DONALD TRUMPEN IZENDAPENA

Munduko leku ugaritara zabaldu dira Trumpen aurkako emakumeen martxak

Washingtonen egin dute AEBetako presidentearen aurkako protesta handiena; bertan, 500.000 lagun inguru elkartu dira.

2017ko urtarrilaren 22a
09:07
Entzun

Goizetik hasi dira milaka lagun Washingtonen batzen, Emakumeen Martxa esan diotenera joateko. Hasieran, 250.000 bat pertsona espero zituzten Ameriketako Estatu Batuetako hiriburuan, baina iragarpen hori bi bider hazi da. Larunbateko lehen orduaz geroztik, beteta zeuden Washingtongo metro geltokiak, eta zirkulazio arazoak izan dira errepidean ere hiriburuaren kanpoaldean. Sarean, WomensMarch traolaren bidez jarraitu ahal izan dira manifestazioak.

Ostiralean egin zuen Donald Trumpek AEBetako presidente karguaren zina. Orduz geroztik, mobilizazio ugari egin dituzte herrialdeko hainbat hiritan, baina astebururako deitutakoen artean, Emakumeen Martxa da jende gehien bildu duena: 500.000 lagun inguru.

Hala ere, Washingtongoa ez da izan Emakumeen Martxa bakarra. AEBetan nahiz munduko beste zenbait lekutan, 616 egin dituzte; besteak beste, Buenos Airesen, Atenasen, Genevan, Erroman eta Madrilen.

Mugimendu baten abiapuntua

Bob Bland da, beste askorekin batera, protestaren antolatzaileetako bat. New Yorkekoa da, eta, hura bezala, emakume asko hasi ziren lanean Hillary Rodham Clintonek hauteskundeak galdu ondoren. Protestek izen asko hartu dituzte harrezkero, besteak beste, Millions Women's March eta Nasty Women's March —nasty, nazkagarri deitu zion Trumpek Clintoni telebistan egin zuten azken eztabaidan—. Emakumeok erabaki zuten protesta guztiok mugimendu bakar batean sartzea, itxura nazionala ematea. Hiri bakoitzeko erakundeetako feministak aritu dira Washingtonera begira lanean, baina baita hara joan ezin dutenen protestak antolatzen ere.

Women's March taldearen barruan bildu direnek hauxe nabarmendu dute beren idatzian: «Martxa lehen urratsa izango da komunitateak elkartzeko: eremu bat zabalduko dugu, harreman berriak egiteko eta elkarrekin ekiteko, aldaketa eragiteko maila eta alor guztietan. Ez gara geldituko berdintasuna lortu arte. Era baketsuan lan egingo dugu, benetako bakea justiziarik eta berdintasunik gabe ezinezkoa dela onartu bitartean».

Emakumeek gidatutako mugimenduak, genero guztietako herritarrez gain, arraza, adin, kultura, politika ikuskera eta jatorri orotakoak bildu nahi ditu: «Emakumeen eskubideak giza eskubideak direlako», immigranteen, ekologisten, beltzen, gazteen eta gay, lesbiana eta transexualen elkarteak ere batu dira egitasmora. Ehun talde baino gehiago daude atzean, eta ekintzaile feminista ezagun batzuk daude buruan: Angela Davis, Gloria Steinem, Jennifer Tucker, Winnie Wong eta beste asko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.