GIZARTEA

Gurasotasun baimena emango die Jaurlaritzak haurdunaldi subrogatuaren bidezko gurasoei

Neurriak Jaurlaritzako Administrazio Orokorreko langileei baino ez die eragingo. Erkoreka: "Lan egingo dugu neurria Sektore Publiko osora zabaltzeko".

Bikote bat, haurrarekin paseatzen, Donostian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
2017ko otsailaren 14a
13:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gobernu kontseilu osteko prentsaurrekoan eman ditu neurriari buruzko azalpenak. Adierazi duenez, haurdunaldi subrogatuaren bidez guraso diren gizon-emakumeei laguntza ematea eta "familia eredu berriak normaltzea" da helburua.

Gainerako haurdunaldi eta adopzio kasuetan ematen duen baimen bera emango die, beraz: hemezortzi asteko baimena haurra jaiotzean, eta lan jarduna ordubetez murrizteko aukera lehen urtean. Berdintasunean aurrerapausoak eman nahi ditu Jaurlaritzak, Erkorekaren hitzetan: hark emandako datuen arabera, gurasotasun baimenen %96 amek eskatzen dituzte, nahiz eta aitak zein amak har ditzaketen baimenok.

Erkorekak azaldu du Jaurlaritzak ez duela sartu nahi haurdunaldi subrogatuaren eztabaidaren funtsean: "Jada existitzen den errealitate batera egokitu nahi ditugu ordaindutako baimenak". Hala ere, esan du, haurdunaldi subrogatua arautzekotan, "ahalik eta adostasun zabalenarekin" egin beharko dutela. Horretarako, beharrezkotzat jo du eztabaida "zabal eta serioa" egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.