen egokiena litzateke, zalantzarik gabe, parekatzea eskaintza eta eskaera. Jakin bagenekien lehenagoko eskaintza %10ekoa zela; hamazazpi haur eskoletatik bitan eskaintzen zen bakarrik euskara. Guk hori bikoiztu dugu, lau dira orain, eta, ondorioz, eskaintza %27koa da. Badakigu motz gelditu garela. Iazko matrikula garaian egindako inkestan agerian gelditu zen Iruñean, egun, haur eskoletan, eskaera izan daitekeela %37koa. Beraz, motz gelditu gara. Baina lanean jarraituko dugu eskaintza eta eskaera parekatzeko.

Bidegorriekin ere uste baino zalaparta handiagoa sortu da udaletxean.

Oinarrian dagoen arazoa da Iruñean autoaren aldeko apustua egin dela. Garai batean, duela hamar urte inguru, UPNren gobernuaren garaian, apustua egin zen lur azpiko aparkalekuen alde hiriko erdigunean. Gazteluko plazan ere egin zuten, horrek ekartzen zuen guztiarekin. Orain agerian gelditu da oso epe laburra izan zutela kontuan erabakiak hartu zituztenean. Europan oinezkoen, bizikleten eta garraio publikoaren aldeko apustua egiten ari dira, baina Iruñean kontua izan da nola sartu autoa erdiguneraino. Orain guri dagokigu politika hori aldatzea.

Udalak prestatutako mugikortasun plana, halere, bazter gelditu da, oraingoz, UPNk aurkeztutako mozio baten ondorioz. EH Bildu abstenitu egin zen. Zergatik?

Iruditzen zitzaigulako presaka aritu zela Armando Cuenca zinegotzia. Hedabideen aurrean agertu zen, hainbat kontu eztabaidatu gabe. Mugikortasunaren aldeko apustua egiten dugu, eta inportanteena da, gure ustez, bizikletentzako ardatzak eratzea hirian. Bide horretan gaude. Baina aurretik eztabaida eta gogoeta egin behar da, eta, beharrezkoa bada, gero, hedabideen aurrean agertu. Horregatik abstenitu ginen. Baina argi dugu 2017an martxan jarriko direla hainbat ardatz garrantzitsu. 2017an ikusiko dugu mugikortasuna ere aldatuko dela hirian. 900.000 euroko diru saila dugu horretarako. Horretan bat gatoz gobernuko kide guztiak. Legealdirako proiektu bat da hau.

Urteroko kontu dira sanferminak. Aurten hainbat sexu eraso gertatu dira. Besten aurreko kanpaina motz gelditzen da?

Eraso sexisten auziarekin guztiz izututa gelditu nintzen. Gizarteak uste duena baino askoz ere larriagoa delako arazoa. Eta arazo hori, tamalez, berandu hasi da bere dimentsio osoa erakusten. Ez dut uste beste urteetan baino eraso gehiago gertatu direla. Uste dut gehiago salatzen direla. Hori diote emakume taldeek. Arazoa estalita zegoen, eta orain agertzen ari da. Hori inportantea da. Eta uste dut eskoletatik hasi behar dugula arazoari aurre egiten. Berdintasuna zehar lerro bat dela uste dugu. III. Berdintasun Plana onartu du udalak, eta hori barneratu behar dugu denok. Berdintasuna denon kontua delako. Emakumeen mugimendutik hori jaso dut, eta haiena da protagonismoa auzi honetan.

Sanferminetan bada protestak eragiten dituen bertze gai bat, animalien erabilerarena alegia. Udalak badu auzi horri eusteko asmoa?

Hemen arazoa da XVIII. mendean sortutako festa eredu bat dugula, oso arrakastatsua, eta ekartzen duena, beste gauzen artean, animalien sufrimendua. Nola aldatu behar da hori? Aldatu behar da? Udalak bermatu behar du gizartean eztabaida dagoela, eta egin behar dugu gizarteak esaten diguna. Nik uste dut une honetan Iruñean zezena zalantzan jartzea dela jai eredu guztia zalantzan jartzea. Asmatu beharko genituzke berriz sanferminak. Hori gertatuko da? Seguru baietz. Baina iruditzen zait udalak ezin duela hori bideratu. Pentsatzen dut badela bide bat egiteko.

Udalak eztabaida bermatu behar duela erran duzu. Udala ez da eztabaida horretan alde batera lerratzen alkatea zezenketako presidente denean?

Ni urte luzez joan naiz zezenketetara. Baina orain iruditzen zait aurrera egin behar dugula. Beti lerrokatzen zara modu batera edo bestera. Nik esaten dut zezenzalea naizela urtean zazpi egunez.

Udalak jarrera bat hartzeak ez du eztabaida baldintzatzen?

Ez dut uste. Eztabaida gizarteari dagokio. Baina ulertu behar dugu Iruñean gaudela, eta Iruñea ez dela Donostia.

EH Bilduren diskurtsoa erabat ezberdina da bi hiriotan?

Arlo horretan oso ezberdinak gara bi hiriak. Hemen, orain, sinadura baten bidez entzierroak eta zezenketak debekatzea ez da errealista. Onartzen dut zezenak sufritzen duela. Baina horren gainetik festa nagusitzen da. Gaia ez dago agendan.

Aurten ikasitakoak kontuan hartuta, datorren urterako zer asmo du udalak?

Nabarmendu nahiko nuke auzoetan egin behar dugun lana. Iruñea hainbat auzoren batuketa da. Hamahiru auzoetako foroetan hainbat behar antzeman ditugu, eta horietako zenbaiti erantzuna ematen hasi gara jada. Auzo ahulenentzat, halaber, plan bereziak prestatzen ari gara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.