HAUTESKUNDEAK BULGARIAN

Kontserbadoreek irabazi dituzte bozak Bulgarian

GERB Bulgaria Europan Garatzearen Aldeko Herritarren Alderdiak botoen %33,08 irabazi ditu, lehen emaitzen arabera.

Boiko Borisov GERBeko burua. GEORGI LICOVSKI / EFE
2017ko martxoaren 26a
16:24
Entzun

Legebiltzarrerako hauteskundeak egin dituzte Bulgarian, eta Boiko Borisov lehen ministro ohiaren GERB alderdi kontserbadorea izan da boto gehien jaso dituena, lehen emaitzen arabera. 86-88 ordezkari lituzke.

Alderdi Sozialista (PBS) izan da bigarren (%28, 75-77 parlamentari), eta hirugarren alderdia izateko borrokan leudeke DPS Eskubideen eta Askatasunen Mugimendua eta Obedineni Patrioti -Abertzale Batuak- koalizio ultraeskuindarra. Biak botoen %9 inguruan leudeke.

Hogei bat alderdi aurkeztu dira bozetara, eta parte hartzea ez da %50era iritsi. 240 legebiltzarkidek osatzen dute Bulgariako Parlamentua, eta Borisovek 2016ko azaroan emandako dimisioak behartu ditu hauteskundeak. Orduan, presidentetzarako hauteskundeak irabazi zituen Rumen Radev hautagai independenteak, eta Borisovek iragarri zuen gobernuak dimisioa emango zuela alderdiko hautagai Tsetska Tsatxevak bozak galduz gero. Hala egin zuen azaroaren 14an.

Orain, ordea, gobernua osatzeko negoziazioak abiatu beharko ditu Borisovek. Kanpainan zehar, GERBek eta PBSk ukatu egin dute koalizio gobernu bat osatzeko aukera; horrela, gutxienez beste bi talderen babesa beharko luke Borisovek legebiltzarrean gehiengoa lortzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.