'Errepresioari autodefentsa'

Espetxera bidali dituzte Iruñeko istiluekin lotuta atxilotuetako hiru

Terrorismo delituak egotzita espetxeratzeko agindu du epaileak. Laugarrena adingabea da, eta aske utzi dute. Atxilotuei elkartasuna adierazi diete Errepresioari Autodefentsa dinamikak eta Ernaik.

Hainbat kalte material eragin zituzten Iruñeko alde zaharrean. JESUS DIGES / EFE
2017ko martxoaren 13a
07:37
Entzun

Larunbat arratsalderako manifestaziora deitu zuen Errepresioari Autodefentsa dinamikak, Iruñean. Dozenaka lagun elkartu ziren, eta liskarrak izan ziren alde zaharrean. Espainiako Poliziak lau lagun atxilotu zituen.

Lau atxilotuetako hiru igaro dira epailearen aurretik, desordena publikoak sortzea, aginteari eraso egitea eta kalteak eragitea egotzita. Laugarren atxilotua adingabea da, eta aske utzi zuten atzeman eta ordu batzuetara. Epaileak ebatzi du hirurak espetxeratzea eta, terrorismo delituak egotzita, auzia Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku uztea.

Igandean, istiluak "irmoki gaitzetsi" zituen Nafarroako Gobernuak, eta "zero tolerantzia" adierazi zien "Nafarroa bere herri eta hiriak indarkeriazko konfrontazioaren jokaleku gisa erabili nahi dutenei". Halaber, asmoa adierazi zuen "bake, errespetu eta elkarbizitza kultura baten alde lan egiteko".

Iruñeko Udalak, berriz, bozeramaileen ezohiko batzordera deitu zuen iganderako, eta aho batez adostu zuten gertatutakoa "arbuiatu edota gaitzestea".

Mobilizaziorako deia

Errepresioari Autodefentsa dinamikak zoriondu egin ditu Iruñeko protestan izandakoak: "Hasi gara jada autodefentsa mekanismoak garatzen, eta lortu dugu jada lehen erantzun masiboa materializatzea". Azaldu duenez, kalea "bi interes antagonikoren espresioa besterik" ez zen izan: "Kalea hartu genuen, azken hilabete eta urteetan eraso egin dieten kide guztien izenean eta egunerokotasunean gure sumisioa baldintzatzen duen horretan gure nazka eta gorrotorik handiena bideratuz". Mobilizaziora deitu dute ostiralerako herri, unibertsitate eta institutu guztietan.

Ernai antolakundeak azpimarratu du ez datorrela bat Errepresioari Autodefentsa dinamikarekin, baina "tamaina honetako basakeria errepresiboak salatzea" ezinbestekotzat jo du. Elkartasun osoa adierazi die espetxeratutako hiru gazteei, eta aske uzteko eskatu du. Gaineratu du Ernaik Iruñeko gertakariek "ederki" erakusten dutela "statu quo-a mantentzeko bitartekoa" dela errepresioa, "zuzenean edo zeharka berau zalantzan jartzen duten dinamikak oztopatzea eragiten duena".

Ernairen arabera, ETAk borroka armatua amaitutzat eman duen egungo agertokian mozal legea edo zigor kodea bezala jazarpen mota berriak agertu dira, baina horrekin batera lehengo "formulek" irauten dutela dio: "Errepresio eredu berri hauen zorrozteak, ordea, ez ditu albo batera utzi formula zaharrak. Euskal Herrian salbuespen egoera mantentzen da". Altsasuko gazteen kasua ere adibidetzat izan du ohar batean. Azkenik bat egin du Errenteriako gazte mugimenduak deitutako bilkurarekin.

 

Dei egiten dugu gaur Oreretako gazte mugimenduak deitutako kontzentrazioan parte hartzera eta atxilotuen berehalako askatasuna exijitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.