Komunikazioa

Eusko Jaurlaritzak ez du asmorik Maite Iturbe kargutik kentzeko

LABek neurriak hartzeko exijitu du, "zentsura gehiagorik ez onartzeko".

urtzi urkizu
2017ko martxoaren 7a
11:37
Entzun

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak ziurtatu du ez dutela asmorik Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusi kargutik kentzeko. Ez zaio iruditzen saioko edukia "gorroto edukitzat" jo daitekeenik. Erkorekak gogoratu du Jaurlaritzak ETB barneko prozedurak berriro aztertzea exijitu duela eta Iñigo Urkullu lehendakariak bere egin duela "ofentsa sentimendua". Oroitarazi du EITBk barkamenak eskatu dituela, "irainengatik". EITB kontrol neurriak hartzearekin konpromisoa hartu izana "nahikoa" dela uste du Jaurlaritzak. "Eusko Legebiltzarrean, bestalde, aukera egongo da EITBren ereduaren inguruan eztabaidatzeko, eta barne kontroleko mekanismoen inguruan aritzeko".

Bideoa: Euskalduna naiz eta zu? saio berean Espainiari buruz esan ziren gauza onak (@jonathanmartinz).

Ostegunean, Elkarrekin Podemosek EITBko legea aldatzeko proposamena eztabaidatuko dute Eusko Legebiltzarrean.

Ciudadanos alderdiak, bestalde, Espainiako Kongresuan legez besteko proposamen bat aurkeztu du Espainiako Gobernuari eskatzeko fiskaltzara eraman dezala ETBko saioaren edukia. Euskalduna naiz, eta zu? saioa kondenatu du Ciudadanosek, "gorrotoa sustatzen duelako, elkarbizitzaren aurka doalako eta aurreiritzi xenofobo eta arrazistak sustatzen dituelako".

LABek elkartasuna adierazi die saiokoei

ETB1eko Euskalduna naiz, eta zu? saioaren aferaren gainean iritzia plazaratu du EITBko LABek: "Ohikoegia bihurtzen ari da hainbat alderdi eta komunikabidek hartu duten kontrol ideologikoaren estrategia. Hau da, EITBk albiste edo programa baten ikuspegia gogoko ez dutenean jazarpen makineria martxan jarri, eta profesionalei erasotzeari ekiten diote hainbat helbururekin: langilea deuseztatu, edo gutxienez autozentsurara bideratzea, eta arduradunak zentsurara jotzea". ETB1eko saioaren kasuan, "testuingurutik ateratako programa baten irudien erabilera maltzurra" egon dela uste du sindikatuak.

Hainbat alderdi eta komunikazio talde EITBren inguruko eztabaidan eragiteko "modu onartezina" erakusten ari direla salatu du LABek. Sindikatuak EITBko zuzendaritzari exijitu dio presio horien aurrean ez erortzeko eta alde batera uzteko "zentsurarako" edozein keinu. "Ez dugu ulertzen zer esan nahi duen berriro ez gertatzeko neurriak hartuko dituela esaten duenean. Zuzendaritzak hartu behar duen neurria langileoi askatasunez lan egin ahal izatea bermatzea da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.