ETA-ren erabateko desarmatzea

Apirilaren 8rako, ETA "erabat" desarmatuko da

Txetx Etxeberri gizarte ekintzaileak eman du berria Le Monde-n. Frantziako egunkariaren arabera, gizarte zibilaren "ehunka lagunek" parte hartuko dute, eta Parisko agintarien konpromisoa falta da armak nazioarteko begiraleen bitartekarien zaintzapean jasotzeko.

Aurreko desarmatze bat. BERRIA
2017ko martxoaren 17a
16:25
Entzun

Datorren apirilaren 8rako, ETA armagabetu egingo da, Le Monde egunkariak gaur eguerdian jakinarazi duenez. Egunkari horren arabera, iazko abenduan Luhuson (Lapurdi) atzemandako armak armategi osoaren %15 baino ez dira, eta hiru aste barru gainontzeko guztien berri emango du; ez du zehaztu, ordea, nola. Espainiako zenbait hedabidek diote ETAk bere zuloak non dauden jakinaraziko duela gaur agiri baten bidez, baina Le Monde-k dio gizarte zibilaren "ehunka lagunek" hartuko dutela parte desarmatzean.

“ETAk eman digu bere arma biltegia armagabetzeko erantzukizuna, eta apiriliaren 8an ETA guztiz armagabetuta egongo da”, baieztatu dio Jean Noel Txetx Etxeberrik Le Monde egunkariari. Haren arabera, Frantziako agintarien konpromisoa falta da arma horiek nazioarteko bitartekarien zaintzapean jasotzeko. Baldintza hori gaur egun ez dela betetzen gaineratu du Le Monde-k. Gaur arratsaldeko edizioko egunkarian eman du horren berri Le Monde-k, ETAren armagabetzea, buruhaustea Estatuarentzat izenburupean.

Publikoki jakin denez behintzat. abenduaren 16an egin zuen ETAk armagabetzeko azken saialdia, baina polizia operazio batek zapuztu zuen, eta bitartekari lanak egin zituzten bost ekintzaileak atxilotu zituzten, tartean Etxeberri. Apirilean egiteko, Le Monde-k argitaratu duenez, oraindik ez dute Frantziako Gobernuaren onespena; nazioarteko begiraleen ikuskaritzapean Parisek armak jasotzea nahiko lukete. Edonola ere, ekintzaileak ez du Frantziako Gobernuaren esku utzi nahi erantzukizun guztia. Askok jada 2017a urte erabakigarria izango zela iragartzen zuten, eta Ipar Euskal Herriko 600 hautetsik inplikatzeko eskatu diete berriki Frantziako eta Espainiako gobernuei.

[YouTube]https://youtu.be/LhafHlVEDkM[/YouTube]

"Gobernuak ez badu ezer jakin nahi, gizarte zibilak hartu beharko ditu ardurak". Horretarako nahikoa babesa badagoela uste du Etxeberrik. Izan ere, Euskal Herriko erakundeek, sindikatu eta alderdi politikoek Frantziako Gobernuari eskatua diote armagabetze prozesuan inplikatzeko. "Herritarrek erakutsi dute mobilizatzeko gaitasuna, eta baliabide ugari ditugu. Nazioartean ere laguntza baliagarria dugu".

Luhusoko atxiloketeren ostean, milaka herritarrek eman zioten sostengua bake prozesuari Baionako kaleetan, eta Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako alderdi politiko guztietako hautetsiek gobernuari eskatu diote prozesuan inplikatzeko. Parisetik ez dute erantzunik jaso orain arte. Luhusoko atxiloketen ondoren, gobernuak segurtasun indarrak zoriondu zituen.

Bozak baino lehen

Txetx Etxeberrik gaur Gara-ri emandako elkarrizketa batean esan du "ahal bada" Frantziako presidentetzarako hauteskundeen aurretik desarmatu nahi duela ETAk. Etxeberriren arabera, litekeena da Frantziako hauteskundeen ondoren egoera zailagoa izatea. Etxeberri da beste lau lagunekin batera abenduan Luhuson atxilotu zituzten bost lagunetako bat, eta bozen ostean egoera alda litekeelakoan iragarri du lanean jarraituko dutela desarmatzea gauzatu ahal izateko.

Gaur hasita, Miarritzen (Lapurdi), jardunaldiak egingo dituzte ETAren armagabetzeaz. Hizlari izango dira Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria eta Mixel Berhokoirigoin, Etxeberrirekin batera Luhuson atxilotutakoa. Berhokoirigoinek aske geratu ostean esan zuen ETAren armategiaren "ardura politikoa" gizarteak duela orain.

Bost urte eta erdi

ETAk 2011ko urriaren 20an iragarri zuen betiko bukatu zuela jarduera armatua. Espainiako Gobernua eta erakunde armatua gatazkaren ondorioez aritzeko Osloko elkarrizketa mahaiak huts egin ondoren –Madril ez zen azaldu–, nazioarteko egiaztatzaileekin egindako bideo baten bidez ETAk 2014ko otsailean jakinarazi zuen armagabetzen hasi zela. Espainiak ez dio bidea erraztu horretarako, eta, Frantziak eta biek etakideak atxilotu izan dituzte geroztik ere, eta arma biltegiak atzeman.

Desarmatzean, gizarte zibilak protagonismo handia hartu du iaztik. Batetik, Foro Sozialak ETAri eskatu dio “lehenbailehen” armagabetzeko, baina lan horretarako euskal instituzioen eta gizartearen eta nazioarteko eragileen arteko elkarlana eskatu du.

Joan den urteko abenduan Luhuson (Lapurdi) izandako operazioa izan da prozesu honetako beste mugarri bat: Poliziak ETAren arma batzuk atzeman zituen baserri batean, eta Ipar Euskal Herriko gizarte zibileko bost lagun ezagun atxilotu zituen, hauek armak suntsitzear zirela. Herritar haiek eta ETAk gurutzatutako gutunetan ikusi zen erakunde armatuak gizarte zibilari utzi diola armagabetzearen “ardura politikoa eta teknikoa”. Atxilotuek askotariko babes handia jaso zuten Iparraldean.

Ezker abertzaleak, berriz, iaz ebatzi zuen estrategia independentistaren barruan kokatzea gatazkaren ondorioen agenda.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.