FRANTZIAKO PRESIDENTETZARAKO BOZAK

Benoit Hamon eta Manuel Valls igaro dira PSren primarioen bigarren itzulira

Hamonek botoen %36 jaso ditu, eta Vallsek, berriz, %31. Montebourgek, hirugarren hautatuak, Hamonen aldeko botoa eskatu du bigarren itzulirako. Urtarrilaren 29an egingo dute.

Benoit Hamon. JEREMY LEMPIN
2017ko urtarrilaren 23a
13:39
Entzun

Benoit Hamon edo Manuel Valls; bietako bat izango da Alderdi Sozialistaren hautagaia Frantziako presidentetzarako bozetan. Lehen itzulian, Hamonek jaso du babes zabalena, eta Valls bost puntura geratu da. Hirugarren izanik, lehiatik kanpo geratu da Arnaud Montebourg, botoen %17,69 jasota. Bigarren itzulian Hamonen aldeko botoa eskatu du Montebourgek.

Hamonek eta Montebourgek alderdiaren sektore ezkertiarrena ordezkatzen dute; Vallsek, eskuindarrena, orain arte Hollanderen politikei jarraitzeko prest dagoena. PSn «adiskidetu ezin» diren bi ezkerrrak dira, Vallsek 2016an azaldu zuenez. 

2011ko primarioetan, ia hiru milioi herritarrek hautatu zuten Hollande alderdiaren presidentegai. Orain, 1,5 eta bi milioi artean izan dira parte hartu dutenak.

Zazpi ziren hautagaiak. Batetik, PSko Benoit Hamon, Arnaud Montebourg, Vincent Peillon eta Manuel Valls, laurak Hollanderen gobernuan ministro izandakoak; bestetik, Alderdi Ekologistako François de Rugy, Fronte Demokratikoko Jean Luc Bennahmias eta Ezker Muturreko Alderdiko Sylvia Pinel.

Galera betean helduko da PS bozetara. 2012an, sekulako boterea zuen: Frantziako Gobernuan zegoen, gehiengoa zuen Asanblea Nazionalean eta Senatuan, eta eskualde eta hiri garrantzitsu ia guztietan gobernatzen zuen. Urte hartako presidentetzarako hauteskundeetan, François Hollandek irabazi zuen, baina hortik aurrera porrotak besterik ez du lortu PSk: 2014ko Europako eta Senaturako bozetan, eta 2015eko departamendu eta eskualdekoetan. Bost urteren ostean, eskuinera biratu du Frantziak, Hollanderen agintaldiak, sozialdemokraziaren krisiak eta «terrorismoaren» eta kanpotarren aurkako sentimenduak bultzatuta. Bost urteren ostean, langabezia %10era igo da, Hollandek gastu publikoa murriztu du, BEZa igo du, atzerri politikan esku hartzeak areagotu ditu —Malin, esaterako— eta toki publikoak militarizatu ditu «terrorismoaren mehatxuagatik. 2012ko hauteskunde kanpainako neurri sozialdemokratetatik liberalismora biratu zuen Hollandek, batez ere 2014an Manuel Valls lehen ministroa hautatu zuenetik. Beraz, sekulako eragina izango du Frantziako presidentearen agintaldiak, eta are gehiago apirilaren 23an eta maiatzaren 7an izango diren presidentetzarako bozetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.