Lan harremanak

Sektore arteko akordioa egin dute Confebaskek eta sindikatuek

ELAk eta LABek, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektoreko hitzarmenak aplika daitezen akordioa egin dute Confebaskekin. CCOOk eta UGTk ere bat egin dute itunarekin. Agiriak ez du jsotzen negoziazio kolektiboa desblokeatzeko konpromisorik.

Sindikatuek eta patronalak sinatutako agiria. BERRIA.EUS
xabier martin
2017ko urtarrilaren 17a
07:18
Entzun

Euskal lan harremanetan mugarria jarri du gaur lortutako akordioak. Sindikatu abertzaleek eta Confebask patronalak sektore arteko akordio bat egin dute euskal hitzarmenak estatalizazioaz babesteko. CCOO eta UGT ere Lan Harremanen Kontseiluan bukatu berri den batzarrean egon dira, Bilbon, eta haiek ere sinatu dute akordio historikoa.

Historikoa, urte mordoa joan delako ELAk eta LABek sakoneko akordiorik egin gabe euskal patronalarekin; edo patronal hori euskal gehiengo sindikalarekin akordio handi bat egiteko gaitasuna erakutsi gabe. Batera edo bestera, gaur, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektoretan indarrean dauden edo egongo diren euskal hitzarmenak aplikatzeko akordioa egin dute eragileek.

Itun hori estatalizaziotik babesteko blindatze bat da. Espainiako CEOEk, UGTk eta CCOOk gauzatzen ari dira estatalizazio prozesu hori; PPk aurreko legegintzaldiko bere gehiengoaren alperra pasata onartutako lan erreformak horretarako bidea ematen dielako. Baina blindatzean geratzen da, patronalak nahi zuen moduan. ELAk eta LABek konpromisoren bat nahi zuten euskal negoziazio kolektiboa desblokeatzeko, mahaiak deitzeko eta negoziatzen hasteko. Baina ez: patronalak plato egin du bere azken proposamenean, eta sindikatuek oniritzia eman diote.

Aurrerantzean, Espainian egin diren itunen menpe dauden milaka euskal langile, Jaurlaritzaren menpeko lurraldeetan egiten direnen menpe geratuko dira, baldin eta sektore horietan indarrean —edo luzatuta— dauden hitzarmenak badaude, edo egiten badira. Ikusteko dago akordio horrek lan legediaren babesa ere ote duen, erreformak finkatutakoa lagun, haren aurka egin dezaketelako Espainiako eragile sozialek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.