Energia nuklearra

Zentral nuklearren aurkako manifestaziora deitu dute martxoaren 18rako Gasteizen

Araba Garoñarik Gabe plataformak Eusko Jaurlaritza kritikatu du, Garoñako zentral nuklearraren itxiera Espainiako Gobernuari egindako eskakizunen artean ez sartzeagatik.

Garoñako zentral nuklearraren kontrako protesta bat.
mikel rodriguez
2017ko otsailaren 9a
15:28
Entzun

Araba Garoñarik Gabe plataforman bildutako eragileek manifestazio bat eginen dute martxoaren 18an Gasteizen, eraikin nuklearrak itxi ditzatela eskatzeko. Deialdia egin dute CSN Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak Garoña berriz irekitzeko bidea baimendu ondoren. Gainera, plataforma kritiko agertu da Eusko Jaurlaritzarekin, Espainiako Gobernuari egin dizkion eskakizunen artean ez duelako bildu Garoña ixtea. 

Alberto Frias plataformako bozeramaileak adierazi du "izugarria" dela Jaurlaritzak autogobernua, altzairugintzarako argindarraren prezioa eta AHT abiadura handiko trena sartzea Madrili egindako eskakizunen zerrendan, eta ez, ordea, Garoñako zentral nuklearra ixtea. Friasek Espainiako Kongresuko alderdiei eskatu die Garoña berriz irekitzearen aurka neurriak hartzeko, PP gutxiengoan dagoelako. Araba Garoñarik Gabe plataformako bozeramailearen ustez, alderdi horiek estatuko aurrekontu orokorrak baztertu ditzakete edo PPren Kongresuko jarduna blokeatu, presio gisa. "Gehiengo sozial eta politikoa indarrean jarri behar da". Friasek uste du Espainiako Fiskaltzak ere neurriren bat hartu beharko lukeela.   

Adierazpen instituzionalik ez, legebiltzarrean

EH Bilduk proposamen bat aurkeztu du gaur Eusko Legebiltzarrean, Garoña berriz irekitzearen aurka adierazpen instituzional bat egiteko. PP ez bertze alderdi guztiek babestu dute deklarazioa, baina aho batekoa izan ez denez, ez da adierazpen instituzional bat izanen. EH Bilduk proposatu du Espainiako Gobernuari eskatzeko ez dezala baimenik eman zentral nuklearra berriz irekitzeko, eta instalazioa "behingoz eta behin betiko" itxi dezala exijitzeko. 

PPk ez du testua onartu, dioenez, legebiltzarrak "hamar aldiz" egin duelako eskari hori, eta "entzun behar dutenek entzun dutelako jada". 

CSNk atzo erabakia jakinarazi ondoren, Euskal Herrian aho batekoa izan zen horren aurkako jarrera. "Bat egin behar da zentrala behin betiko ixteko eskariekin", adierazi zuen Eusko Jaurlaritzak. Alderdi politikoek eta sindikatu nagusiek ere bat egin zuten eskari horrekin. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.