FUTBOLA

Reala-Osasuna derbia, txuri-urdinentzat (3-2)

Osasuna aurreratu da markagailuan, baina txuri-urdinak gehiago izan dira bigarren zatian.

Euriak eta haizeak zeharo baldintzatu dute jokoa Anoetan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
2017ko otsailaren 5a
10:32
Entzun

Haizeak eta euri zaparradak nahasmena eraman dute Anoetara, Realaren eta Osasunaren arteko derbira. Nahasmena jokora, eta baita emaitzara ere. Zelaia putzututa eta haizeak baloia nahieran mugitzen, ez Reala eta ez Osasuna ez dira gai izan anabasa horretan jokoari ordena emateko.

Hori horrela, joan-etorrikoa izan da lehen zatia, eta Osasuna hobeto aritu da hor. Hala, 25. minutuan Kenan Kodrok ezkerretik egin du jokaldia, eta haren jaurtiketa, Rullik ukitu badu ere, sarera joan da. Reala ez da gai izan lehen zatian bere jokoa egiteko, eta apenas sortu dion arazorik Osasunari. Atsedenaldian, nafarrak aurretik.

Eguraldiarekin batera hobetu da Realaren itxura bigarren zatian, eta 62. minutuan heldu da txuri-urdinen berdinketaren gola. Navasek egin du, buruz. Gehiago nahi zuen Realak, eta, 72. minutuan, Oiartzabalek eta Velak eginiko jokaldi ederra mexikarrak borobildu du, Sirigu gaindituz. Bost minutu geroago, zelairatu berria zen Juanmik hirugarrena egin du etxekoentzat.

Erabakita zirudien partidak, baina Sergio Leonek emozioari eutsi dio. 79. minutuan, bakarka jokaldi zoragarria egin du, eta haren jaurtiketa ezin izan du gelditu Rullik. Hirunakoa ere egitear izan dira iruindarrak, baina Jaime Romeroren jaurtiketa ozta-ozta desbideratu du Rullik langara. Argia ere joan da Anoetan azken minutuetan, baina markagailua itzali bezala gelditu da: 3-2.

Hortaz, Realak garaipen garrantzitsua lortu du Europako postuetarako lehian. Donostiarrek 38 puntu dituzte, eta bakarrera dute Txapeldunen Liga. Bosgarrenak dira sailkapenean. Osasunak, berriz, burumakur jarraitzen du, eta, hamar punturekin, zortzira du Lehen Mailan jarraitzeko beharrezkoa duen 17. postua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.